NAIZ

Maya Dodson pibota da Lointek Gernikaren bigarren fitxaketa 2023/24 denboraldirako

24 urte eta 1,90 metroko jokalari estatubatuarrak Poloniako Poznan taldean jokatu du pasa den denboraldian, eta batez beste 14 puntu eta 10,2 errebote lortu ditu bere Europako aurreneko esperientzian. Poloniatik WNBAra joan da gero, Minnesota Lynx taldearekin aritu baita.

Maya Dodson bizkaitarren barruko jokoa indartzeko etorri da.
Maya Dodson bizkaitarren barruko jokoa indartzeko etorri da. (@LOINTEK GERNIKA)

Laia Flores antolatzaile katalana fitxatu ostean, Lointek Gernika Bizkaiak bere bigarren fitxaketa burutu du datorren denboraldiari begira: Maya Dodson (Huntington, 1999/02/16) pibota, hain zuzen.

Poloniako Poznan taldetik dator jokalari estatubatuarra. Amaitu berri den sasoian Poloniako Ligan 14 puntu eta 10,2 errebote lortu ditu batez beste, eta duela aste gutxi batzuk arte, WNBAko Minnesota Lynx taldean aritu da, Nikolina Milic Lointek Gernikako jokalari ohiarekin bat egin du, hain justu, Minnesotako egonaldian.

1,90 metro neurtzen ditu jokalari estatubatuarrak. Tamaina horri esker uztaipean nagusitzeko gaitasuna dauka, bai erreboteak hartzerakoan zein txapelak jartzerakoan. Eskertuko zukeen halakorik joan zen denboraldian Lointek Gernika Bizkaiak, Nogaye Loren lesioa dela-eta Sofia Da Silva portugaldarra oso bakarrik aritu baitzen gernikarren uztaipean. Aurten, Dodson eta Da Silva biak elkarrekin lanean, gauzak errazago izango ote diren itxaropena izango du Mario Lopezen taldeak.

Maya Dodson fitxatu ostean, Lointek Gernika Bizkaiak bost jokalari ditu 2023/2024 denboraldirako: Itziar Ariztimuño, Roso Buch, Sofia Da Silva, Laia Flores eta aipatu jokalari iritsi berria.

Garapen prozesu betean

Bizkaitarren jokalari berria Indianako Notre Dame unibertsitate famatuan eman zen ezagutzera. NCAAko ibilbidea amaitu ostean, WNBAko Draftean aukeratu zuen iaz Phoenix Mercury taldeak hogeita seigarren postuan.

Poznanen eman duen urtea eta gero, Gernikakoa izango da Europako bere bigarren esperientzia. «Endesa Liga Europako lehiaketa onenetariko bat da eta Lointek Gernika Bizkaia txapelketako talderik onenetariko bat. Gainera, gauza onak bakarrik esan dizkidate herriari, klubari eta zaleei buruz», adierazi du Maya Dodsonek bere talde berriaren webgunearen bitartez.

Itxura baten, laguntzeko prest etorriko da Gernikara. «Jokalari bezala garatzen jarraitu nahi dut, eta horretarako, talderik onena aukeratu dut», azaldu du.

Mario Lopez entrenatzaileak, berriz, nabarmendu du fitxaketa berriak garrantzia handia izango duela datorren denboraldia. «Hegal-pibot zein pibot postuetan joka dezakeen jokalari fisikoa da. Erasoan eta kontraerasoan puntuak sartzeko gaitasuna du, ezkerrez eta eskuinez amaitu ditzake jaurtiketak uztaitik hurbil, blokeo zuzena bikain jarraitzen du eta beti dago erasoko errebotera hartzeko lanean. Defentsan, bere tamainari eta jauzi egiteko ‘timing’ ona –noiz jauzi egin eta noiz itxaron asmatzeko gaitasuna– duelako, txapel asko jar ditzake atea horrez gain, jaurtiketa asko aldatu ere, eta defentsako errebotea ziurtatuko digu batez ere. Europan jokatzen duen bigarren urtean bere garapenaz berdin jarraitzea espero dugu», adierazi du.