Iraitz Mateo

76 urteko pentsiodun Pedroren etxegabetzea gelditzeko eskatu dute Donostian

Riberas de Urumea enpresari Pedroren etxegabetzea bertan behera uzteko eskatu diote  Donostian. Enpresari, Etxebizitza Legean babestuta, «etxegabetzea eten eta errenta eskuragarria eta biziarteko iraupena duen etxebizitza» eskaintzeko eskatu diote.

Kaleratzeak  Stopek Donostian egindako agerraldia, Pedroren etxegabetzea gelditzeko
Kaleratzeak Stopek Donostian egindako agerraldia, Pedroren etxegabetzea gelditzeko (Andoni Canellada | FOKU)

76 urte ditu Pedrok, mendekotasun larriko bigarren gradua du diagnostikatuta eta ekainaren 9an etxegabetu nahi dute. Donostian egin dute agerraldia Kaleratzeak Stop, Alokairu Benta Berri, Inquilinos Azorak eta beste hainbat eragile eta alderdik, Pedroren alaba Bettyrekin batera. Riberas de Urumea S.L. enpresa jabe demandatzaileari Etxebizitza Legea baliatuz ekainaren 9rako aurreikusitako etxegabetzea bertan behera uzteko eskatu diote. Hala gertatzen ez bada, egun horretan «etxegabetzeen aurkako piketea» egingo dutela ohartarazi dute.

Ostiral goiz honetan Bulebarreko kioskoan egin dute agerraldia, etxegabetu nahi duten Pedroren alaba Bettyrekin batera, eta eskakizun zehatza egin diote Riberas de Urumea enpresari: «Etxegabetzea eten eta errenta eskuragarria eta biziarteko iraupena duen etxebizitza eskaini Pedrori». Eta ondoren, Donostiako udalaren bitartekaritzarekin negozioei ekin diezaiola eskatu dute, «biziarteko kontratua eta kotizaziorik gabeko pentsioaren araberako errenta dituen beste etxebizitza bat eskaintzeko». Agerraldian parte hartu dute Donostiako EH Bilduko zinegotziek eta Gipuzkoako Batzar Nagusiko Elkarrekin Podemoseko ordezkariek, beraien prestutasuna erakutsiz.

Luxuzko 57 etxebizitza eraikitzeko kaleratu nahi du enpresak Pedro, bertako maizterra. Azaldu dute «mota guztietako presioak» jasan dituela Pedrok errentatzaileengandik, berogailua eta ur beroa hiru urte baino gehiagoz kendu izana salatu dute. «Nire aitaren egoeran dagoen inor ezin da kalean utzi», adierazi du hunkituta Bettyk.

Aipaturiko enpresak, Pedroren etxebizitza kokatzen den bloke guztia erosi, eta luxuzko etxebizitzak egiteko baliatu nahi du. Bettyk azaldu duenez, inongo momentutan enpresa ez da beraiekin harremanetan jarri: «Nire aita egunkaria erostera jaitsi zen, eta kioskoko saltzaileak eman zion albistearen berri, gurekin ez du inork hitz egin». Abokatuaren bidez lanean dabiltzala azaldu dute.

Egiten duten eskaeran oinarritzeko hiru arrazoi azaldu ditu Kaleratezeak Stop-eko bozeramaileak: 2016an Riberas del Urumea SL enpresa jabearen administrazio-kontseiluaren akta batetik. Akta horretan onartu baitzen Pedroren eskaera, hain zuzen ere Antso Jakitunaren kaleko 35eko laugarren solairuko etxebizitzan mantentzeko eskaria, 1960tik bizi den etxebizitzan, biziarteko kontratua duelako. Bigarrenik, Amarako gizarte-zerbitzuen txostenean egiaztatutako kalteberatasun egoera larria, mendekotasun larriko bigarren gradua duenez, pertsona zaurgarri gisa identifikatua delako. Eta hirugarrenik, Pedrok bere biziarteko kontratua urtebetez luzatzeko duen eskubidea, Etxebizitza Legeak jasotzen duen bezala, 2024ko maiatzaren 26ra arte.

Eremu tentsionatu izendatzearen eskaera

Etxebizitza Legeak jasotzen duen hiru urteko luzapena aplikatzeko Donostia eremu tentsionatu gisa izendatu behar dela adierazi dute: «Donostia eremu tentsionatua da etxebizitzari dagokionez, baita Gipuzkoa osoa ere, eta hori hala jasotzea eskatzen dugu».

Azaldu dute Pedrorena ez dela kasu bakarra, prentsaurrekoan egoera paretsuan dagoen Angel Miguel ere egon da. 80 urteko Irungo jubilatua. Ekainaren 24ean amaituko da bere kontratua, eta Etxebizitza Legearen bidez etxegabetzea geratzen ahaleginduko dira, baina horretarako, aurrez aipatu gisara, eremu tentsionatu gisa izendatu beharko litzateke Donostia.

Beste behin, luxuzko hotel edo etxebizitzak egiteko herritarrak etxegabetzea salatu dute: «Babesgabetasun egoera hau beste higiezinen enpresek eta inbertsio-funtsek, euren maiterrei eragiten diena ere bada». Estrategia hori besteak beste Azorak Gros auzoko Bermingham 1, Zabaleta 55 eta Segundo Izpizua 3 kaleetako hiru eraikinekin jarraitzen ari dela salatu dute.