Iraitz Mateo

‘Azpimarrak’ eleberria aurkeztu du Nerea Baldak

Bi pertsonaia nagusi ditu Nerea Baldaren eleberri berriak, Selva eta Andreu, eta batek autobusean ahaztutako liburua izango da aspaldiko bi lagun hauek elkartuko dituena. Ramiro Pinilla eleberri laburren saria jaso zuen ‘Azpimarrak’ Ereinekin argitaratu du.

Nerea Balda, eskuan ‘Azpimarrak’ eleberria duela.
Nerea Balda, eskuan ‘Azpimarrak’ eleberria duela. (Gorka Rubio | FOKU)

Nerea Balda idazle irurtzundarrak gutxitan izaten du argi abiapuntua idazten hasterakoan, baina ‘Azpimarrak’ eleberriarekin, aldiz, argi izan du. «Gertuko batek bigarren eskuko liburu bat erosi zuen, izen abizenak idatzita zituen, eta ohartu zen bere aspaldiko ezagun bat zela aurreko jabea. Kasualitate polita iruditu zitzaidan liburu baterako material gisa», kontatu du ostiral goizean Donostian egindako aurkezpenean. Liburu bat eta aspaldiko bi ezagun, horiek izango dira Baldaren eleberriko protagonistak.

Bigarren aldiz Ramiro Pinilla eleberri laburren saria 2022an irabazita, Erein argitaletxearen laguntzaz plazaratu du bere bigarren eleberria Baldak. Uxue Razquin editorea ere aurkezpenean izan da, eta kontatu du leihaketara aurkeztu zuen bertsiotik gehiegi ez dela aldatu paperera ekarritakoa.

Bi pertsonaia nagusi dira protagonistak, Selva eta Andreu; eta Andreuk autobusean utzitako azpimarraz betetako liburua. Selvak liburua topatuko du autobusean, eta izen abizenak eta telefono mugikorra irakurtzerakoan bere aspaldiko lagun bat dela ohartuko da. Horri tiraka eraiki du Baldak istorioa: «Liburuak iraganean zein etorkizunean elkartzen ditu protagonistak».

Harreman horretatik abiatuta «bidean topatutako hari-muturrei» jarraitu diela kontatu du idazleak, eta gai ezberdinak tartekatzen joan direla: «Maitasuna izan daiteke bat, zentzu zabalean ulertuta; zalantza, erabakiak, beldurrak, amatasuna -pertsonaia nagusiak ama izan nahi du, gertakizun batek ikuspegia aldatzen dion arte-, harreman mota ezberdinak, familiaren eragina…».

Narratzailea hirugarren pertsona orojakilea da, baina bi ikuspegietatik kontatzen da istorioa: Selvarenetik eta Andreurenetik. «Bi pertsonaien ikuspegiak tartekatzea garrantzitsua izan da», adierazi du Razquinek, eta kontatu du hori izan dela hasierako bertsiotik aldatu diotena, kapitulu bakoitza pertsonaia baten ikuspegitik kontatzearena: «Horrela, gertatzen ari denaren ikuspegi osoagoa du irakurleak». Baldak aitortu du beretzat «oso lan polita» izan dela editorearen eskutik moldaketa horiek egitea.

Bakoitzak bere azpimarrak

Aurkezpenean azaldu dute pertsonaia bakoitzak liburu berari azpimarra ezberdinak egiten dizkiola, eta gehitu dute literaturari «aldarri» moduko bat ere egiten zaiola eleberrian zehar horren bidez. «Literaturan pertsona batek edo beste batek azpimarratutakoa askotan ezberdina izaten da eta horrek asko esaten du bere inguruan, bizitza errealean ere horrela da, eta baita Selva eta Andreuren artean ere», adierazi du editoreak. Baldak aitortu du irakaslea dela ofizioz, eta azpimarrei garrantzia berezia ematen dietela: «Garrantzitsuena azpimarratzen dugu».

Izenburua bezala, azala ere «iradokitzailea» dela adierazi dute; Josune Sarasatek egin du azala eta bi pertsonaiak lotzen dituen irudi bat da: «Ez da liburua, leku bat da, baina liburuan erreferentzia egiten zaio horri».