NAIZ

Baskale: «Wunstorfen, nazien historia argitzea da kontua; Euskal Herrian, diktadura frankista»

Alemaniako Wunstorf hirian, NATOren aurka egon den manifestazioan hartu du hitza Baskale euskal elkarteak, gerraren ondorioak salatzeko. «Wunstorfen, nazien historia argitzea da kontua; Euskal Herrian, diktadura frankista», gogoratu dute mobilizazioan.

Alemanian egindako mobilizazioa.
Alemanian egindako mobilizazioa. (BASKALE ELKARTEA)

Baskale elkarte eusko-alemaniarrak Wunstorfen (Saxonia Beherea) NATOren ‘Air Defender 2023’ guda ariketak salatzeko izan den manifestazioan hartu du parte larunbat honetan.

Mobilizazioan hitza hartu dute elkarteko ordezkariek gerrek eragiten dituzten krimenak salatzeko. Horren harira, «Wunstrofen, nazien historia argitzea» dela kontua azaldu dute, eta «Euskal Herrian, diktadura frankista», nabarmendu dutenez.

«Estatu espainolean, Francoren erregimenaren krimenak argitzeko prozesua hasi besterik ez da egin. Gerrako kriminal guztientzako eta gizateriaren aurkako krimen guztientzako amnistia batek eragotzi du erantzule bakar bat ere epaitzea, 48 urtetan», azaldu dute.

Bilbon sortutako elkarteak gogoratu du, bestalde, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) berak gogorarazi diola Gobernu espainolari hobi komunetan dauden 100.000 gorpu baino gehiagoren desobiratzea ziurtatu behar duela.

Memoria historikoaren inguruan, halaber, Lakuako Gobernuak duen jarrera salatu dute Alemaniako mobilizazioan, biktima izan zen «Gernikaren argazkia erakustea gustuko» duen bitartean, «iaz bakarrik» tokiko armagintzari «120 milioi euroko dirulaguntzak eman» zizkiola azpimarratuz.

Euskal gizartea, NATOren aurka

Mobilizazioaren bukaeran botatako mezuan azaldu dute asko izan direla Euskal Herrian Ukrainaren aurkako erasoa eta NATOren politika espantsionistaren aurka agertu diren erakunde, eragile eta gizarte mugimenduak.

NATOn jarraitzeari buruzko erreferendumean euskal gizartearen gehiengoak agertutako ezezkoa gogoratu dute, eta Ukrainako gerraren harira, «berehalako su-etena» eta gatazka konpontzeko negoziazioetan zentratzeko ahaleginak eskatu dizkie elkarteak Europako gobernuei.

Era berean, Wunstorfen historiak Gernikakoari lotuta jarraitzen duela gogoratu dute, pilotu nazietako asko hiri alemaniarrekoak baitziren. «Hilketa masiboa Wunstorfen entrenatu zuten naziek», eta Gernikan eta Euskal Herriko eta Espainiako leku askotan egin zutela oroitu dute.