‘Erasorik ez, erantzunik gabe’ zioen pankarta batekin, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan bildutakoek Maialen Mazonen hilketa salatu dute. Hasiera batean isilik egon badira ere, hainbat oihu egin dituzte gero, tartean pankartako leloa edo «Autodefentsa feminista».
Ondoren, elkarretaratzea deitu duen mugimendu feministak adierazpen bat irakurri du, indarkeriarik gabeko bizitza izateko eskubidea aldarrikatu eta kaleetara ateratzen eta borrokatzen jarraitzearen aldeko apustua egiteko.
Arratsaldeko protestaz gain, eguerdian beste elkarretaratze bat egin dute, Udalak deituta.
#Gasteiz ek asteburu honetako hilketa matxista gaitzetsi du https://t.co/0KeiNKPuxd#VitoriaGasteiz condena y rechaza el asesinato machista de este fin de semana https://t.co/QKlt4F3lL4 pic.twitter.com/xUett6mawv
— Vitoria-Gasteiz! (@vitoriagasteiz) May 29, 2023
Bestalde, Clara Campoamor elkarteak hilketa gaitzetsi du, eta iragarri du dagoeneko bere burua duela prozedura judizialean, biktimaren familiaren esanetara jartzeaz gain.
Urruntze agindua
Maialen Mazon 32 urteko gasteiztarraren gorpua igandean aurkitu zuten, indarkeria zantzuekin, ume txikia ondoan zuela. Gainera, bikiez haurdun zegoela jakin da gero.
Mazonen ikotekide ohia, 33 urteko gizon bat, ordu batzuk geroago atxilotu zuten AP-68an, Zaragozan, taxi batean zihoala.
Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak astelehen honetan azaldu duenez, Ertzaintzak urtarrilean jakin zuen Mazonen bikotekide ohiak urruntze agindua urratzen zuela.
Maiatzean bigarren kontaktu bat izan zuten eta, Erkorekaren esanetan, bi kasuetan emakumeak agenteei esan zien harremana berregin nahian ari zirela eta ez zuela bere burua arriskuan ikusten.
Bigarren kasua
Indarkeria matxistak aurten Euskal Herrian eragindako bigarren heriotza da Mazonena. Bi aste besterik ez dira aurrenekotik: bikotekide ohiak Lourdes del Hoyo hil zuen Orion, kalean, bere buruaz beste egin aurretik.