BABESLEDUN EDUKIA

Loinatz jaiak iritsi dira Beasainera

Ostiral honetan hasi eta hamar egun luzez, Beasaingo herritarrak hainbeste espero zituzten Loinatz jaietan murgilduko dira. Haurrek, gazteek eta helduek, ohiko ekitaldiekin zein berrikuntzekin osatutako egitarauaz gozatzeko aukera izango dute.

Aurten, Alkartasuna Lizeoko haurrei egokitu zaie jai-hasierako danbatekoa piztea.
Aurten, Alkartasuna Lizeoko haurrei egokitu zaie jai-hasierako danbatekoa piztea. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Beasaingo jai hasierako danbatekoa herriko Lehen Hezkuntzako lau ikastetxeetatik batek botatzen du, eta aurten Alkartasuna Lizeoko 5. mailako gaztetxoei egokitu zaie jai-hasierako danbatekoa piztea, Hodei Lopez eta Nerea Barreiro ikasleek ordezkatuta.

Ohikoa den bezala, jendez gainezka egongo den plazan botako dute txupinazoa eta jarraian, erraldoi eta buruhaundiak irtengo dira, txistulari, musika eskolako banda eta gaiteroak lagunduta. Aurten, gainera, bi pertsonaia berritu dira erraldoien taldean, Faktorea eta Kantinera.

Udalak, herritarrek eta elkarteek osatzen duten jaietako batzordearen lanari esker osatu dute egitaraua, partehartzea eta lankidetza oinarri hartuta. Bertan, Beasainen hain errotuta dauden tradizioak eta ohiturak, azken urteko hausnarketatik jasotako berrikuntzekin nahastu dira.

Horrela, larunbatean (maiatzak 20), iaz danborradak estreinatu zuen formatu berria errepikatuko da. Haurren danborradaren irteera izango da lehena, arratsaldeko 17.30ean. Jarraian, helduen danborradarekin bat egingo du Loinazko San Martin plazan eta zenbait pieza joko dituzte elkarrekin. Ondoren 19:00etan plazatik irtengo da helduen danborrada bere ibilbidea osatzeko.

Igandean, su musikatuen ondoren Carbon Club kale ikuskizuna izango da Erauskin plazan Markeliñe konpainiaren eskutik. Honela, su artifizialen ondorenari indar berezia eman nahi zaio.

Ohiko ekitaldiak, tradizioarekin lotura dutenak, eta kirol jarduerek bere lekua dute egitarauan; sokadantza (agintari, haur eta helduena), asteleheneko prozesioak, pilota txapelketa herrikoiak, koadrilen arteko futbitoko finala, arrantza lehiaketa, xake jokaldiak, haurrentzako jolasak, astearteko azoka berezia, bertso-saioak, elkarteen arteko sukaldaritza lehiaketa, dantza topaketa, herri kirol jaialdia, dantzaokea eta beste hainbat.

Musikari dagokionez, talde hauen presentzia izango da jaietan: Garilak 26, Gozategi, Rockalean, Bide batez, Café irlandés, Tsunami taldea, Inpakto, Kai Nakai, DJak Disnoktia eta Defiction eta Demode Quartet.

Herritarren eta bisitarien ongizatea bermatzeko helburuarekin aurtengo jaietan ere mantenduko dira prebentzio kanpainak. Funtsean, alkoholaren kontsumo arduragabea, indarkeria sexista eta lapurretak saihesteko gomendioak emango dira, iazko gertakariak errepika ez daitezen.

Bestalde, jai giroa pizteko eta aldarrikatzeko, udaletxeko balkoietako apaingarri edo faldoi berria estreinatuko da. Beasaingo bandera berria ere egin da, eta herritarrei  dei egiten zaie etxeetako balkoietan Beasaingo bandera zintzilikatzeko. Banderak Bareak-en bulegoan 6 eurotan eta lepoko zapi berriak Bareak elkarteko dendetan 3 eurotan egongo dira salgai.

Kontzertuak txoznetan

Beasaingo Txozna Batzordeak, bere aldetik, musika egitarau zabala prestatu du egun hauetarako. Lehen ostiralean (maiatzak 19), Kontrol Norte, Azken Sustraiak, Sofokaos eta Iltze taldeen emanaldiak daude iragarrita gaueko 23.00etatik aurrera, eta jarraian DJ 3Haizetara.

Larunbatean (maiatzak 20), Tatta, Mutiko & Denso, La Tokokera, Dirty Old Gasteiz eta DJ Maixu izango dira 22.00etan hasita, eta astelehenean (maiatzak 22) Skapaie Elektrotxaranga (19.00etan) eta Emaion Erromeria eta DJ Bull (22.00etan).

Hurrengo ostiralean (maiatzak 26), Distopia elektrotxaranga (19.00etan) eta Gilda, Silitia eta DJ Expuelaren txanda izango da (22.00etan). Azkenik, larunbatean (maiatzak 27), Muxutruk, Xsakara eta DJ Gorriontxu eta Laztana arituko dira.   

Erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Beasaingo Udala, Argi Optika, Arrainki Arraindegia, Autorrecambios Goyerri, Barandiaran Berrikuntzak, Kattalin Erretegia, Sirmet.