NAIZ

«Gure konpromisoa»

Auzitegi Nazionalak zigortutako EH Bilduko hautagaien gainean sortutako polemikaren haritik, horietako zazpik idazki hau egin dute.

«Gure herrietako EH Bilduko zerrendetan gure izenak sartu izanak hautsak harrotu ditu. 44 hautagai aipatu dituzte, horien artean gehienak “dena da ETA” estrategiari jarraituz zigortutakoak. Estrategia horrek ekinbide erabat politikoak jazarri zituen eta horrek herritar askoren eskubide zibil zein politikoak urratu zituen. Mesede txikia egingo litzaieke gutxieneko printzipio demokratikoei ontzat ematen bada eskubide horiek zapaltzen jarraitu ahal izatea.

Gure kasu zehatzak nabarmenduagoak izan dira zigorra jaso genuen ekintzengatik. Ez dugu orain garai bateko gure militantzia ukatuko, ezta horrekin gure gain hartu genuen erantzukizuna ere.

Gure herrietan osatutako zerrendek sekulako oihartzuna izan dute, eta horrek erabakiak hartzera eraman gaitu. Zenbait arrazoirengatik, gure hautagaitzak ahal den neurrian bertan behera utziko ditugu eta zinegotzi kargua ez dugu inongo kasutan hartuko.  

Erabaki honekin, lehenik eta behin, ETAren biktimei eta, oro har, gatazkan sufritu duen pertsona orori zuzentzen gatzaizkie, konpromiso argi batekin: ez gure hitzek ez gure ekintzek ez dute inoiz jadanik izandako minari pairamen txikiena ere gehitzea bilatuko.

Duela hamarkada bat baino gehiago ezker abertzaleak egindako estrategia aldaketan hasiera-hasieratik hartu genuela parte nabarmendu nahi dugu, eta bide politiko zein demokratikoen alde egindako apustu argiarekin bat egin genuela.

Era berean, bat egiten dugu Urriaren 18ko Adierazpenarekin, aurreko enfrentamendu zikloari autokritika egiten dion neurrian. Ez da gure asmoa iragana ezkutatzea, eta memoria ariketa zintzoak, eraikitzaileak eta osoak behar direla uste dugu. Ez dugu iraganik gabeko etorkizunik nahi, baina ezin dugu ontzat eman herri hau etorkizunik gabeko iragan batean murgildu nahi duten sektore atzerakoien jokabidea.

Agerikoa da azken egunotan alderdikeria eta hauteskundeetako interesak gailendu direla, eta horrek ezer gutxi du ikustekorik elkarbizitzaren eta bakearen eraikuntzarekin. Sortutako polemikak EH Bildu kaltetzea izan du helburu, erreferentzia saihestezin eta indar eraldatzaile nagusi bilakatu delako.

Gure ustez, ezin da esan EH Bilduk gure aurreko ibilbidea berrestea duenik helburu. Gure iritziz, Euskal Herriarentzat itxaropenez beteriko etorkizuna islatzen duen proiektu politikoa da, eta horrek jende eta sektore askoren atxikimendua eragin du, baita bere garaian guri aurre egin ziguten askorena ere, gure jarduna gaitzetsi zuten askorena. Bistan denez, horiek denak ez daude EH Bildun ETA legitimatzeko.

Gure aburuz, EH Bildu garai berri batean sortutako lanabesa da, burujabetza, bakea eta askatasuna erdiesteko, herri hobeago bat eraikitzeko. Eta hori ere bada gure konpromisoa».

Jose Antonio Torre Altonaga
Asier Uribarri Benito
Lander Maruri Basagoiti
Begoña Uzkudun Etxenagusia
Jose Ramon Rojo Gonzalez
Juan Carlos Arriaga Martinez
Agustín Muiños Diaz