Peli Lekuona
Elkarrizketa
Marisol Garmendia
PSEko alkategaia Donostian

«Ez dezagun turismoa muturrera eraman: Donostia ez da Venezia ez Bartzelona izango»

Udal Gobernuan egon ostean, EAJrekin dituen «desadostasunak» nabarmentzen ditu Marisol Garmendiak, baina aldi berean «turismo jasangarria» edo etxebizitza politikak garatzeko urratsen balioa azpimarratuta. Goia eta Izagirrerekin parez pare egon daitekeela uste du.

Marisol Garmendia (PSE).
Marisol Garmendia (PSE). (Jon Urbe | Foku)

Hauteskunde primario batzuen bitartez zara hautagai. Zauririk utzi al du prozesu horrek?

Hauteskunde hauetan ni naiz emakume bakarra eta ni naiz primario prozesu bat pasatu duen bakarra. Nahiko adierazgarria, kontuan hartzeko. PSEk beti egin ditu primarioak. Emaitza oso onak atera nituen, alderdikideek nirekin bat egin dute eta oso gogotsu gaude.

Odon Elorza izan zen zure aurkaria eta kexu ikusi genuen hauteskunde horien ostean. Urak bere bidera bueltatu dira?

Primarioak ahaztu ditut jada. Irailean izan ziren. Nik 222 boto gehiago lortu nituen. Nire alderdikideek, nire familia esaten dudan bezala, bat egin zuten nire hautagaitzarekin. Donostiarren konfiantza lortzeko buru-belarri ari gara orain, Donostiak lehenengo emakume alkatea izan dezan, jada tokatzen delako.

«Donostiak lehenengo emakume alkatea izan dezan buru-belarri ari gara, jada tokatzen delako»

 

Orain arte Udal Gobernuaren parte izan zarete. Kanpaina egiteko baldintzatu egiten zaitu honek?

Gobernuan gaudela aitortu beharra dago, baina gu ez gara PNV. Gu Alderdi Sozialista gara. Ni euskaltzalea naiz, ez abertzalea. Eta gobernu programa bat adostu genuen baina desadostasunak ere baditugu, eta nabariak. Libre sentitzen naiz nire programa propioa aurkezteko. Hainbat gaitan (trafikoa, segurtasun arloan...) ez gaude ados. Ezberdinen arteko gobernuak hori dakar, adostuta dauden lerroetan bat egiten dugu baina gainerakoetan ez. Bost zinegotzi izan ditugu, bost ardura gune, eta gure politika progresista egin dugu, PNVrengandik bereiztuta.

Bisagra gisa EAJ eta EH Bilduren artean hautatu beharko bazenu, zein proposamen ikusten duzu gertukoen?

Bisagra zein den ikusiko dugu, ez dago ezer ziurtatuta. Aukera zabalak daude guztiontzat, hor ibiliko gara hirurak. Gero eta donostiar gehiago daude haserre, edo ez kontentu, Goiak duen lidergo ezarekin. Eta Izagirre ezagutu genuen bere garaian. Desadostunak daude, garraio publikoaren inguruan adibidez: Mugiren defendatzaile sutsuak gara gu, Goia ez bezala. Etxebizitzaren arloan, etxebizitza publiko eta alokairu eskuragarrien alde gaude, Etxebizitza Legeari bai esan diogu, Donostian eremu tentsionatuak ezarri behar ditugu gure seme-alabek euren hirian bizitzeko eskubidea dutelako.

«Gero eta donostiar gehiago haserre dago Goiak duen lidergo ezarekin. Eta Izagirre ezagutu genuen bere garaian»

 

Etxebizitzari buruz, zein proposamen duzue eta azken urteotako zein bilan egingo zenuke?

Etxebizitza berriak egin behar dira, 6.000 gutxi gorabehera, baina bestelako politikak ere badaude. Eremu artifizializatu gehiago mugatu egin behar da. Badaude esparru batzuk zabaltzeko (Loiolako koartelen aldea, Urumeako alderdi hori guztia, Easo Plazako ingurua...), baina gure apustua politika ezberdinak egitea da: alokairua, adibidez, edo auzoak berritu eta birmoldatzea. Hutsik dauden etxebizitzak alokairuan atera behar dira. Illunben irtenbide habitazionalen alde egiten dugu.

Loiolako koartelak aipatu dituzu. Zer gertatuko da eraikin militar horiekin?

Militarrak joan egingo direla. Defentsa Ministeritzarekin akordioa dago, beste zona batera joango dira, eta gure proposamena horko %60 etxebizitza publikoa izatea da, eta gainera hiria beste era batera egiteko baliatzea, auzo moderno, jasangarria, berdea, arkitektura berritzailea eta abangoardista egitea. Ametzagainako parkea dugu hor, Urumea ibaia ere bai, auzo eder eta erabilera askotakoa egiteko aukera izugarria da.

Kanpainako zure beste lerroetako bat segurtasunarena da. Ertzainek eta udaltzainek presentzia gehiago izateko eskatu duzu. Ez duzu Donostia hiri segurua ikusten?

Segun eta zeinekin alderatzen den da segurua. Onartu beharra dago herritarrak gero eta kezkatuagoak daudela. Ez bakarrik dendariak eta ostalariak, auzokideak ere kezkatuta daude, eta jakin badakigu non dauden puntu larriak. Arazo konplexua da, bai, baina onartu behar da kezka hori eta prebentziozko neurriak jarri behar dira. Oinezko patruila gehiago behar ditugu.

«Segurtasunarekin herritarrak kezkatuta daudela onartu behar da. Oinezko patruila gehiago behar ditugu»

 

Turismoari dagokionez, bizilagun asko kexu dira masifikazioak hiriko bizitza burutzea zailtzen duelako. Alkatea izango bazina, zein neurri hartuko zenuke?

Neurriak hartzen ari gara, turismo jasangarriaren aldeko neurriak. Etxe turistikoen lehenengo ordenantza onartu genuen duela urte batzuk eta honen ondorioz asko kontrolatu da eta urtero-urtero horietariko asko itxi egiten dira. Moratoria bat ere onartu berri dugu, hotel gehiago ez egiteko, etxebizitzak dauden eraikinetan adibidez. Bisitari taldeak murriztea, bozgoragailuak ez erabiltzea... hortik joan behar dugu. Donostia ez da izango ez Venezia ezta Bartzelona ere.

Donostiarrok beti egin izan duguna egin behar dugu: bisitariak onartu eta beraiekin elkarbizitzari ekin, gure nortasuna, hizkuntza, gastronomia, kultura... ezagutzera emanez eta konpartituz. Milaka familia bizi dira turismotik. Donostiak badu zer esanik turismoan, baina turismo jasangarri eta kontrolatua; horretarako egiten ari gara eta egingo dugu. Ez dezagun gai hau muturrera eraman. Gainera, donostiarrok oso ibiltariak gara. Edozein tokitara goaz eta ez dugu nahi besteak gurera etortzea? Berriro diot, Donostia ez da Magaluf.

Honekin lotuta dagoen kontu bat: Alde Zaharreko ostalaritzan prezioen gorakada eman da, 21 behargin esplotazio egoeran ziren ostatu batean... Jarraipen berezia eman zaio honi Udaleko Garapen Ekonomiko eta Enplegu sailetik?

Hori kasu oso puntuala izan da. Eta badakigu zein den enpresari hori, aspalditik ezagutzen dugu. Udalak ez du horretan kontrolatzeko eskumenik. Edozein esplotazio, edozein arlotan, gaitzetsi beharra dago eta horren aurka egin, baina Udalak ez du eskumen berezirik horri aurre egiteko. Zorionez, Ostalaritza arloko komenioak aurre egin du, lan baldintzak hobetuz eta langileek behar eta merezi duten duintasuna emanez.

Albistea izan da ere Renfeko geltokiaren eraispena. Ancora bezalako elkarteek salatzen dutenez, ondarea eraisten ari da Donostian. Garapena eta nortasunaren artean honelako dikotomiarik ba al da?

Ezin dira kontrajarri. Eta horretarako baliabideak baditugu, ondarea babesteko. Oreka zaila izaten da batzuetan baina ni ondarea babestearen alde nago, behar diren eraikinei babesa emanez, ez guztiei. Adibide bat jarriko dizut: Maria Cristina zubiaren birgaitzea, nere erantzunkizuna izan delako. Aktuazio ona izan da, polita, ondarearekiko errespetu osoz egina.

«Arturo Espejoren igoerari buruz ez dugu ezezkoa eman, abstenitu egin gara»

 

Beste gai bat: adierazpen bat onartu berri du Donostiako Udalak Arturo Espejo guardia zibilaren igoera salatuz, Donostian bizi zen Mikel Zabalzaren kasuan. PSE abstenitu egin zen. Zertan oinarritzen da erabaki hori?

Ez dugu ezekoa eman, abstenitu egin gara. Hainbat aktuazio polizial edo GAL onartezinak direla onartzeko inolako eragozpenik ez dugu, Euskadiko Alderdi Sozialistak oso garbi du hori.

Hain zuzen ere, Eneko Anduezak esan zuen onartezina zela neurri hori, bat egingo zenuke adierazpen horrekin?

Bai, nire idazkari nagusiarekin bat nator ia gauza guztietan, eta honetan ere bai.

Kuriosidade bat amaitzeko. PSEko ordezkari izanik, paparrean eramaten duzun lorea ez da larrosa bat. Zergatik erabaki duzu?

Nire kanpaina propioa ari naizelako egiten. Oso lorezalea naiz, kolorezalea, bizitza zalea, bizipozaren aldekoa, eta hau ikur bat da niretzat. Lorategiak nire ardura izan dira eta aldaketa nabarmena eman dela uste dut. Beste Donostia bat, bizi-bizi, loretsua eta koloretsua, aldarrikatzen dut.