NAIZ

Maite Zubieta erdilari gazteak beste bi denboraldi jokatuko ditu Athleticen

Athletic Clubek eta Maite Zubietak akordioa erdietsi dute 19 urteko futbolariaren kontratua bi denboraldiz luzatzeko, 2025eko ekainaren 30era bitarte, talde zuri-gorriak jakitera eman duenez.

Maite Zubieta eta Jon Uriarte Athleticeko presidentea, gaur Ibaiganen.
Maite Zubieta eta Jon Uriarte Athleticeko presidentea, gaur Ibaiganen. (ATHLETIC CLUB)

Behin denboraldia amaituta, Athletic bulegoetan lanean dihardu eta astelehen honetan jakitera eman duenez, Maite Zubietak beste bi denboralditarako luzatu du kontratua talde zuri-gorriarekin. Hala, 19 urteko futbolariaren kontratua bi denboraldiz luzatu dute, 2025eko ekainaren 30era bitarte.

Erdilari busturiarra 2018-2019ko denboraldian iritsi zen Lezamara kadete mailan jokatzeko eta denboraldi honetan jokatu ditu lehen minutuak talde nagusiarekin. Datorren denboraldian lehen taldearen dinamikan sartuko da osotasunean.

Maite Zubieta atzelari zein erdilari gisa aritu daiteke, eta «ezinbesteko jokalaria» izan da emakumezkoen filialaren hazkundean klubera iritsi zenetik eta iragan abenduaren 3an lehoi bezala debuta egin zuen Lezaman Madril CFFren aurka.

Denboraldi honetan, 1. RFEF mailan 14 partida jokatu ditu eta Iraia Iturregiren agindupean F Ligan 16 neurketa eta Kopako bi norgehiagoketan lehiatu da. Gainera, urrezko bi domin lortu zituen Espainiako selekzioarekin joan den udan, 19 urtez azpiko Europako Txapelketan eta 20 urtez azpiko Munduko Txapelketan.

Akordioa sinatzeko Ibaigane jauregian egindako ekitaldian, Jon Uriarte presidentea eta Xabi Arrieta emakumezkoen taldeen kirol zuzendaria izan ditu lagun Zubietak. Esan duenez, «Athletic Clubeko lehen taldean jokatzea eta Lehen Mailan debuta egitea beti izan da nire ametsa».

Busturiako jokalariak ilusio handia agertu du hasteke dagoen denboraldi berriarekin, eta lehoi moduan «esperientzia eta minutu gehiago» eskuratu nahi ditu.