Jon Ormazabal
Elkarrizketa
Aitor Elordi
Aspeko aurrelaria

«‘Txapeldun bai, baina Zabaletarekin’ ziotenak ohartu dira eurek uste baino maila hobea dudala»

Ezbairik gabe, mallabiarra da aurtengo Buruz Buruko ezustekorik handiena. Azken bederatzi hilabeteetan igota dabilen lainotik jeitsi gabe, jokatu behar ez zuen txapelketako finalean sartu da. Haizea alde duela dabil, baina ez du ahazten pilotaren B aldea ere gertutik ezagutu duela.

Aitor Elordi, Mallabiko udaletxeko balkoian.
Aitor Elordi, Mallabiko udaletxeko balkoian. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Gogoan dut nola, Binakako txapelaren biharamunean, Eibarren Buruz Burukoa ez zenuela jokatuko esan zenidan, eta begira non zauden.

[Barrez] Bai, horrela da, azkenean erantzun hori eman nizun banekielako ez nuela parte hartuko, orduko egoera hori zen eta azken uneko ezustekoarekin aldatu egin zen eta hemen  aurkitzen gara.

Nola aldatzen diren gauzak.

Bai, horrela da, azkenean nik uste honek ulertu arazten didala, zerbait  gertatu behar bada, gertatuko dela eta kasu hau horren adibidea da.

Eta prest egon behar dela.

Bai, eta alde horretatik ni oso prest nengoen, beti izan dut buruan enpresak emandako aukeretan beti ahalik eta mailarik altuena emateko prest egon behar dela eta alde horretatik banekien fisikoki prestatua nengoela txapelketa jokatzeko, eta maila aldetik ere bai.

«Uste honek ulertu arazten didala, zerbait  gertatu behar bada, gertatuko dela eta kasu hau horren adibidea da»

Eta zurea joko sasoi on bat baino zerbait gehiago dela, egon zaitezke oso ondo hilabete bat edo bi, baina bederatzi direnean...

Nik izan nuen beldur hori, Lau eta erdikoa hasi aurretik sentsazioak ez ziren horren onak, baina gero denok dakigu urtean zehar boladak izaten direla eta bolada on hori hasi, Binakakoan jarraitu zuen eta nik pentsatzen nuen gorputzak beti ez duela izaten emateko adina, batzuetan gorabeherak egoten direla, eta bai egon nintzela pixka bat makalaldi horren esperoan. Baina hilabete asko dira sekulako maila ematen ari naizena eta bolada hau ere ziur aldatuko dela, baina hemen jarraitzen dugu. Nik uste ez dela bukatu prest nengoelako fisikoki eta gorputzak erantzun duelako.

Binakakoa irabazi bai, baina Zabaletarekin ia edozeinek entzungo zenuen.

Azkenean denok dakigu Zabaletak ez dituela txapelketak bakarrik irabazten eta berekin. jokatzen duen pilotariak ere maila handia eman behar duela txapela janzteko. Nik uste, txapelketa honekin, "Txapeldun bai, baina Zabaletarekin" esaten zuen jende hori kontutan jausi dela eurek pentsatzen zutena baina maila handiagoa dudala.

Oso txapelketa desberdinak dira Binakakoa eta Buruz Burukoa?

Bueno, azkenean aurrelarientzat gauza aldatzen da baina ez hainbeste, nik uste buruz buru aurrelarientzat jokoa antzerakoa dela, baina bikoteka baino koadro bat, koadro eta erdi atzerago jokatzen dugula eta kolpeak exijenteagoak dira, baina gero, azkenean, mano mano jokatzeko era hau oso ondo egokitzen da aurrelarientzat, airetik asko jokatzen da eta alde horretatik beti laguntzen du.

Orain gutxira arte bigarren mailako partidak jokatzen aritu zara eta orain izarren artean zaude, alde  handia dago egunerokoan?

Nik nabaritzen dudana da jendeak gehiago ezagutzen nauela, baina nire egunerokotasuna ez da inondik inora aldatu, badakit nondik natorren, non nagoen eta aurretik bizi izan dudanak momentuko egoera kudeatzen laguntzen dit eta gehiago baloratzen eta gozatzen.

Kasu batzuk daude profesionaletan sartu eta, maila honetan dagoen alde txar hori ikusi gabe, goiko mailara heltzen direnak, eta agian badago arrisku hori, denontzat errealitatea hori dela pentsatzea, baina profesionaletako alde txar hori ikusi eta gero ona ikusten duzunean, badakizu egoerak nolakoak diren eta laguntzen du.

«Badakit nondik natorren, non nagoen eta aurretik bizi izan dudanak momentuko egoera kudeatzen laguntzen dit eta gehiago baloratzen eta gozatzen»

Dario eta zu paseak zaudete hortik eta oso polita izan zen finalerdia amaituta nola besarkatu zenuten elkar.

Bai, eta finalerdietako laurak Aspekoak eta laurok lagun minak gara eta, kasualitatez, bi zaharrak, Ezkurdia eta Altuna, elkarren aurka aritu ziren eta Dario eta ni beste aldetik. Darioren aurka jokatzeko aukera horrek bai ematen  zidan esperantza gehiago finalean egon ahal nintzela, berari ere suposatzen dut, nire aurka aritzeak emango zion bezala. Azkenean ez da gauza bera finalerdi bat Altunaren aurka jokatu, Ezkurdia baten aurka, edo Dario edo nire aurka jokatu, izenari erreparatuz. Esan duzun moduan, partida oso polita izan zen bai beretzat eta bai niretzat, nik argi nuen bakoitzak bere lekua  defendatu behar zuela frontoi barruan, baina berak irabazi balit inongo penarik gabe bukatuko nuela partida, ze Dario,  gainera,  mano mano erraztasun handiak erakutsi dituen pilotari bat da, lan asko egin du maila honetan egon ahal izateko eta bera nigatik poztu zen bezala, alderantziz ere ni asko poztuko nintzen beragatik.

Eta zurrunbilo honetan baserriko lanetarako astirik geratzen zaizu?

[Barrez] Bueno, neurria hartu behar. Azkenean argi dudana da nire lehentasuna zein den eta gauzak egin behar ditudala egian ahal ditudan heinean. Orain 50  ardi eta bi asto ditut, aurten gaztarik ez dut egin, arkumeak hazi bakarrik.

Uda desberdina izango da aurten.

Espero behintzat. Nik uste urte guztian erakutsitako mailarekin jendeak nahiko duela nire partidak ikusteko aukera izan eta alde horretatik partidak izango ditudala uste dut.

Hori da agian gehien kosta zaizuna eta azkenerako atea zuk bota duzu.

Bai, horrela da, orain arte lortutakoarekin oso konforme nago baina ez naiz konformatzen. Oso exigentea naiz nire buruarekin eta orain arte iristea lortu badut, orain nahi dudana maila honetan mantentzea da eta hori da azkenean zailena del aesango genuke eta lanean jarraituko orain arteko moduan.

Zuri heltzea kosta zaizu.

Esaten dute iristea baino mantentzea izaten dela zailagoa. Debutatu nuenean hori zen entzuten nuen gauza bakarra, pausua emateko aukera hori eman behar dizute, baina behin aukera hori izanda, mantentzea dela zaila. Egoera hau ere antzekoa da, lehenengo honaino heltzea oso zaila da, ikusita nolako konpetentzia  dagoen, are gehiago gure enpresan, goi mailako pilotari asko gaudela.Pixka bat despistatu eta maila jaisten duen pilotariari, bere inguruko pilotari denak gainetik pasatzen zaizkio. Alde horretatik aukera hori izatea asko  kostatu zait izan den exijentziagatik eta ez zait besterik geratu, aurrean izan ditudan ate guztiak bota eta nire lekua egitea baino.

Horren eredu izan zaitezkete Dario eta zu, une batean kanpoan geratzeko beldurrak izan zineten.

Bai, nik uste gure kasua dela normalena, gero hor egon diren adibide batzuk, Irribarria eta  Altunarena, beti komentatu izan direnak, horiek  sailetik aparteko kasuak izan dira eta horrek  txarto ohitu gaituzte. Halako bi kasu nola eman diren, jendeak pentsatzen du normala hori dela eta ez gurea. Eta hemen, bizitzan moduan, gauzak kostata lortzen dira eta lan asko eginda. Jende askorentzat eta pilotari afizionatu askorentzat, gure adibideak bezalakoak egotea lagungarria da.

«Irribarria eta Altunarena sailetik aparteko kasuak izan dira eta kasu horiek txarto ohitu gaituzte»

Girorik bada herrian?

Bai, asko. Azkenean herriko seme bat buruz buruko final handi batean egotea, zer esango dizut nik, azkenean gauza erraldoi bat da  eta txispa berezi bat sortzen du, bai Mallabiko herrian eta baita Bizkaian orokorrean, jendea motibatuta nabaritzen dut, ni moduan.

Giro hori Binakako finaletik desberdina da?

Bai, azkenean nabari dut euforia horrek ez duela amaierarik izan, lehendik jendea oso  motibatua zegoen eta orain, bat batean, banakako final horretan sartzea berriro beste eztanda bat moduan izan da. Jendeak sinistu ezinik jarraitzen du eta momentu hau gozatu beharra dago.