NAIZ

Maiatzak 1.558 langabe gutxiago utzi ditu Hego Euskal Herrian

Pasa berri den maiatzaren amaieran, 137.287 pertsona zeuden Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan izena emanda, aurreko hilabetean baino 1.558 gutxiago, Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerio espainiarrak argitaratutako datuen arabera.

Lanbideren bulego bat, Bilbon.
Lanbideren bulego bat, Bilbon. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Lanbiden eta Nafar Lansarean inskribatutakoen kopurua 1.558 pertsonatan murriztu zen joan den maiatzean, aurreko hilabetearekin alderatuta. Horrek esan nahi du langabe erregistratuen kopurua 137.287koa izan zela, Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerio espainiarrak emandako datuen arabera.

Aurreko urtearen aldean, 8.127 langabe gutxiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian.

Maiatzeko datuei dagokienez, beherakada handiena Nafarroan izan da, %2,70 jaitsi baita langabezia (832 pertsona). Iazko datuekin alderatuta, beherakada %6,39koa da (2.050 langabe gutxiago). Guztira, 30.012 pertsona daude izena emanda herrialde horretako enplegu-zerbitzu publikoaren bulegoetan.

Bizkaian %0,81 jaitsi da langabezia (495 langabe gutxiago), Gipuzkoan %0,59 (167 gutxiago) eta Araban %0,34 (64 gutxiago). Aurreko urtearen aldean, jaitsiera %7,05ekoa izan da Gipuzkoan (2.125 langabe gutxiago), %5,56koa Bizkaian (3.546 gutxiago) eta %2,09koa Araban (406 gutxiago).

Milioi bat afiliatu EAEn

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan milioi bat herritar daude gizarte segurantzan izena emanda. Orain arteko zenbakirik handiena da, azken hilabetean 5.343 afiliatu gehitu eta gero. Apiriletik maiatzera %0,54 igo da kopurua.

Hilabeteak zeramatzan EAEk milioi bat afiliatuen mugara iristear. Apirilean 997.243 lagun zeuden gizarte segurantzan izena emanda. Are gehiago, maiatzeko lehenbiziko hamabostaldian langa hori gainditu eta 1.003.069 afiliatu zenbatu zituzten.

Azkenean 1.002.586 afiliaturekin itxi da maiatza. Horietatik 502.775ek Bizkaian kotizatzen dute, 334.403k Gipuzkoan, eta 165.408k Araban.

Sektoreka, 830.651 langile sistema orokorrean daude. Talde honen barruan sartzen dira 28.544 etxeko langileak eta nekazaritza arloko 2.891 beharginak.

167.853 autonomoak dira eta 4.082 itsasoko langileak.

306.530 Nafarroan

Nafarroan ere goia jo du gizarte segurantzan izena emandakoen kopuruak: 306.530 pertsona dira. Hilabete batean 2.791 afiliatu irabazi ditu lurraldeak (%0,91ko igoera) eta urte batean, 5.727 (%1,9ko igoera).

24.232 lan kontratu erregistratu dira maiatzean, horietatik 6.166 mugagabeak (%25,4). 2023ko lehenbiziko bost hilabeteetan 27.679 kontratu mugagabe egin dira, aurreko urteko data beretan baino %9,9 gehiago.

Mari Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen sailburuaren iritziz, enpleguari buruzko ikuspegi «katastrofistak» gezurtatzen dituzte datuek. «2015ean baino ia 16.000 langabe gutxiago ditugu, eta 2019an baino 3.000 gehiago. Gizarte Segurantzako afiliatuen datuak ere oso onak dira, hilabetez hilabete markak puskatzen ditugu», baloratu du.

ELA eta LABen irakurketak

ELA nahiz LAB sindikatuak ez dira hain baikorrak. Kontratuen behin-behinekotasun tasa eta langabeen artean %58,7a emakumeak direla nabarmendu dute. LABek dioenez, gazteen artean are gehiago dira emakumeak (%59,7) eta «langabeziaren zama emakumeen bizkar handitzen ari dela» salatu dute.

Gazteen egoeraz, ELA sindikatuak azpimarratu du maiatzean emaitza negatiboa izan zutela, 167 langabe gehiago izan baitziren.

Gainera, Europarekin alderatuta, Hego Euskal Herrian langabezia tasak Europako batez bestekoaren «oso gainetik jarraitzen» duela esan du ELAk. Hego Euskal Herrian, tasa %10,1ekoa izan den bitartean, Europar Batasuneko batez bestekoa %6koa izan da apirilean.