NAIZ

EAJk PSErekin lehenetsiko ditu negoziaketak gobernu akordioak errepikatu asmoz

EAJ PSErekin jarriko da harremanetan udaletarako zein Batzar Nagusietarako zeukaten gobernu akordioak errepikatu nahian. Horrela erabaki du jeltzaleen EBBk Sabin Etxean egindako bilkuran. Gainera, espainiar Estatuko hauteskunde orokorretara aurkeztuko dituen zerrendak osatzeko prozesua hasi dute.

EBBren bilkura Sabin Etxean.
EBBren bilkura Sabin Etxean. (EAJ)

Hauteskundeetako emaitzak mahai gainean izanda, balorazioen ordua da orain, baita udal gobernuak osatzeko negoziaketak egitekoa ere bai. Egun txarra izan zen atzokoa jeltzaleentzat, hainbat udalerritako alkatetzak eta 80.000 boto baino gehiago galduz. Hala ere, Bizkaiko eta Arabako Batzar Nagusietan, Bilbon, Donostian eta beste hiri garrantzitsu batzuetan eutsi egin zion alderdi jeltzaleak. Horietan gobernatzen jarraitzeko, baina, akordioak beharko ditu.

Azken urteotan, udaletan, Batzar Nagusietan eta Lakuako Gobernuan PSErekin duen itunari eutsi nahi dio EAJk eta hala adierazi du astelehen honetan Euzkadi Buru Batzarra bildu ondotik. «Elkarrizketa politiko hau emankorra izatea eta epe eta era egokian eratu ahal izatea euskal egituraketa instituzional sendo, egonkor eta eraginkorra», adierazi du.

Akordioari eusten badiote, EAJk ez luke soilik lehen indarra izan den herrietan eta batzar nagusietan gobernatzea lortuko, baita EH Bildu gehiengo absoluturik gabe bozkatuena izan den lekuetan ere, hala nola Gipuzkoan. Durangon PPren babesa beharko du ere, eta alderdi horrek jada iragarri du bere esku dagoen tokietan ekidingo duela EH Bildu agintera iristea.

Negoziazio horietan PSEk ere du irabazteko. Batetik, gobernuetan sartzea eta bestetik Gasteizko Alkatetza lortzea.

Espainiar Parlamenturako hauteskundeak

Atzoko Udal eta Foru hauteskundeez gain, Pedro Sanchezek astelehen goiz honetan bertan deitutako uztailaren 23ko espainiar Gorteetarako hauteskundeei buruz ere hitz egin du EBBk. Izan ere, aurkeztuko dituen zerrendetako hautagaiak aukeratzeko barne hauteskunde prozesuari eman dio hasiera.

Uri Erakundeek beren Uri Batzarretan proposamenak aurkezteko aukera izango dute ekainaren 1etik 4ra bitartean eta bigarren bozketa, berriz, ekainaren 6tik 8ra bitartean. Herrialde Batzarrak ekainaren 9an egingo dira eta prozesua ekainaren 10ean burutuko da, arestian aipatu Ezohiko Aberri Batzarrarekin.

Ezohiko batzarra egiten duela baliatuko du EAJk egoera politikoaren azterketa «lasai, sakon eta ausarta» egiteko, atzoko hauteskundeetan erregistratu ziren emaitzen inguruan zein Sanchezek ezustean Hauteskunde Orokorrak aurreratzeko hartu duen erabakiaren inguruan.

EBBk deitoratzen du hauteskundeak aurreratu izana «aurretiaz ezer esan gabe eta, gainera, presaka egin izana», eta «erabat desegoki» jotzen du «abian jarri den aurre-kanpaina egin behar izatea Udalak, Batzar Nagusiak eta Nafarroako Parlamentua eratzeko sasoi berean».