Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Salbazioa jokoan: Beti Onak, huts egiteko tarterik gabe; Zuazo, balentriaren bila

Ohorezko Mailan jaitsiera faseko azken jardunaldia jokatuko da larunbat honetan, 19.00etan. Azken partida eta erabakigarria, alajaina. Puntu bakar batek banatzen ditu Beti Onak eta Zuazo, elitean jarraitzea dago jokoan. Nafarrek Granollers jasoko dute; bizkaitarrek, Grafometal La Rioja.

Beti Onak taldeko jokalari Naiara Retegui, Grafometal La Riojaren aurka.
Beti Onak taldeko jokalari Naiara Retegui, Grafometal La Riojaren aurka. (GRAFOMETAL LA RIOJA)

Emozioa gori-gori egongo da larunbat honetan bai Lasesarren eta baita Atarrabian ere. Jokoan asko daukate Zuazo eta Beti Onak taldeek: Ohorezko Mailan jarraitzea, alegia. Bizkaitarrek ezer gutxi daukate galtzeko, duela hilabete batzuk gutxik espero luketelako salbatzeko aukeraren bat edukiko luketela. Aho asko itxi dituzte emaitzei jaramonik egin ez eta kantxan disfrutatzeaz arduratu direnean: lau garaipen eta porrot bat jaitsiera fasean jokatutako bost partidetan, aurretik lau hilabete garaipenik ezin poltsikoratuta ibili ostean.

Txanponaren beste aldean, ordea, Beti Onak dago. Lan erdi eginda edukitzetik, salbazioa ezin bermatuta jarraitzen du. Partida bat baino gehiagotan ez du jakin errentarekin jokatzen eta porrot gogorrak jaso ditu –Zuazoren aurkako azken derbia eta Logroñon, esaterako–. Jokoan egon diren 10 puntutik, soilik hiru batu dituzte eta hala, bizkaitar eta nafarren artean hasieran zegoen sei puntuko errenta bakarra izatera pasa da.

Lehen itzuli oso txukuna egin zuen Miguel Etxeberriaren taldeak, zenbait ezusteko emanda. Bigarrenean apur bat gehiago sufritu zuten eta jaitsiera fasea buruhauste bilakatu zaie. Fisikoki baino, mentalki ari da izaten gogorra; liga erregularrean lanak ongi egin ostean, beste sei jardunaldi jokatu behar izatea play-down formatuan, nekeza ari zaie egiten. Dena dela, eskura daukate salbazioa: beraien partida irabaztea nahikoa dute, ez dute beste inora begiratu behar. Granollers jasoko dute, ezer jokoan ez duen taldea eta aurreko jardunaldian Zuazoren aurka porrota jaso zuena.

Salbazioa bermatzeko lehen aukeran huts egin zuten, Logroñon, pasa den asteazkenean eta larunbat honetan beste aukera bat izango dute, azkena. Zaleen hauspoa ere gakoa izan daiteke. Errioxara ere bidaiatu zuten zenbaitek eta Patricia Encinas atezainak NAIZi onartu legez, «afizioak guk beste merezi du beste urtebetez gorengo mailan jarraitzea». «Beti Onak-ek dituen zaleak ikaragarriak dira, oilo ipurdia jartzen zait kantxan sartzen diren bakoitzean eta gutxienez, gure entrenatzaileek dioten moduan, lana eta baloi bakoitzarengatik borroka egitea eskaini behar diegu», dio.

Pasa den urtean erdietsi zuten igoera, aurreko hiru urteetan ere igotzeko borrokan egon ostean. Denboraldi-aurrean behin baino gehiagotan aipatu zuten ez zutela nahi anekdotikoa izatea, baizik eta lehen denboraldi hau proiektu sendo baten mugarri izatea nahi zutela. Sasoi hasieran bide onetik aritu ziren eta lehen zortziren artean sailkatzeko hautagaien artean kokatu ziren, baina bost porrot jarraian jasotzeak helburu horretatik aldendu zien. Azken txanpan, Zuazo eta Granollers arerio zuzenen aurka irabazteak, baina, jaitsiera fasera lan erdiak eginda iristea bermatzen zien eta horrek salbazioa gertu kokatu zuen.

Hamar urteko eskarmentua

Jaitsiera fasean ataskatu egin dira nafarrak; bizkaitarrak, aldiz, gorengo mailan 10 urte jokatzen egoteak ematen duen eskarmentuarekin, bigarren aukera moduan ikusi dute eta salbazio lortzen ez badute ere, helburua, nolabait, betetzat ematen dute: «Berriro ere jokatzen disfrutatu eta psikologikoki ongi egotea ziren helburu nagusiak eta hori, soberan bete dute».

Larunbat honetan Grafometal La Riojaren aurka irabaztea beharrezkoa dute baina ez nahikoa. Beti Onak-ek galdu egin beharko luke Granollersen aurka. Aste hasieran, Meriem Ezbida Zuazoko atezainak NAIZi onartu zion zaila izango zela nafarrek bi partidak galtzea baina Atarrabiakoak lehen hutsegitea egin zuten asteazkenean, Logroñon, eta orain etxean jokatzen duten arren, batek jakin zer gertatu daitekeen.

Zaleen babesa ere ezinbestekoa izango dute Barakaldokoek eta hala, pabiloia bete asmoz, klubak zenbait neurri iragarri ditu. Esaterako, Bizkaiko eskubaloi klubetako kide guztiek sarrera doan izango dute eta gainontzekoentzat, 5 euroko prezia izango dute. Honen harira, Joseba Rodriguez "Haito" entrenatzaileak adierazi du jokalari askok ez dutela taldean jarraituko –Mada Fernandez de Agustiren baja iragarri dute oraingoz– eta «merezi duten agurra eskaintzea garrantzitsua» izango dela azpimarratu du.

«Taldearen hobekuntza agerikoa da eta jokalari guztiez harro sentitzen naiz», adierazi du teknikariak, zeinak beste urtebetez berritu duen. Gainera, ohartarazi du taldeak asko sufritu duela, «jendea ez da kontziente zenbat sufritu duten jokalariek».

Noski, «klubak behar du taldea Ohorezko Mailan geratzea baina lortzen ez badugu ere, garrantzitsuena da kontzientzia lasai izatea larunbateko partida amaitzean, pasatzen dela pasatzen dela». Alde horretatik, goraipatu nahi izan du Beti Onak eta Miguel Etxeberria entrenatzailearen lana, «sekulako denboraldia egin dute eta beraiek salbatzen badira asko poztuko naiz, estimu handia diet».