NAIZ

Kimuak 2023 katalogoa osatuko duten zazpi film laburrak hautatu dituzte

Isabel Herguera, Iban del Campo, Tamara Lucarini, Raul Campos, David Perez Sañudo, Nitya Lopez Saitua eta Itziar Leemans-en film laburrek osatuko dute 2023ko Kimuak katalogoa.

Isabel Hergueraren ‘La mujer ilustrada’ laburreko fotograma.
Isabel Hergueraren ‘La mujer ilustrada’ laburreko fotograma. (KIMUAK)

Kimuak programaren epaimahaiak 26. edizioaren deialdira aurkeztutako 60 proposamenak aztertu eta zazpi film labur hautatu ditu Kimuak 2023 katalogoa osatzeko. ‘La mujer ilustrada’ (Isabel Herguera), ‘Sorbeltza’ (Iban del Campo), ‘Prioridades’ (Tamara Lucarini Cortés), ‘El aprendiz’ (Raul Campos), ‘El rey de la semana’ (David Perez Sañudo), ‘Deadly Draw (Sorteo Mortal)’ (Nitya Lopez Saitua) eta ‘Ximinoa’ (Itziar Leemans) dia zazpi lanak.

Etxepare Euskal Institutuak eta Zineuskadi elkarteak sustatutako programak euskal film laburren sustapena eta zabalkundea du xede, eta, urtero bezala, euskal film laburren hautaketa nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ekimen garrantzitsuenetara bidaliko dira ostiral honetatik aurrera.

Hautaketa batzordea Simon Blondeau Baionako Cinema L 'Atalanteko zuzendari laguntzaile eta kultur bitartekariak, Ana Herrera Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiko ikus-entzunezko proiektu estrategikoen eta proiektu digitalen atalburuak, Txaro Landa Bilboko FAS zineklubeko zuzendariak, Jaime Manrique Bogota-Bogoshorts Film Laburren Jaialdiaren eta Black Velvet Laborategien sortzaile eta zuzendariak eta Alberto Valverde Edinburgoko CinemaAttic plataformako programatzaileak osatu dute.

Kimuak 2023 katalogoak animazioa eta fikzioa jaso ditu. Hizkuntzei dagokienez, Etxeparetik nabarmendu dute filmetako bat euskara hutsean egin dela, eta beste bat euskaraz eta frantsesez; gainerakoak gaztelaniaz egin dira, eta horietako bik hindia eta bengaliera ere erabiltzen dute. Aurtengoan katalogoko zazpi lanetatik hiru emakumeek zuzendu eta ekoitzitakoak dira.