Urtzi Urrutikoetxea

Bidenek tantoa, McCarthyk tanto eta erdi, zorpetze-mugaren akordioan

Estatu Batuak sekula ez dira iritsi «default» delakora -zorra ordaintzeari uztea; egun, 31 bilioi dolarrekoa-; hori gertatzea astindu itzela izango litzateke bai herrialdearentzat bai mundu osoko ekonomiarentzat.

(Stefani REYNOLDS | AFP)

O bamari gertatu zitzaion langile federalak etxera bidali behar izatea; itxitako parke nazionalaren irudiak mundu guztira zabaldu ziren. Orain, lubakien politika polarizatu honetan, errepublikanoek ikur bihurtu dituzte muturreko jarrerak; abortua, armak eramateko eskubidea, arrazismoa eta homofobia gaietan kasu. Betiere aldi berean ekonomian kudeatzaile onenak direla aldarrikatuz.

Bidenek karta hori baliatu du negoziazioetan, baita bere alderdiaren barruan, ezkerretik, errepublikanoen xantaiarekin negoziatzerik ez zegoela esan diotenei aurre eginda ere. Konstituzioaren 14. eranskina baliatzeko eskatzen zioten presidenteari, zorpetzea Kongresuaren onarpenik gabe igotzeko aukera ematen baitio.

Bidenek ez zuen aukera hori erabat baztertu, baina negoziatzea hobetsi du, eta Erreserba Federalak aurreikusitako epean dator akordioa. Asteazkenean, maiatzeko azken egunean, Ordezkarien Ganberan gehiengo handi batekin egin zuen aurrera. Senatuan dauka hurrengo geltokia, astelehenean Etxe Zurira iritsi eta lehendakariak sinatu aurretik.

Memorial Day, alegia, Erorien Eguna, izan dugu asteon (maiatzeko azken astelehenean izaten da). Data horren aurreko egunetan AEBetako militarismoa etxe eta lantoki guztietaraino iritsi ohi da; herri askotan bertako «uniformendunen» argazkiak dituzte kaleetan eta ohi baino bandera gehiago izaten dira kale, etxe zein parkeetan. Eta, hori aprobetxatuz, demokratek gogora ekarri dute errepublikanoen proposamenak Armadako beteranoentzat ere murrizketak zekartzala.


Kevin McCarthyk eta enparauek berehala heldu zioten gaiari: ados, eremu horretako gastua onargarria da, baldin eta beste ataletatik kentzen bada.

Bidenek negoziazioari eusteko heldulekua zeukan. Negoziatzeak zeuretik ere zerbait uztea dakar -«inork ez du nahi zuen guztia lortu», adierazi du presidenteak- eta agenda errepublikanoan artaziak eremu sozial guztietan ageri ziren, osasun-babesetik hasi eta behartsuenentzako oinarrizko laguntzara, ingurumenaren aldeko programak ahaztu gabe.

Funtsean, behar handiena dutenei zaildu egingo zaie gutxieneko laguntza lortzea, horretarako baldintzak zorroztu egingo baitira. «Izugarria da jende behartsuari esatea ez garela haietaz fidatzen», salatu du Pramila Jayapal kongresukide demokratak.

Muturreko errepublikanoentzat ez da aski McCarthyk inposatu duen guztia, baina indartuta atera da negoziaziotik; besteak beste, 149 kongresukide errepublikanok babestu baitzuten akordioa Ganberan asteazkenean.

Kongresukide demokraten «caucus» progresistak ere kritikatu du Bidenen akordioa. Izan ere, ez da gastua soilik murrizten, diru-sarrerak ere galtzen dira errepublikanoei onartutako puntuetan: Ogasunetik 1.400 milioi dolar kentzeak aberatsenen iruzur fiskala ikertzea zailduko du.

McCarthyk negoziatutako gaitik guztiz aparteko beste bat inposatzea ere lortu du: pandemiatik izoztuta egon da ikasleen ikasketa-zorra, baina akordio honekin berriro ordaintzen hasi beharko dute eta horrek milioika familiaren egoera estutuko du, eta herritarren kontsumoari ere eragingo dio.

Gastu militarrean artazirik ez sartzeko, gainerako atalek beren gain hartzen dute murrizketarik gabeko atal militarraren igoera. Ez dira demokrata progresistak bakarrik horren kexu; Rand Paul senatari errepublikanoak ere esana du noizbait utzi beharko dutela gastu militarra ukiezina dela dioen leloa.

John Nichols kazetariak gogora ekarri duenez, «tamalez, Biden eta McCarthy behi sakratu horren aurrean makurtu dira, eta konpromiso horrek langabeak eta soldata txikia duten langileak gosea pasatzera daramatza, eta planeta pixka bat bizkorrago erretzera».

“Ondo dago kapitalismoarekin haserre egotea” liburua idatzi zuen Bernie Sanders senatariak ere iragarri du ez duela legea babestuko: «Defizita ezin da murriztu langile, ume, gaixo, heldu eta pobreentzat ezinbestekoak diren programak moztuz eta milioidunei dagozkien zergak ordaintzea ez eskatuz edo kontrolik gabeko gastu militarra mugatu gabe».

McCarthy indartu egin da, baina Bidenek ere bere tanto gisa markatuko du zorpetze-muga igotzeko hitzarmena. Akordio guztiak bezala, Gobernuaren balantzean oroitaraziko dute agintaldi amaieran.

Hor daude covid-aren osteko inbertsio-legeak edo armei buruzko neurri xume baina esanguratsuak (mende honetako lehena). Negoziatzaile onaren fama izan du beti Bidenek. Baina bere balantze-liburuko tanto hau garesti irtengo zaie milioika estatubatuarri.