Joseba Salbador Goikoetxea

Ekoetxea Urdaibaik aldaketaren partaide izatea proposatu die herritarrei

Martxoan hasi eta ekainaren 30era arte, Urdaibaiko Biosfera Erreserban bizi diren 170 parte hartzailek CO2 emisioak gutxitzeko zenbait konpromiso hartu dituzte, inguru horretako isurketak 300 tonatan murrizteko helburuz.

Larunbat honetan beste hondakin bilketa handi bat antolatu du Ekoetxea Sareak, Ingurumenaren Mundu Egunerako prestatu dituzten ekintzen artean.
Larunbat honetan beste hondakin bilketa handi bat antolatu du Ekoetxea Sareak, Ingurumenaren Mundu Egunerako prestatu dituzten ekintzen artean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Herritarrek paper erabakigarria joka dezakete klima aldaketari eta beraren ondorioei aurre egiterakoan; nolanahi ere, kontzientziazioa ez da beti aski izaten, eta nola jokatu behar den jakitea ere funtsezkoa izan daiteke.

Ekoetxea Urdaibaik aldaketaren partaideak izatea eskatu die bertako herritarrei: ingurumen zentrotik proposatutako erronka berri batean parte hartuz, alderdi horretako CO2 isurketak 300 tonatan murrizteko, modu kolektiboan, martxoaren 9tik ekainaren 30era bitartean.

Erronkak #UrdaibaiErronka hashtaga darama, eta Urdaibai eskualdeko udalerrietan bizi diren 16 urtetik gorako pertsonengana zuzenduta dago, eta baita gune paregabe hori zaintzen lagundu nahi duen beste edozeinengana ere.
Formula erraza da. “The Planet App” deritzan aplikazio mugikor baten bitartez erabiltzaileek kalkulatu ditzakete euren bizi ohiturei lotutako berotegi efektuko gasen isurketak, alegia, besteak beste etxebizitzatik, erabiltzen dituzten garraioetatik, elikaduratik edo euren bizi estilotik datozen isurketak.

Pertsona bakoitzak bere keinu jasangarrien plana definituko du app horretan, egiteko prest dagoenaren eta bere ustez egin dezakeenaren arabera. Ekintza bakoitza tipifikatuta dago sortzen duen karbono aztarnarekin, eta, hortaz, pertsona bakoitzaren aurrezpena kontabilizatzen du, bere egiten dituen erronken arabera.  

170 parte hartzaile aktibo

Antolatzaileek emandako datuen arabera, ekimen honetan 170 parte hartzaile aktibok izena eman dute, eta martxoaren 9az geroztik, 33,77 tona CO2 gutxiago isurtzea lortu dute. Guztira, 1.469 ohitura hasi dituzte, eta horietatik 1.139 amaitu dituzte.  

Emisioak gehien murriztea lortu duten ohiturak hauexek dira: emeki-emeki gidatzea, kontsumoa zainduz; etxean janaria alferrik galtzea minimizatzea; tokiko eta sasoiko produktuak kontsumitzea; edo puntako orduetan ez gidatzea.

Hartutako konpromisoei dagokienez, gehien aldatu diren ohiturak hauek dira: igogailua erabili ordez eskaileretatik joatea; erosketak arduraz egitea; tokiko eta sasoiko produktuak kontsumitzea; edo ontzi garbigailua beteta dagoenean bakarrik jartzea.

Parte hartzaileek konpromisoak bete ahala, puntuak pilatzen joaten dira eta ondoren sariak enkantean jarriko dira. Ekainaren 20an enkante berri bat egingo dute, sari hauekin: zetazeoak itsasontziz ikustea, Urdaibaiko nekazalturismoetan gaua pasatzea, liburuak, kamisetak...

Ohitura gehiagorekin konprometitzeak mailaz igotzea ahalbidetuko du. Erabiltzaile bakoitzak aurrerapenak egiaztatu ahal izango dituenez, bere emaitzak alderatu ditzake Estatu espainolekoekin, mundukoekin eta gainerako erabiltzaileenekin.

Erronka digitala bada ere, parte hartzaileei puntuak ematen dizkieten esperientzia presentzialak ere baditu. Hurrengoa, ekainaren 24an eta 25ean izango da, Urdaibaiko Tokiko Produktuen Jardunaldietan. Tokiko ekoizleen zenbait ustiategi bisitatuko dira eta, horrekin batera, produktu dastaketak, gastronomia tailerrak eta herri bazkariak egingo dituzte.

Hondakinen bilketa handia

Aldi berean, Ingurumenaren Mundu Egun honetarako, Ekoetxea Sareak hondakinen bilketa handi bat antolatu du bere ingurumen zentroetatik gertu dauden lau toki naturaletan. Lurreko eta kostaldeko hondakinek eragindako kutsadura ezabatzea da horren helburua, batez ere erabilera bakarreko plastikoek eragindakoa, horiek baitira kanpainako protagonistak.

Ekoetxea Urdaibairen kasuan, hondakinen garbiketa larunbat honetan egingo da, ekainak 10, goizeko hamarretan hasita, eskualdeko bost toki desberdinetan: Gaztelugatxeko San Juan, Bermeoko portua, Busturia, Oka ibaia eta Murueta. Ekimen hau Ekoetxea Urdaibaik eta IzaroSub elkarteek batera egingo dute.

Antolatzaileek azaldu dutenez, «zaborra sortzea eta hondakinek eragindako kutsadura gure garaiko ingurumen arazo nagusietako bat da, gure osasunari eta planetako biodibertsitateari eragiten diena. Horren adibide da minutuero milioi bat plastikozko botila saltzen direla mundu osoan, eta horietako askok gure itsasoetan eta ibaietan amaitzen dutela. Deskonposatzeko, gainera, 400 urte baino gehiago behar izaten dira».

Arazo handi hori konpontzeko, beraz, garrantzitsua da gizarteko eragile guztiak inplikatzea, baita herritarrak ere. Horrela, Urdaibaiko ingurua garbitzeaz gain, pertsonak kontzientziatu nahi dituzte antolatzaileek, ekintzara pasatzeko eta konponbidearen parte izateko deia eginez.

Ekoetxea Sarea, eraldaketa betean

Isurketak murrizteko ekimena Ekoetxea sarea eraldaketa bete-betean sartuta dagoenean iritsi da. Ihobe sozietate publikoak kudeatzen duen Eusko Jaurlaritzaren ingurumen zentroen sareak espazio estrategiko bihurtu nahi ditu bere zentroak.
Sarea Urdaibain, Azpeitian, Meatzaldean eta Txingudin dituen lau zentro propioez osatuta dago gaur egun, baina 2023an kopuru hori handituko du eta zentro elkartuak eta laguntzaileak ere gehituko dira hiru lurralde historikoetan.

Konpartitutako hausnarketa prozesu baten ostean, 2022an estrategia berri bat landu zen Ekoetxea Sarerako. Garapen Jasangarriaren Helburuetatik abiatuta, asmoa da biodibertsitateari, klima aldaketari eta ekonomia zirkularrari buruzko politikak pertsonekin konektatzea. Era horretan, Ekoetxe bakoitzak eboluzionatu egiten du, eta interpretazio zentroa izatetik ingurumen zentroa izatera igarotzen da. Berau herritarrengandik hurbil dagoen ekipamendu gisa planteatuta dago, pertsonak erdigunean jarrita. Bere helburua da herritarrak euren pentsaera eta jokaera aldatzera bultzatzea, ohitura jasangarriagoak eta ekologikoagoak hartzen lagunduz.

#UrdaibaiErronkaren moduko ekintzekin, Ekoetxea Sarea herritarrak aktibatzera zuzentzen duen Ihoberen tresna bihurtzen da. Hala, aurrerantzean hurbiltasuneko ingurumen zentroz osatutako organo bat izango da, herritarren parte hartzea eta inplikazioa ingurumen desafio handien aurrean sustatzeko.