NAIZ

Gipuzkoako eraikin eta lokalen garbikuntzan greba egin dute ELAk deituta

Gipuzkoako eraikin eta lokalen garbikuntza sektorean greba egiten ari dira, ELAk deituta, maiatzaren 22tik 28ra. Langileek manifestazioa egin dute Donostian, hitzarmen berrirako negoziazioaren blokeoa salatzeko.

Manifestazioa egin dute Donostian, ELAk deituta.
Manifestazioa egin dute Donostian, ELAk deituta. (ELA)

ELA sindikatuak deituta lehen greba eguna izan dute gaur Gipuzkoako eraikin eta lokalek garbikuntza sektorean. Igandera arte egingo dituzte lanuzteak eta gaurkoan jarraipen «zabala» izan duela adierazi du sindikatuak. Halaber, salatu dute Oñatiko Natra eta Aretxabaletako Copreci enpresek grebalariak ordezkatu dituztela eta premiaz esku har dezala eskatu diote Ikuskaritzari.

ELAk azaldu duenez, kontuan izan behar da 5.000 langile dituela sektoreak eta erabat atomizatuta dagoela: «Askok bakarka egiten dute lan, hala nola portaletan, bankuetan...». Nabarmendu dute, hala ere, hainbat arlotako langileek egin dutela bat grebarekin, sektore publikoan dabiltzanak zein pribatuan ari direnak.

Oñatiko Natra eta Aretxabaletako Copreci enpresei dagokionean, grebalarien ordezkapena salatu du ELAk. Ikuskaritzari premiaz jokatzeko eskatu dio sindikatuak, «langile horien greba eskubidea berriro urratu ez dadin».

«Bost urtez negoziatzen aritu ondoren, erabat blokeatuta dago Gipuzkoako eraikin eta lokalen garbikuntza sektoreko negoziazio mahaia», adierazi du ELAk. Sindikatuak eskatzen du sektoreko «%40,46ko soldata arrakalarekin amaitzeko pausuak ematea», baina salatu dute patronalak ez duela arrakala badenik onartzen eta negoziazioan mugimendurik ez egitea leporatu dio.

ELAk azaldu duenez, eraikin eta lokalen garbikuntza erabat feminizatua dago, eta «%80ko partzialtasuna du kontratuetan». Horregatik, negoziazioan sektorearentzat «garrantzi handiko gaiak» planteatzen ditu sindikatuak: «Galdutako erosahalmena berreskuratzea eta hitzarmenaren indarraldian bermea izatea, partzialitatearen aurkako klausulak, plus bat enpresa berean lantoki batean baino gehiagotan lan egiten duten langileentzat eta lan kargen erregulazioa».

Horregatik, manifestazioa egin dute gaur Donostian eta datorren ostiralean beste bat egingo dute, Bretxa plazatik abiatuko dena 11.00etan.