Jon Ormazabal

Gerriko gorriaren maldizioaren aurka egin nahi du Unai Laso txapeldunak

Azken hamar urteetan inork ez du Buruz Buruko txapelik errepikatu bi urte jarraietan eta azken bostetan, Altunak iaz bakarrik lortu zuen final-laurdenak gainditzea txapela jantzi eta hurrengo denboraldian. Aitor Elordi izango da finalerdietara sartzeko bere azken oztopoa ostiral honetan Bilbon.

Unai Laso, astearteko material aukeraketako irudi batean.
Unai Laso, astearteko material aukeraketako irudi batean. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Txirrindularitzan azken urteetan dezente zabaldu da ortzadar maillotaren maldizioaren kontura. Sineskeria honen arabera, denboraldia Munduko Txapelketa irabazten amaitzen duenak, hurrengoan oso emaitzak txarrak lortzen ditu, baina hala ere, urtero, irail amaiera urri hasieran, ez da proba hori irabazteko hautagaietan txapelketa entzutetsu honi muzin egiten dionik. Pilotan, Buruz Burukoarekin antzeko zerbait gertatzen dela esan genezake, XX. mendean urte askotarako txapeldunak izatea ohikoa bazen, azken urteetan ez baitago bi txapel jarraian janzten dituen pilotaririk. 2012 eta 2013ko txapelak jantzita, Aimar Olaizola izan zen halakorik lortzen azkena eta ordutik beste 7 txapeldun berri ere izan ditu urteko lehiaketarik garrantzitsuenak.

Aurten Unai Laso egokitu zaio maldizio horren aurka egitea eta Bizkarreta-Gerendiaingoa ataka bizian dago, ostiral honetan hil ala biziko neurketa bat jokatu beharko du Aitor Elordi, egungo Binakakoaren txapeldunaren aurka. Final laurdenetako ligaxkan biek irabazi diote Elezkanori eta biek galdu egin dute Jokin Altunaren aurka –bizkaitarrak lan handiagoak eman zizkion amezketarrari– eta beraz, elkarren arteko demak erabakiko du nork jokatu beharko duen Darioren aurkako finalerdia eta, bide batez, hurrengo urterako zerrendaburu izaera bermatu.

Presioa, gorri

Astearteko material aukeraketan halakorik ukatu bazuen ere, printzipioz, presioa Unai Lasorena da. Hasteko bera da egungo txapelduna, txapelketa oso txarraren ondoren, nafarra da bere enpresari, Baikori, geratzen zaion aukera bakarra eta Aitor Elordiren kasuan helburuak ondo baino hobeto bete dituela esan genezake, batez ere azken unean eta Zabaleta eta Rezustak izandako arazo fisikoak izan ez balira, Manomanista jokatzea ez zelako bere planetan sartzen.

Printzipioz, final laurdenetako langa ez gainditzea kolpea litzateke Unai Lasorentzat, baina azken urteetako txapelketei begiradatxo bat botako bagenie, ez litzateke horren harrigarria suertatuko. Izan ere, iaz Jokin Altunak txapelaren defentsa finalerdietan utzi bazuen, Unai Laso beraren aurka, final laurdenetako galbahea oso estua izan da txapeldunentzat. 2021ean Jakak, gaixorik, ez zuen parte hartzerik izan eta aurretik Irribarria eta Jokin Altuna bera final laurdenetan erori ziren, txapeldunaren madarikazioaren teoria hauspotuz.

Aurten Unai Lasok ere ez ditu sentsaziorik onenak islatu lehen partidetan, batez ere Jokin Altunaren aurka, baina atsedenaldia primeran etorri zaio Binakakotik kili-kolo izan duen ezker eskua osatzeko eta dena ematera irtengo da. Bide batez, Binakako finaleko arantza ere kentzeko modua izango du, Zabaletarekin batera txapela kendu zion pilotariaren aurka. Mallabikoa olatu aparretan dabil aspalditik eta bere bolada izugarriari jarraipena ematen saiatuko da.

Ez ohiko ordutegia izango da ostiral gauekoa halako partidetarako eta partida primerakoa izanagatik, ez dirudi Bilboko frontoian giro handirik izango denik eta momentuz 500 sarrera inguru baino ez dira saldu.