Iker Bizkarguenaga
Elkarrizketa
Jokin Bildarratz
Lakuako Gobernuko Hezkuntza sailburua

«Testuak leialtasun osoz errespetatzen du Legebiltzarrean egindako akordioa»

2022ko apirilean sinatutako oinarrizko akordioak Legebiltzarraren %90aren babesa eskuratu arren, EAEko Hezkuntza Legerako bidea ez da lasaia izaten ari. Hala ere, Jokin Bildarratzek ez du zalantzarik legealdia bukatzerako onartua izango dela. Aldendu direnen jarrerak ez du harritu.

(Jon URBE | FOKU)

Legealdia bukatzerako Hezkuntza Legea izango dugu?

Bai. Inolako zalantzarik gabe.

Izan ere, denetarik entzuten da, epeak oso estuak direla...

Ez dut beste agertokirik aurreikusten. Egia da Legebiltzarraren esku dagoela, eta Gobernuak egin beharrekoa egin duela, baina oso landuta dagoen testu bat da. Ohikoa ez den prozedura bat jarraitu dugu, eta, ohikoa ez den prozedura izanda, Legebiltzarrak oinarri nagusiak Gobernuari igorri dizkio, testu artikulatu hori garatu ahal izateko. Norbaitek bi testuak konparatuko balitu, eta erraz egin daiteke, segituan ikusiko luke oso berdintsuak direla eta testu artikulatu honetan leialtasun osoz errespetatzen dela 2022ko apirilaren 7ko Legebiltzarraren akordioa. Egutegia zehaztuta dago, eta ez dugu aurreikusten arazorik egongo denik. Inplikatuta dauden alderdiek horrela baieztatu dute.

Hori horrela izanda, deigarria izan zen Lege Proiektua aurkeztu eta jarraian PSE ñabardurak egiten ikustea. Gaizki ulertuak daude? Bat zatozte?

Hori erlatibizatzen dugu. Guk bi ebidentzia dauzkagu: lehenengoa, apirilaren 7ko akordioa legebiltzarkideen %90ak baino gehiagok baieztatu zuela; eta bigarrena, Jaurlaritzak testu bat onartu duela eta testu hori Legebiltzarrera bidalita dagoela. Horiek bi elementu objektibo dira. Hortik aurrera, horretarako dago Legebiltzarra, egon daitezkeen zalantzak eta ñabardurak mahai gainean jartzeko. Ez dut uste sakoneko zalantzarik dagoenik, gutxienez EAJ, PSE eta EH Bilduren artean, aurrera ateratzeko.

2022ko batasun argazki horretatik Elkarrekin Podemos aldendu da. Harritu zaitu?

Ez. Lehenengo egunetik jada aldendu zela uste dut, eta ikusi da ez dela ezer egiteko borondaterik egon. Podemos da sinatzaileen artean ekarpenik egin ez duen bakarra. Adibide bat jarriko dut: lehenengo zirriborroa irailean atera zenean, Podemosek, gainerako alderdi sinatzaileek bezala, bi hilabete lehenagotik zeukan testua, eta ez zion inolako ekarpenik egin. Egin zituen ekarpenak, edo hausnarketak, hedabideen bidez egin zituen. Argi ikusten zen bere jarrera. Eta Legebiltzarreko eztabaidan ere ikusiko dugu orain. Ikusiko delako ze elementu zegoen apirileko akordioan eta zein dagoen orain; baten bat falta bada, zuzenketak aurkeztea besterik ez da behar. Erraza da.

Sindikatu batzuk ere aurkako jarrera argian daude. Hor aldaketarik gauzatzeko modurik ikusten duzu?

Gu sindikatu guztiekin legea lantzen saiatu gara, eta, hain zuzen, modu sakonean landu dugu horrela egin nahi izan dutenekin.

LABek Hezkuntza Sailarekin akordioa erdietsi duela iragarri berri du.

Albiste pozgarria da, izan ere, Gobernu honek daukan ezaugarri nagusienetako bat elkarrizketa da. Ostegun gauean akordio bat sinatu zen LAB eta Interinok sindikatuekin, eta, alde horretatik, etorkizuneko Hezkuntza Legearekiko babes bat lortu dugu, eta, baita ere, legea garatu ahal izateko lan baldintzei buruzkoa, bai arlo publikoan bai itunpekoan. Interinok eta LAB sindikatuekin adostu duguna mahai sektorialetara eramango da, negoziazioetarako. Beste sindikatuak ere gonbidatuko dira, hartu diren erabaki eta adostasunetan parte har dezaten.

Lege Proiektua begi onez ikusi duten alderdien artean ere iritzi desberdinak izan dira gai batzuk interpretatzerako orduan, adibidez hizkuntza ereduen inguruan. Testuari zehaztapena falta zaio?

Ez, ez. Hezkuntza Legeak badu pisu estrategiko bat; herri baten hezkuntzaren etorkizunaz ari gara, edo herriaren beraren etorkizunaz. Legeak hitz egiten du hezkuntzaren eraldaketaz; gizarteak edo pertsonek jorratu beharreko baloreez; elkarbizitzaz; eskola publikoak eta sistemak bere osotasunean behar dituen proiektu estrategikoez; etorkizunari begira eta garai berrietara egokitzeko egin beharreko prozesuez; irakasleriaren formazioaren beharraz... Baina egia da zenbaitetan totem batzuetan zentratzen garela, titularren bila, sakonago joan beharrean.

«Ereduak bitartekoak dira, ez helburuak. Hemen pauso kualitatiboa euskara ardatza duen hizkuntza proiektua eta irteera profila dira»

 

Hemen euskara eta hizkuntzen inguruan ematen den saltorik garrantzitsuena izango litzateke, alde batetik, ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza proiektua egin behar duela, eta hizkuntza proiektu hori eleaniztuna izango dela, baina euskara duena ardatz. Eta hau oso garrantzitsua da. Eta, bestetik, ikaslegoaren irteera profila, bai euskarari dagokionez, bai gaztelerari eta gutxienez hirugarren hizkuntza bati dagokionez. Eta hori bete ahal izateko familiek ereduen inguruko eskubidea izango dute. Azkenean, ereduak bitartekoak dira, ez dira helburuak, eta aukeratzen dituzten bitartekoak, hau da, ereduak, izango dituzte beraien seme alabak hezteko. Baina hemen pauso kualitatiboa euskara ardatza duen hizkuntza proiektua eta irteera profila dira.

Ezarri diren profilak eta helburuak oso zehatzak, argiak dira, bai, baina ikasle guztiek profil horiek eskuratuko dituzten bermerik ba al dago?

Erantzungo dizut, baina lehenago beste galdera bat egingo dut. Ikasle guztiek matematiketan izan beharko luketen irteera profila gaindituko duten bermerik ba al dago? Erantzuna da, ez. Bermatu beharko litzatekeena da ikasle bakoitzak bere bikaintasuna lortu ahal izateko aukera eskainiko zaiola. Ikasle guztiek beraien garapen pertsonala gauzatu ahal izateko eskubide berdinak izango dituztela. Ikasle bat egoera soziolinguistiko edo ekosistema zehatz batean bizi baldin bada, aukera batzuk edukiko ditu, eta beste ikasle bat beste egoera soziolinguistiko edo sozioekonomiko batean bizi bada, beste batzuk edukiko ditu. Eta guk, sistema bezala, eta hemen lotzen ditugu zaurgarritasuna, plan estrategikoak, kontratu programa..., ikastetxe bakoitzaren profilak zein diren definitzen dugu; zailtasun handieneko zentroak, bikaintasun zentroak, adibidez, eta bai batzuei zein besteei, inklusibitate, ekitate eta bikaintasunaren izenean, beraien onena eman ahal izan dezaten baliabideak eskaintzen zaizkie.

Segregazioan, alde handia ikusten da iraileko zirriborrotik Lege Proiektura. Ahalegin handiena hor egin duzue?

Bai. Gehiago zehaztea eskatzen zitzaigun, Save the Children-ek adibidez, eta hori da egin duguna. Ikasi dugu, ikusi dugu eta gehiago zehaztea eskatu zaigunez, eta posible denez, egin dugu. Lege bat definitzen ari zarenean, hartzen duzun lehenengo erabakia ze lege mota egin behar duzun da; zabalagoa, estuagoa, oreka nola mantendu. Gure zalantza zen gaur egun zaurgarritasuna modu batera ulertzen dela, baina hemendik hogei urtera zaurgarritasuna era berdinean ulertuko da? Beste ikuspegi bat izango da? Gehiago ikasi delako, ikertu delako, beste egoera batzuk daudelako...

«Segregazioari dagokionez gehiago zehaztea eskatzen zitzaigun, Save the Children-ek adibidez, eta hori da egin duguna»

 

Azkenean, Bartzelonako Unibertsitatearen eta Xavier Bonalen laguntzaz, eta Save the Childrenen laguntzaz, gehiago zehaztea lortu dugu, gehiago lantzea, eta horrela joan da testua. Ez hori bakarrik, aurten lehen aldiz matrikulan landu dugu eta martxan jarri dugu prozesu guztia.

Hain zuzen ere, matrikulazio kanpainan ika-mika batzuk izan dira, hitz truke gogorrak. Urak bere bidera itzuli al dira?

Nik uste dut helburu partekatua dela, izan dela eta izango dela, eta legearen helburu bat ere bada, segregazioaren aurkako adostasun soziala. Hori da legeak daukan beste elementu garrantzitsuenetakoa. Horrek ez du esan nahi zenbait momentutan tentsioak egongo ez direnik. Tentsio horiek izan daitezke jaiotze tasak eragindakoak, adibidez. Eta hainbat gurasok aukera izan ez dutenean, orain arte gertatzen zen bezala, haien seme-alabak beraiek lehen aukera gisa jarritako ikastetxean egoteko, nolabaiteko tentsioa sortu da. Baina legedi bat zegoen, arautegi bat garatu dugu lege horretan, arautegia gardena izan da, publikoa izan da, aldeekin hitz egindakoa, eta egin duguna hori aplikatzea izan da. Hurrengo urteetarako ikusi beharko dugu non hobetu daitekeen, azken helburu hori betetzeko: funts publikoekin finantzatzen diren ikastetxe guztiek era bertsuan eta orekatuan erantzun diezaiotela zaurgarritasunari.

Hezkuntza Akordioan digitalizaziori buruzko kapitulu oso bat zegoen, Lege Proiektuan zeharka aipatzen da, baina ez dauka kapitulu bereziturik. Legean izango du?

Ikusi beharko dugu legebiltzarkideek zer esaten duten. Guk, garrantzi hori ikusita, egin duguna da bai legearen printzipioetan bai helburuetan sartzea. Eta, gainera, datorren urtetik aurrera bost esperientzia pilotu jarriko ditugu martxan software askea garatu ahal izateko. Hor aurrekontu garrantzitsu bat dago, eta landuko dugu. Gure ustez, akordioan adierazten zen borondatea proiektuan jasotzen da; baina legebiltzarkideek ikusiko balute gehiago zehaztu behar dela, haiek aztertuko dute nola islatzen duten.