Arnaitz Gorriti

Gracia Alonso Lara Gonzalezekin elkartuko da Donostian; Gretter da Araskiren gidari berria

Hegaleko bilbotarrak defentsan eta errebote lanetan sekulako ekarpena emango dio Azu Muguruzaren taldeari, joan den apirilean Kopa irabazi ostean. Gasteizen, Maria Asurmendik agur esan eta gero, Melisa Gretter antolatzaile argentinarrak zuzenduko du Kutxabank Araski.

Gracia Alonso, joan den denboraldian Zaragozarekin, Kutxabank Araskiren aurka Mendizorrotzan.
Gracia Alonso, joan den denboraldian Zaragozarekin, Kutxabank Araskiren aurka Mendizorrotzan. (Endika PORTILLO | FOKU)

Joan den apirilaren 2an, Basket Zaragozak Kopako finala irabazi zuen, Perfumerias Avenidari 55-51 gailenduta. Aragoiko taldean une horretan Lara Gonzalez donostiarrak eta Gracia Alonso de Armiño bilbotarrak jokatzen zuten. Bi hilabete beranduago, biek ala biek 2023/24 denboraldia IDK Euskotrenekin emango dutela ofizial egin da.

Lara Gonzalezek Ibaeta Basketen bigarren egonaldia beteko duela iragarri zen duela pare bat aste eta ostiral honetan, berriz, Gracia Alonso hegaleko bilbotarra batu zaio antolatzaile gipuzkoarrari. Biak ala biak Zaragozan hain maite duten «rasmia» –nortasuna, nolabait esatearren– delakoaren eredu izan dira; ez dira kalitaterik handieneko jokalariak, baina bai partidak gogortzen eta estutzen direnean kikiltzen ez diren horietakoak.

Esaterako, aipatu Kopako finalean Gracia Alonsok sekulako lana egin zuen. Vega Gimeno hegaleko titularra epaileek egotzi egin zuten kiroltasunaren aurkako falta bat eta falta tekniko bat jaso zituelako partidan zehar. Gimeno kalera joan zenean galtzen ari zen Zaragozako taldea, baina markagailuari buelta emateko kapaz izan zen, neurri handi baten defentsa lanean eta erreboteak harrapatzeko lanetan bikain aritu zelako hegaleko bizkaitarra.

«Vega egotzi dutela ikusi dudanean, barrutik atera zait azaldu ezin dezakedan zerbait. Badakit txapelketak defentsari esker irabazten direla eta hortik jo dut», azaldu zuen bilbotarrak partida haren amaieran.

1992ko abuztuaren 11an jaiotako jokalari honek oso ibilbide oparoa dauka, nolanahi. Estatu Batuetan formakuntza Tennesse estatuko Free Hardeman unibertsitatean burutu zuen. Han lau urte bete ostean, Suediako Mark Basket taldean aritu zen 2016an Gernikara joan aurretik.

Horren ostean Canoe, Ibaizabal Galdakaoko taldea eta Estudiantesen jokatu zuen, harik eta 2020/21 denboraldian Estudiantesekin Endesa Ligara igotzea lortu arte. Hurrengo denboraldia Kutxabank Araskirekin eman zuen eta handik Zaragozara joan zen.

Amaitu berri den denboraldi honetan, Ligan 3,1 puntu eta 2,9 errebote eskuratu ditu batez beste eta Eurocupean ere, antzeko zenbakiak pilatu ditu bilbotarrak: 3,3 puntu eta 2,5 errebote partidako. Bistan denez, ez dira txunditzeko moduko zenbakiak, baina defentsako lanean eta partidak gogortzen direnean ez duela kalerik egiten erakutsi du bilbotarrak.

Antolatzaile berria

Kutxabank Araskiri dagokionez, Melisa Gretter antolatzaile argentinarra fitxatu du 2023/24 denboraldirako. Orain arte Maria Asurmendi nafarrak betetzen zuen antolatzaile titular postua beteko du urtarrilean 30 urte bete dituen jokalari honek.

Azken hiru denboraldietan Estudiantesen jokatu du hegoamerikar txikiak, nahiz eta aurrez Zaragozan jokatu zuen ere. 2022/23 sasoian 7 puntu, 4,2 errebote, 4,9 asistentzia eta 1,6 osturiko baloi pilatu ditu batez beste.

«Taldea energiaz kutsatuko duen jokalaria da. Lider eredugarria da, eta talde osoa berez dena baino hobea egingo du. Melisak oso ondo jokatzen du joko irekian, trantsizioan, baloia arin askatzen baitu eta erabaki onak hartzen dituelako. Gogo handia dut berarekin lan egiteko eta bere bertsiorik onena jasotzeko, gure zaleek partida guztietara etortzeko gogoa izan dezaten», baieztatu du Made Urieta entrenatzaileak.