Kazeta.eus
Senpere

Senpereko etxebizitza bat 1,3 milioi euroren truke saldu nahi dute

Senpereko 50 hektareako jabetza bat 1,3 milioi eurotan saltzekoa da. Ahetzeko mugan, 50 hektareetako sei laborantza lurrak dira eta jabetzaren gainerako eremua bi hektareako urmael batek eta baso batek osatzen dute. Safer batzorde teknikoak esku hartu duen arren, berantegi dirudi.

Espekulazioaren kontrako pankarta bat Donoztirin.
Espekulazioaren kontrako pankarta bat Donoztirin. (Guillaume FAUVEAU)

 

Higiezin bat 1,3 milioi eurotan saldua izanen da Senperen. Ahetzeko mugan, 50 hektarea eta horien erdian dagoen etxebizitza bat barne hartzen ditu salmentak. Hektareetako sei laborantza lurrak dira eta gainerakoa bi hektareako urmael batek eta baso batek osatzen dute. Prezioa gehiegizkoa dela baieztatu du Jean-Claude Saint-Jean Euskal Herriko Safer batzorde teknikoko lehendakariak. Lurzaindiak laborantza lurren zati bat lehentasunez erosteko eskaera egin du.

Kasu honetan, erosleak bi aukera ditu: eskaintza onartzea edo lehentasunezko erosketa osoa galdegitea, desio duen prezioan. Izan ere, 2014ko urriaren 13ko legearen onarpenaz geroztik, salgai diren ondasunak lehentasunez erosteko aukera bada. Alabaina, saltzaileak eskubidea du ondasuna osorik erosia izan dadin eskatzeko.

«Maiatzaren 5ean, saltzailearen notarioaren ohartarazpena ukan genuen, jabetza osoa erostea eskatzen zuena», dio Saint-Jeanek. Jabearen erantzuna ukan eta Saferrek hilabeteko epea du erabakia hartzeko. «Ez gara lur horietan sartuko. Eginez gero, espekulazioari mesede egingo diogu eta ez da hori gure eginkizuna», erran du. Beraz, ekainaren 5ean, «ondasuna saltzailearen eta eroslearen arteko izenpetzearen esku izanen da».

Oharkabean

«Izenpedura pribatupeko aktak badira», jakinarazi du Christophe Jaureguy Senpereko Herriko Etxeko oposizioko hautetsiak. «Ikaragarria da guk esku hartu ezin izatea. Lege mailan, ez dugu lehentasunezko erosketa partziala ez den beste aukerarik eta horrek ez gaitu inora eramaten. Erreferentziazko balio batzuk plantan ezartzen ari dira eta arriskutsua da lurraldearentzat» gaineratu du Saferreko batzorde teknikoko lehendakariak.

Herriko hauteskunde partzialen erdian, afera oharkabean iragan da. «Hauteskundeen asteburuan aurkeztu zuten salmenta iragarkia, otsailaren 17an», azaldu du oposizioko kideak. Adierazpena egiten den unetik aitzina, Herriko Etxeak bi hilabete ditu lehentasunezko erosketa eskubidea baliatzeko. «Beraz, horrek apirilaren 17ra garamatza. Salmenta hori eragozteko jarrera hartu behar genuen, baina guk [oposizioa] apirilaren 15eko astean jakin genuen, kasualitatez eta epeak kasik pasatuak zirelarik», deitoratu du. «Hortik aitzina, ezerk ezin du salmenta eragotzi, herritarren presioa ez bada», adierazi du Jaureguyk.