Andoni Arabaolaza

Eguzkiz Blai, eskalatzaileen elkartasuna Taghia herriarekin

Proiektu berriak lortu nahi du herri berbere horretako etxeek edateko ura eskuragarri izan dezaten. Egitasmo horrekin sona handiko eskalatzaile eta alpinista batzuek bat egin dute.

Euskal Herriko mendizaleek bultzatuta, elkartasunak sustraiak hartu ditu mundu zabaleko mendilerro ezberdinetan dauden herrietan. Ziur aski, irakurleak bi proiekturen berri baditu: ‘SOS Himalaya eta Baltistan fundazioak. Lehena, Iñaki Otxoa de Olzaren omenez sortu zen; bigarrenak, berriz, Felix Iñurrategi gogoan du.

Bi proiektu horiei beste bat batu zaie: Eguzkiz Blai. Eta honek Taghiako herria (Maroko) du geltokia. Hainbat eskalatzaile eta alpinista dira bultzatzaileak. Hain zuzen ere, herri berebere horren ingurumarian dauden hormatzarrak behin baino gehiagotan bisitatu dituztenak. Eta helburuak oinarri sendoa du: Taghiako herriko etxeek edateko ura eskuragarri izan dezaten. Nahiz eta alderdi menditsu horrek ura barra-barra duen, hango azpiegiturak oso kaskarrak dira. Ur hori etxe askori ez zaie iristen, eta iturburu desberdinetara joan behar izaten dute ur bila.

Xede horren lehen printzak duela bi urte «argia» ikusten hasi ziren. Bi euskal eskalatzaile izan ziren «argi» hori piztu zutenak: Aitzol Ibarzabal eta Iñaki Arakistain. Mundu zabaleko makina bat eskalatzailek bezala, modan dagoen eskalada eremu hori bisitatu zuten. Ez ziren oso une egokiak; izan ere, pandemiaren garaiak ziren.

Alabaina, bi eskalatzaileok Taghiara iristea lortu zuten: «Europan zailtasun asko genituen garai hartan askatasunari zegokionean, baina harridura handiz hartu genuen bertako mandozainek esan zigutenean bakarrik egongo ginela. Urte bat baino gehiago zeramatzaten eskalatzailerik gerturatzen ez zela. Bizipen hau opari bat izan zen guretzat, eskalatzeko horma guztiak guretzat izateaz gain, Said eta etxekoekin beste egonaldi batzuetan baino harreman estuagoa izateko aukera izan baikenuen».

Nahiz eta Marokoko Gobernuak etxeak urarekin hornitzeko proiektu bat martxan jarri zuen (besteak beste, bi ur biltegi daude), bi eskalatzaileoi ez zitzaien iruditu konponbide hoberena zela.

Protagonistak beraiek onartu duten bezala, egonaldiak egoera horretaz jabetzera eraman zituen: «Askotan eskalatzaileon itsukeriak eta beharrek ez digute uzten begien aurrean duguna ikusten. Gure kasuan, herrian genuen lasaitasunak eta bakeak eskaladaz haratago herritar hauek zituzten aukerak eta beharrak ikusten lagundu ziguten. Herritar horiek ur hornidurarekin zuten arazoa dela-eta, eguzki plakekin herriaren goiko aldean dagoen biltegira ura ponpatzeko instalazio bat egitea bururatu zitzaigun».

Garapenaren bidean

Bidaia bukatu, Euskal Herrira itzuli eta pare bat hilabetera, Ibarzabalek eta Arakistainek egitasmoaren inguruan mezua bidali zioten Saiden aita Mohamed-i: «Uste dugu Taghiako herritarrei laguntza bat emateko aukera izan dezakegula, baina ez dugu zuek sentitzen ez duzuen beharrik sortu nahi. Hori esanda, ea zer iruditzen zaizuen proposamena».

Bi eskalatzaileok diote Mohamed-ek erantzun ziela ilusio handiz jaso zuela proposamena eta herritarrekin bildu eta gaia aztertuko zutela. Jarritako hazia indarra hartzen hasi zen; era horretan, Eguzkiz Blai proiektuak forma hartu zuen.

Lehen urratsen artean aipatu behar da egitasmoaren alderdi teknikoa: Tolosaldea Lanbide Heziketarako Zentroak gidaritza hartu duela, eta beste erakunde laguntzaile batzuen aholkularitza duela: «Jasangarritasuna eta energia berriztagarriak sustatzeaz gain, proiektua interesgarria da ikuspegi didaktiko eta pedagogikotik; izan ere, garapen iraunkorreko helburu gehienetan eragiten du».

Duela pare bat urte Ibarzabalek eta Arakistainek izan zituzten burutazio horiek, elkartasunean oinarrituta daudenak, hasi dira bidea egiten. ‘Abentura’ horretan ez daude bakarrik. Eta hori diogu eskalatzaile eta alpinista batzuek bat egin dutelako egitasmoarekin. Hor dira, besteak beste: Christian Ravier, Arnaud Petit, Sean Villanueva Mikel Uribetxeberria eta Alex Honnold.

Nahiz eta eskaladako hormatzar horiek gero eta bisita gehiago jasotzen ari diren, Taghiak mendiko herrixka xume bat izaten jarraitzen du. Horregatik, protagonistok azpimarra jarri nahi diote Eguzkiz Blai proiektuari. Garrantzia emateaz gain, eskalatzaileen laguntza eta kolaborazioa eskatzen dituzte. Informazio gehiago: www.taghiaeguzkizblai.eus.