NAIZ

Gizon bat atxilotu dute Legorretan asteburuan izan den eraso matxistagatik

Ertzaintzak gizon bat atxilotu du, asteburuan Legorretan izan zen eraso matxistarekin zerikusia duelakoan. Arratsaldean elkarretaratzea egin dute herriko plazan, mugimendu feministak deituta. Udalak eta Gipuzkoako Aldundiak bat egin dute mobilizazioarekin.

Legorretan egin duten elkarretaratzea.
Legorretan egin duten elkarretaratzea. (GIPUZKOAKO ALDUNDIA)

Eraso matxista izan zen joan zen larunbatean Legorretan; Ertzaintzak azaldu duenez, gizonezko bat atxilotu dute, erasoarekin zerikusia izan dezakeelakoan. Segurtasun Sailak zehaztu duenez, oraingoz ez da salaketarik aurkeztu, baina izapideak abiatu dituzte gertatutakoa argitzeko.

Efe agentziak Segurtasun Sailaren iturriak aipatuta berri eman duenez, atxilotuak bere bikotekideari egin zion eraso taberna batean, eztabaidan ari zirela. Atxilotu ondoren epailearen esku jarri zuten.

Erasoa gaitzesteko mugimendu feministak elkarretaratzea egin du astearte astearte honetan bertan, herriko plazan. Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bat egin dute kontzentrazioarekin.

Bi erakunde horiek, gainera, adierazpen instituzionala onartu dute, beren «gaitzespenik irmoena» adierazteko.

Udalak «babes osoa» azaldu dio erasoa jasan duen emakumeari eta arreta eta laguntza juridiko, sozial eta psikologikoko zerbitzuak haren esku jarriko dituela erantsi du.

«Horrelako erasoak gure gizarte patriarkalean oraindik nagusi den kultura matxistaren adierazpena dira, eta emakumeen eta gizonen arteko botere-harreman hierarkikoak erreproduzitzen dituzte. Emakumeen aurkako indarkeriak biztanleria osoari eragiten dio», dio bere idatzian.

Udalak gogora ekarri du erakundeen ardura dela herritarren eskubideak bermatzea baina indarkeria matxistarik gabeko herri baterantz aurrera egiteko ezinbestekotzat jo du «herritar bakoitzaren jarrera aktiboa». «Erantzukizuna kolektiboa da», nabarmendu du.

Aldundiak ere gertutasuna eta elkartasuna helarazi dizkio erasoaren biktimari, baita haren senide eta gertukoei ere, eta baita «erasotzaileari aurre egin zioten pertsona guztiei» ere.

«Eraso matxista gure gizartearen desberdintasunetik eta matxismotik sortzen den mendekotasun matxistaren adierazpenik gogorrenetako bat da», adierazi eta «berdintasun politiken garrantzian» jarri du azpimarra, «emakume eta gizonen arteko berdintasuna eta duintasuna, askatasuna eta segurtasuna bermatzea giza eskubideak betetzea baita».

Azpeitian ere

Legorretan jazotakoaz gain, Azpeitiko Udalak ohar bidez salatu nahi izan du joan den asteburuan Sanjuandegiko festekin hasiera eman zitzaiela udako jaiei, eta «ohikoa den gisan, jai giroan emakumeen aurkako indarkeria matxista egoera ezberdinak» eman zirela. Horien aurrean «gaitzespenik irmoena» azaldu du Udalak.

Era berean, Lakuako Segurtasun Sailak jakinarazi du gizon bati diligentziak ireki dizkiola Ertzaintzak, igande goizaldean Azpeitian genero-indarkeriako ustezko delitu bat egin duelakoan.