NAIZ

Hauteskunde egun eta gauaren zuzeneko jarraipena eta emaitzak, NAIZ eta NAIZ Irratian

Igandeko hauteskunde egunaren eta gauaren jarraipen berezia egingo du NAIZek, goizetik zuzeneko kontakizuna eskainita, eta hautesontziak itxi ondoren emaitzak denbora errealean kontsultatu ahal izango dira. NAIZ Irratian 18.00etan hasiko da saio berezia.

Pertsona bat botoa ematen, 2019ko udal eta foru hauteskundeetan.
Pertsona bat botoa ematen, 2019ko udal eta foru hauteskundeetan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Udal eta foru hauteskundeen eta Nafarroako Parlamentuko bozen inguruan gertatzen den guztiaren jarraipen berezia egingo du NAIZek igande honetan. Goizeko 9.00etan hautetsontziak ireki orduko ekingo diogu zuzeneko kontakizunari, eguneko une garrantzitsuei eta parte-hartze datuei erreparatuta. 

Hautetsontziak itxi ondoren eta emaitzak iritsi ahala, denbora errealean jarraitu ahal izango dira NAIZ.EUSen eta hauteskundeetako webgune berezian. Nafarroako Parlamentuko emaitzak, herriz herriko datuak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Batzar Nagusietakoak kontsultatu ahal izango dira. Albiste, analisi eta alderdien erreakzioak ere jasoko ditugu, argazki galeria eta bideoekin batera.

GARAren biharamuneko edizioa ere berezia izango da eta hauteskunde egunaren gaineko informazio zabala eskainiko du.

NAIZ Irratian, 18.00etatik aurrera

NAIZ Irratiak ere hauteskunde gauaren zuzeneko jarraipen berezia eskainiko du. 18.00etan abiatuko da programazio berezia eguneko gako nagusiei begira. Analisia, datuak eta azken ordua zuzenean jarraitzeko aukera izango da.

Hamaika Telebistaren bidez saio berezia ikusteko aukera ere izango da eta NAIZ eta GARAren erredakzioaren lanaz gain Hamaika Telebistako lau unitate mugikor ere izango dira saio berezian, hegoaldeko hiriburu bakoitzean bana.

Eguzki Urteaga soziologo eta irakaslea, Julen Mendoza aholkularia eta Estitxu Garai irakasle eta ikerlaria izango dira analisi mahaian, GARA eta NAIZeko kazetarien azterketaz gain.

Saio berezian datuen zuzeneko jarraipena izango da eta alderdi nagusien egoitzetako lehen erreakzioak zuzenean jarraitzeko aukera izango da.

Biharamuneko analisia

Hauteskunde gauean ez ezik, biharamunean ere programazio berezia izango du NAIZ Irratiak. Informazioaren Hariaren lehen edizioan (7.00-10.30) emaitza guztien analisiari tarte berezia eskainiko dio irratiak Jule Goikoetxea filosofoaren eta Iñaki Soto GARAko zuzendariaren eskutik.