NAIZ
Baiona

Elkarretaratzea egin dute Baionan atzeman duten gaztearen askatasuna eskatzeko

Frantziar terrorismoaren aurkako zuzendaritzaordeak (SDAT) emandako aginduari jarraituz pertsona bat atxilo hartu dute gaur goizean Baionan. Arratsaldean elkarretaratzea egin dute Herriko Etxearen aurrean Okzitaniako Tolosara eramana izan den herritarra aske utz dezatela galdegiteko.

Hamarnaka lagun bildu dira Herriko Etxearen aurrean, Baionan, Poliziak atzeman duen gaztea aske uztea galdetzeko.
Hamarnaka lagun bildu dira Herriko Etxearen aurrean, Baionan, Poliziak atzeman duen gaztea aske uztea galdetzeko. (Guillaume FAUVEAU)

Frantziar terrorismoaren aurkako zuzendaritzaordeak (SDAT) agindutako polizia operazioa izan da astelehen goiz honetan Lapurdin.

Euskal Irratiek jakitera eman dutenez, goizeko 6.00ak aldera sartu dira poliziak Baionako etxebizitza batean.

Baionako hiri erdian kokatzen den apartamentu horretan 35 urteko gizon bat atzeman dute, bere familiaren etxean zegoelarik.

Poliziak atea bortxatu ondoren sartu dira etxean. Bereziki atxilotuak baliatzen zuen gela miatu dutela jakitera eman du FranceBleu irratiak.

Poliziak atzeman duen pertsona hori zuzenean Okzitaniako Tolosara eraman dute.

Poliziak herritar laourtarrak duen bizilekua aipaturuiko hirian miatu du baitaere.

Atxiloketa operazio zabalago batean kokatuko litzateke Hexagonoko hainbat hiritan beste hainbat militante atzeman omen dituztelako.

Edonola ere, euskal auziarekin zer ikusia ez luke polizia operazioak.

Elkarretaratzea Baionan

Oraingoz, informazio ofizialik ez dago ez Baionan izan den atxiloketari buruz ezta balizko operazio zabalago horri buruzko arrazoien gainean.

France Bleu Pays Basquek jakitera eman duenez, Terrorismoaren aurkako Auzitegi Nazionalak (PNAT) errefusatu egin du operazioaren inguruan azalpenak ematea aipaturiko irrati publikoari.

Bestalde, sare sozialen bidez atxilotuari eta bere familiari elkartasuna adierazteko deialdia barreiatu da berahala.

Arratsaldeko 18.30ean, pertsona hori aska dezatela eskatzeko elkarretaratzea egin dute Baionako Herriko Etxearen aitzinean.