NAIZ

IDK Euskotrenek barruko jokoa indartu du Jewel Tunstull pibot estatubatuarra ekarrita

30 urte eta 1,90 metro neurtzen dituen jokalari honek oso ibilbide luzea izan du dagoeneko. Azken bi denboraldietan Endesa Ligan aritu da, Cadi La Seu talde katalanean eta batez beste 10 puntu inguru sartu ditu bai ligan zein Eurocupean.

Jewel Tunstull pibot estatubatuarra, IDK-ko jokalari Joy Alexis Brown jokalariaren atzean.
Jewel Tunstull pibot estatubatuarra, IDK-ko jokalari Joy Alexis Brown jokalariaren atzean. (Jon URBE | FOKU)

IDK Euskotren itxura hartzen ari da pixkana-pixkana 2023/24 denboraldiari begira. Dagoeneko zazpi jokalari batu ditu hurrengo sasoiari begira. Batetik, Yurena Diaz eta Maria España Almendro kapitainak, eta bestetik Lara Gonzalez, Alba Prieto, Erin Whalen eta Becky Massry fitxaketei erantsi beharreko beste jokalari bat, Jewel Tunstull jokalari estatubatuarra, alegia. Datorren denboraldian Azu Muguruzaren aginduetara izango da New Yorken 1992ko urriaren 25an jaio zen 1,90 metroko pibota.

Tunstullek 31 urte oraindik ez ditu bete, baina ibilbide oso oparoa osatu du dagoeneko Europa osoko lehiaketa ezberdinetan. Northeasterm unibertsitatean NCAAko ibilbidea jorratu eta gero, Hungariako PINKK Pecs 424an jokatu zuen lehenengo, eta hurrengo urtean Estatu frantsesera joan zen Angersekin jokatzeko.

Horren ostean, 2017/18 denboraldian Enea AZS Poznanen jokatu zuen Polonian, eta hurrengo denboraldian, berriz, TSV 1880 Wasserburg talderen elastikoa defendatu zuen, Alemanian. 2019/2020 denboraldian Atenasen jokatu zuen, Panathinaikos talde ezagunean, eta 2020/21eko sasoioan, aldiz, Italiako Jazmin Gas Le mura Lucan.

2021eako udan eman zuen pausoa Tunstullek Endesa Ligara. Cadi La Seu taldeak fitxatu zuen, eta bi denboraldi egin ditu bertan, harritzekoa badirudi ere. Esaterako, Irati Etxarri jokalari nafarraren taldekide izan zen pibot estatubatuarra 2021/22 denboraldian.

Azken denboraldi honi dagokionez, batez beste 10 puntu inguru lortu ditu bai Ligan zein Eurocupean. 11 partidatan 10,5 puntu eta 3,9 errebote pilatu ditu Europan 2022/23 denboraldian, biko jaurtiketetan %55,7 asmatuz, hirukoetan  %25 eta jaurtiketa libreetan %68,2. Endesa Ligan 32 partida jokatu ditu aurten eta batez beste 9,3 puntu, 4,4 errebote eskuratu ditu.

Bere indar fisikoa eta erreboterako gaitasuna argudio bikainak dira barneko jokoa indartzeko, batez ere Ibaetako taldetik Mariam Coulibaly joan eta gero halako jokalari bat behar zuelako Azu Muguruzaren taldeak.