Manex Altuna

Aviron eta Ordizia, play-offetara begira

Camille Lopezek azken jokaldian gauzatutako zigor kolpe bati esker, baionarrek Clermont taldea garaitu zuten etxean jokatutako azken partidan (21-18). Gipuzkoarrek agur esan zioten liga erregulari Cisnerosen zelaian nagusitasun osoz irabazita (35-59).

Baptiste Heguy, Aviron taldeko hirugarren lerrokoa, aurrelarien bultzada gidatzen.
Baptiste Heguy, Aviron taldeko hirugarren lerrokoa, aurrelarien bultzada gidatzen. (Gaizka IROZ | AFP)

Aviron play-offetan sartzeko aukerekin iritsiko da Top 14ko azken jardunaldira. Seigarren postuan dagoen Lyon taldearen zelaian amaituko dute liga datorren maiatzaren 28an. Lyonek bi puntu gehiago ditu sailkapenean, baina partida bat gehiago jokatzeko geratzen zaion. Stade Francais taldearen aurka, hain zuzen ere. Igande iluntze honetan jokatuko den partida horren emaitza erabakigarria izango da.

Hala ere, baionarrek irribarre batekin agurtu zuten liga Jean Daguer zelaian. Bertan jokatutako hamabi partidak irabazi dituzte. Larunbatean ere Clermont mendean hartzea lortu zuten azken unean. Camille Lopez joko zabaltzaile zuberotarrak ostiko batekin lortutako puntek erabaki zuten norgehiagoka.

Denboraldi hasieran maila mantentzea zen helburua talde igo berria baitziren baionarrak. Gorabeherak izan arren, talde sendoa izan dira etxean eta Anoetan Pauren aurka jokatutako partida da fase erregularrean galdutako bakarra.

Ordiziak Gernika garaitu ostean ziurtatu zuen play-offetarako postua. (Idoia ZABALETA / FOKU)
Ordiziak Gernika garaitu ostean ziurtatu zuen play-offetarako postua. (Idoia ZABALETA / FOKU)

Titulua irabazteko play-offetan egoteko postua ziurtatua daukana Ordizia taldea da. Zortzigarren tokian amaitu dute liga erregularra eta lider bezala sailkatu den Quesos Entrepinaren taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak. Hurrengo asteburuan jokatuko dute final laurdenetako partida.

Goierriko taldea indartuta helduko da kanporaketara. Ligako azken partida nagusitasun osoz irabazi zuten Cisneros taldearen zelaian. Nahiz eta ez zeukaten ezer jokoan, 35-59 gailendu ziren eta bederatzi entsegu lortu zituzten. Valentin Cruzek zazpi transformazio lortu zituen.

Europako finalak Dublinen

Hurrengo asteburuan jokatuko dira Europako txapelketa nagusietako finalak Dublinen. Ostiral iluntzean, 21.00etatik aurrera, Challenge Cup lehiaketako finala jokatuko dute Glasgow Warriors talde eskoziarrak Toulon talde frantsesaren aurka. Larunbatean, maiatzak 20, Leinster talde irlandarrak La Rochelle taldearen kontra jokatuko du. Iazko finalaren errepikapena da eta Ronan O'Gara irlandar jokalari ohiak zuzentzen duen talde frantsesak lortu zuen garaipena.

Oraingoan Dublinen jokatuko du Leinsterrek. Irlandarrek ezusteko porrota jaso zuten atzo Munster taldearen aurka United Rugby Championship txapelketa finalerdietan. 15 eta 16 galdu zuten eta Munsterrek Hegoafrikako Stormers taldearen aurka jokatuko du finala datorren maiatzaren 27an.