NAIZ

Losseni Fofana etorkinari buruzko euskarazko dokumentalak saria eskuratu du Bordelen

Ziburuko Piarres Larzabal kolegioko hirugarren mailako 12 bat ikaslek sortu zuten Losseni Fofana etorkinari buruzko euskarazko dokumentala. Maiatzaren 31an Akitania Berriako Kontseiluaren egoitzan igaro zen lehiaketan lana aurkeztu ondoren saria eskuratu zuten.

PLK-ko ikasleak, Bordelen lorturiko saria eskutan, eta Losseni Fofana etorkina, Donibane Lohizuneko tren geltokian.
PLK-ko ikasleak, Bordelen lorturiko saria eskutan, eta Losseni Fofana etorkina, Donibane Lohizuneko tren geltokian. (PLK)

Pertsona migratzaileak laguntzen dituzten taldeen sostengua jaso zuen Ipar Euskal Herrira arribatu zenean Losseni Fofanak. Geroztik bere ibilbidea egin du Lapurdin bizi den Boli Kostako gazteak.

Zehazki, badira bost bat urte heldu zen Donibane Lohizunera, eta Le Compoir des Amis jatetxean lana lortu izanak berarentzat izan duen garrantzia nabarmentzen du Fofanak.

NAIZeko irakurleek bere historiari buruz informazio gehiago lortzeko parada izan zuten Idoia Eraso kazetariak elkarrizketa bat egin ziolako gazte afrikarrari iazko abenduan Ziburuko Piarres Larzabal kolegiora hitzaldia ematera bertaratu zenean.

Bisita hurak, ordea, beste uzta bat utzi du. Migrazioa ardatz gaztearen bizitzari buruz film edo dokumental laburra sortu dutelako Seaskako kolegioko ikasleek.

Zehazki, hirugarren maila ikasten duten dozena bat gaztek parte hartu dute maiatzaren 31n Akitania Berriako Eskualdean, igaro zen lehiaketan aurkeztu zen ekoizpen horretan.

Horietatik bederatzi Bordelen aipaturiko erakundean duen egoitzara bertaratu ziren epai-mahaiaren aitzinean taldearen lana defendatzeko.

Hori soilik ez, saria eskutan bueltatu ziren Ziburura, ostegun honetan kolegioak agiri baten bidez jakitera eman duenez.

«Kalitatezko zortzi dokumentala aurkeztu ondoren, krakada ttipi batera komitatuak izan gara, emaitza erabakitzen zen bitartean», azaldu du kolegioak, epai-mahaia pertsona esanguratzuez osaturik zela gaineratuz.

Besteak beste, David Diop idazlea, Pascal Blanchard historialaria edota Marion Duclos komikilaria eta beste hainbat ordezkari ezagunek osatzen zuten epaimahaia.

Anfiteatrora berriz sartu eta emaitzen tenorea heldu zenean David Diop epaimahaiaren buruak lan guztien egileak zoriondu eta berdinketa izanik hiru sari banatzeko deliberoa hartu zuela jakitera eman zuen.

Migrazioari buruzko giza narrazioa

Handik gutxira, ‘Losseni’ dokumentalaren titulua ahozkatu zuen, eta ekimenera bertaratu ziren bederatzi ikasle, oihu eta txaloen artean, joan ziren saria jasotzera.

Ondotik berriz ere trena hartu eta Euskal Herrira itzuli ziren.

Lortutako saria gutxi balitz, bigarren sorpresa jaso zuten Donibane Lohizuneko tren geltokira heldu zirenean. Beraien zain zutelako Losseni Fofana bera.

Piarres Larzabal kolegioko arduradunek nabarmendu dutenez, migrazioaren gainean giza historia bat bildu duen sorkuntzari esker «euskararentzat tokia izan da lehiaketa horretan».

Dokumentala euskaraz grabatua eta frantsesezko azpi tituluekin aurkertua izan da Bordelen, baita saristatua ere.