NAIZ

28 segunduro pertsona bat gosez hiltzeko arriskua Afrika ekialdean, Oxfamen arabera

Oxfam Intermon GKEak jakinarazi du Afrika ekialdeko gosetea bere puntu kritikoenera iristear dagoela. 40 milioi pertsona daude gose egoera larrian, iazko datuekin konparatuta bi heren gehiago. Testigantzak ere bildu ditu erakundeak, eta neurri eraginkorrak eskatu.

Ur edangarria banatzen kanpamendu batean, Somalian.
Ur edangarria banatzen kanpamendu batean, Somalian. (OXFAM)

Oxfam Intermon gobernuz kanpoko erakundeak ostegun honetan Afrikaren Eguna dela eta, ohartarazi du Afrika ekialdeko elikagaien krisia punturik kritikoenera iristear dagoela. Kalkuluen arabera, litekeena da hemendik uztailera bitartean pertsona bat hiltzea 28 segundotik behin goseak jota Etiopian, Kenyan, Somalian eta Hego Sudanen.

Erakundeak zehaztu duenez, klima-aldaketak eragindako lehorteek, gatazkek eta elikagaien prezio altuek larriagotuta, 40 milioi pertsona daude gose-egoera larrian Ekialdeko Afrikan, iaz baino ia bi heren gehiago. Hego Sudanen eta Somalian 85.000 pertsona gosetearen mugan daude; gosete-egoerarik larriena elikagaiak lortzeko sarbide eza da, eta horren ondoriozko heriotzak dira une honetan larrienak.

Datu zehatzak ere argitaratu ditu Oxfamek, adibidez, Somalian 1,8 milioi haurrek pairatzen dute malnutrizioa, horietako 477.000k «modu larrian» eta, lehorteen segida eta gero, geroz eta ohikoagoa ari da bihurtzen. Gainera, biztanleen erdiek baino gehiagok artzaintzatik eskuratzen zituen elikagaiak, baina lehorteak sektore hori ere guztiz kolpatu du.

Said Abdi Dualeren kasua da hori, esate baterako. Ganadu guztia galdu ondoren, hainbat egunez ibili zen familiarekin Sanaag eskualderaino bidean. «1974ko lehortea, 2017koa eta hau bizi izan nituen. Hau da kritikoena. Aurreko lehorteekin, euria ari zuen berriro, eta animaliak jaiotzen ziren. Lehorte honekin, euria ez da iristen eta ezin ditugu galdu ditugun animaliak berreskuratu», azaldu du Saidek.

Eskakizun zehatzak

Egoera horren aurrean, Oxfam Intermonek laguntza humanitarioa handitzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari, Garapenerako Laguntza Ofizialaren (AOD) %10era iritsi arte, eta, horretarako, sinadurak biltzeko kanpaina bat hasi du, ‘Goseak konponbidea du’ lelopean, iritzi publikoa mobilizatzeko asmoarekin, Gobernuari igoera hori exiji diezaion.

Halaber, elikagaien krisia arintzeko funtsak handitzeko eskatu die Europar Batasunari eta nazioarteko komunitateari, «NBEk krisiari aurre egiteko beharrezkotzat jotzen dituen funtsen % 23 bakarrik» jarri dutela deitoratu baitu.

«Jendea hiltzen ari da, ez munduak elikagairik edo dirurik ez duelako, baizik eta porrot politikoagatik eta bidegabekeriagatik», salatu du Lourdes Benavides Oxfam Intermoneko kliman eta elikagaien krisian adituak. Eta ohartarazi du «ezer egin gabe pasatzen den egun bakoitzak heriotza saihestezin gehiago» eragiten dituela.

Bestalde, World Visionek gogorarazi du 2020tik Afrikako biztanleriaren heren bat baino gehiago elikadurarik gabe dagoela, eta 282 milioi pertsona inguruk gosea dutela, munduko beste edozein eskualdetan baino bi aldiz gehiago.

Hamaika bizipen eta egoera

Gainera, «zifra bakoitzaren atzean haur bat, emakume bat edo gizon bat» dagoela erakusteko, Gobernuz Kanpoko Erakundeak zenbait testigantza jaso ditu, hala nola Turkanako (Kenya) 10 urteko Peter mutikoarena. Matematika asko gustatzen zaio, baina, duela bi urte, eskolara joateari utzi eta ahuntzen artzain gisa lan egiten hasi behar izan zuen, familiak eskola-tasak ordaintzeari utzi baitzion. Orain, ur faltak bere familiaren mantenua arriskuan jartzen du.

Bestalde, zazpi hilabeteko Hamdik 2,5 kilo besterik ez zuen pisatzen ekainean, Baidoako (Somalia) World Vision nutrizio klinikara iritsi zenean. Osasun-langileek desnutrizio larria zuela ikusi zuten, beherako urtsuak eta elgorriak larriagotua, baina hilabete geroago eta Plumpy 'Nut elikagai terapeutikoarekin tratamendua jaso ondoren, Hamdik 4,5 kilo pisatzen zituen eta elgorriak eragindako eztula desagertu zen.

Nyaduer (13 urte), berriz, Juban (Hego Sudan) bizi da. Umezurtza da eta bost anaia txikiak zaintzen ditu. «Nire anaiak gaixotzen direnean, osasun-zentrora eramaten ditut. Eskolatik itzultzen direnean, janaria prest dago», azaldu du. Jasotzen dituen elikagaiak World Visionek eta Elikagaien Munduko Programak emandako banaketetatik datoz, baina ez dira nahikoak eta, batzuetan, jateari utzi behar izaten diote bizpahiru egunez.

World Vision-ek Turkanako (Kenya) 54 urteko alargun Christianeren kasua ere jasotzen du. «Emakume turkanatar baten bizitza osoa izan nuen. Animaliak genituenean eta lehorterik ez zegoenean, bizitza erraza zen. Euria egiten zuenean eta animaliek erditzen zutenean, festa bat egiten genuen», nabarmendu du. Azken festa gamelu bat hil zutenean izan zen, duela 10 urte baino gehiago, gogoratzen duenez. Orain bere animalia guztiak galdu ditu lehortearen ondorioz.

World Visioneko komunikazio zuzendariak, Eloisa Molinak, epe luzera haurren desnutrizioak dakarren kalteaz ohartarazi du. «Litekeena da Afrikako milioika haurren bizitzak arriskuan egotea, gatazka-ekaitz perfektu baten, aurreikus ezin daitezkeen klima-ereduen eta covid-19aren ondorioen iraunkortasunaren ondorioz», azpimarratu du.