Ane  Urkiri
Kirol burua / Jefa de Deportes

Zegama-Aizkorri: Esfortzua baloratzen duten zaleak dira hauspo «mendi kuttunenetan»

Zegama-Aizkorri zerbaitek berezi egiten badu, «sortzen den giroa» da hori. «Korrikalariei ere nolabaiteko antsietatea sortzen zaie. Nola liteke 13.830 pertsonek izen ematea?», itaun egiten du Ainhoa Txurruka probako zuzendariak. Inoizko edizio irekiena aurreikusten du: «Lehia ederragoa izango da».

Asier Larruzea, 2022ko Zegama-Aizkorrin.
Asier Larruzea, 2022ko Zegama-Aizkorrin. (Gorka RUBIO | FOKU)

Orain arte lasai asko nengoen, eta atzo –asteartean– zure mezua jaso nuenean apur bat bueltaka hasi naiz Zegamarekin». Mayi Mujika legazpiarrak hirugarren aldiz egingo du Zegama-Aizkorri lasterketa. Duela lau urte, 2019an, lehiatu zen azkenekoz, eta orduan lortutako denboragatik dortsala gordeta zeukan. Iaz, “Desafio Ultra del Cainejo” proba lehenetsi zuen, baita irabazi ere. Aurreko sasoiko momentu onenen artean dauka gordeta, Tolosako Hiru Tontor lasterketako eta Karakateko garaipenekin batera.

«Aurten gogoekin nago eta ea hurrengo urterako dortsala lortu dezakedan»

«Iaz ez nuen korrika egin Zegama-Aizkorrin. Lagun batzuei laguntzen egon nintzen eta flipatu egin nuen, inbidia puntu bat sartu zitzaidan. Aurten gogotsu nago eta ea hurrengo urterako dortsala lor dezakedan; zaila iruditzen zait, ikusirik azkenaldian izaten ari diren emaitzak eta denborak», dio gipuzkoarrak.

Mayi Mujika, Tolosaldeko Hiru Tontorrak proban garaile, iaz. (Gorka RUBIO/FOKU)

Helburu gisa dortsala eskuratzea badauka ere, badago xede garrantzitsuagorik legazpiarraren barrenean, eta hori disfrutatzea da. Lehiatu den bi edizioetan, oro har, ez du batere disfrutatu eta arantza hori gordeta dauka: «Pentsatzen dut izango dela, nahiz eta ni kontziente izan ez, presio hori badagoelako. Jasotzen dituzun animo guztiengatik eta sortzen zaizkizun nerbioengatik edo».

Toki teknikoagoetan iaioagoa da, bai eta lokatza dagoenean ere, «batez ere jaisteko garaian». Zortez, aurtengo edizioan baldintza egokiak izango ditu legazpiarrak. Hotzarekin, ordea, sufritu egiten du, eta «ikusleentzat ere pena izugarria da eguraldi kaskarra egiten badu».

Iazkoa, errepikaezina

«Asko eskertzen dizut eguraldiagatik galdetu ez izana», dio, barre artean, Ainhoa Txurrukak, lasterketako zuzendariak. Jakitun da «dena iaz baino txarragoa izango dela, eta hori aipatzen nien iaz gainerako bolondresei ere: ‘Prestatu zaitezte, ze hurrengo urtean dena aurten baino okerragoa izango da’».

«Aukerak asko zabaltzen dira eta emozio handikoa izango da»

Ez dira egongo iazko irabazle Kilian Jornet eta Nienke Brinkman, baina txarrenetik onena ere atera daitekeenez, «ederragoa izango da, askoz irekiagoa izango delako. Aukerak asko zabaltzen dira eta emozio handikoa izango da», dio tinko.

«Lasterketa askotan egon naiz eta inon ez dut sentitu Zegama-Aizkorrin sortzen den giroa. Euskal Herrian badakigu mendi zaletasun handia dagoela, eta nago badakigula baloratzen kirolarien ahalegina», azaldu du zuzendariak, lasterketaren xarma zein den nabarmendu nahian.

Zaleen animo oihuak, Remi Bonnet korrikalaria (iaz zazpigarren helmugan) mendian gora doala. (Gorka RUBIO/FOKU)

22. edizioa izango du aurten, eta azken urteetan mendi lasterketetan eman den hazkunde honekin batera hazi da Zegama-Aizkorri ere. «Egia da sortu zenean apenas zegoela horrelako txapelketarik eta jendeari begi onetik sartu zitzaion, beti etorri izan dira punta-puntako kirolariak...». Ohitura bilakatu dela, alegia.

Emakumeen presentzia «noski» areagotzen joan da, «baina oraindik urruti gaude». «Aurten saiatu gara korrikalarien %13 emakumeak izaten, baina azken unean baja asko egon dira», kontatu du Txurrukak. Proportzioa alde batera lagata, puntu positibo bat nabarmendu nahi izan du, eta hori da emakumeek maila aldetik egin duten bilakaera: «Kirol nahiko berria da, eta gizonetan aurrerapen handia izan bada, are handiagoa izan da emakumezkoetan: «Maratoi distantzia izanagatik ere, lasterketa motz bat da gurea, baina ultretan garbi ikusten da erresistentzi mailan, lasterketa askotan podiumean sartzen dira gizonezkoekin...».

Lehentasunak aldatuta

Igandea iristeko gogotsu harrapatu dugu Asier Larruzea bizkaitarra. Laugarren aldia izango du Zegama-Aizkorrin eta, maila aldetik bere onenean ez badago ere, behin dortsala ziurtatuta «ezin zaio ezetzik esan. Lasterketa honetan egon nahi dut, noski».

«Kirol hau horrelakoa da, batzuetan goian zaude eta beste batzuetan behean, burua bezala»

Aita izan da berriki, eta onartu du lehentasunak aldatu egin zaizkiola, «entrenatzera joan baino nahiago dudalako umearekin egon». Bizitzaz disfrutatzen ari da, baita mendiaz ere, baina beste modu batera: «Ibiltzen naiz gustatzen zaizkidalako mendia, korrika egitea eta lehiatzea. Lehentasunak aldatu dira eta beste modu batera hartu dut. Saiatzen naiz lehiakorra izaten eta nire eskuetan dagoen guztia egingo dut. Kirol hau horrelakoa da, batzuetan goian zaude eta beste batzuetan behean, burua bezala».

Honek ere disfrutatzea izango du oinarri: «Munduko lasterketarik onena da. Bertan izaten den giroa, zaleen artean sortzen dena, eta ibilbidean dauden toki bereziak: Aizkorri, Aratz... Euskal Herriko mendi kutunetako batzuk dira. Horrek egiten du berezia».