Naroa Apaolaza
Bilbo

Bizkaiko eraikuntzako lehen greba egunak %80ko jarraipena izan du, CCOOren arabera

Bizkaiko eraikuntzako langileek greba eguna dute ostiral honetan, CCOO eta ELAk deituta, bakoitzak bere aldetik, soldata igoera aldarrikatzeko. Hurrengo ostegunean ere greba deitu dute biek, eta ELAk hilaren 19 eta 20an ere bai.

ELAk eraikuntza-sektoreko langileen elkarretaratzea Bilbon, patronalaren egoitzaren aurrean.
ELAk eraikuntza-sektoreko langileen elkarretaratzea Bilbon, patronalaren egoitzaren aurrean. (Monika del Valle | Foku)

CCOO eta ELA sindikatuek deituta, greba eguna dute gaur Bizkaiko eraikuntza sektorean, nork bere aldetik, soldata igoera aldarrikatzeko. Hala, mobilizazioak egin dituzte bi sindikatuek; CCOOk goizeko 8.00etan manifestazioa egin du EITBren Bilboko egoitzatik Ascobi patronalaren egoitzara. ELAk, aldiz, 11.30etan elkarretaratzea egin du Ascobiren egoitzaren parean, Bilboko Jesusen Bihotza plazan.

Azken urteetan sektore honetako enpresen irabaziak handitu arren, langileen soldatak blokeatuta jarraitzen dutela salatu dute sindikatuek. Horregatik, azken asteetan patronalarekin negoziaketetan aritu dira. Hala ere, patronalaren proposamen «eskasak» direla eta, greba haien eskaerak lortzeko aterabide bakarra dela uste dute. Sindikatuen eskaera nagusia KPIaren igoerarekin bat egiten duen soldata igoera da. Aldiz, azken negoziazioetan patronalak %3,7ko igoera eskaini diete, sindikatuentzako gutxiegi dena.

Lehen greba egun honek %80 jarraipena izan duela adierazi du CCOOk, eta ELA ere «pozik» agertu da lanuzteak izan duen jarraipenarekin. CCOOk %48ko ordezkaritza du Bizkaiko eraikuntzan eta ELAk %32,75koa. Eraikuntza sektorea nahiko sakabanatuta dagoen alorra izanik, gaurko deialdien parte-hartzea positiboki baloratu dute sindikatuek. Azken 29 urteetan eraikuntzan ez dute mobilizaziorik deitu, hori dela eta, garrantzia handiko deialdia izan dela nabarmendu dute.

ELAk CCOO eta UGTk duela bi urte sinatu zuen hitzarmenean soldata igoera hori ez eskatzea kritikatu du. Horren aurrean, CCOOk hitzarmenik ez sinatzeak inolako onurarik ez dakarrela adierazi du eta ELAren jarreraren kontra kokatu da.

ELAren iritziz, langileen mobilizazioak dira soldata igoera lortzeko bitarteko bakarra. «Ez dugu edukirik gabeko akordiorik sinatuko», ziurtatu du Arrate Elkoro sindikatuko ordezkariak.

Hurrengo ostiralean, ekainaren 16an, berriro ere greba deitu dute CCOOk eta ELAk. Horretaz gain, hilaren 19 eta 20an ELAk ere lanuztea egingo du, patronalaren orain arteko proposamenak hobetzeko bide bakarra dela uste baitu.