NAIZ

Itzulera ezin hobea izan du Euskariansek; aise hartu du mendean Kataluniako selekzioa (50-5)

Sei urte jokatu gabe egon ondoren, Euskariansek gaur aritu da Anoetako estadio txikian, Top 14ko ligako finalerdien olatua baliatuta. Sendo abiatu da euskal erreugbi selekzioaren egitasmoa; Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko jokalariak biltzen ditu.

Euskariansek eta Kataluniako selekzioak gaur Anoetako estadio txikian jokatu duten partidan.
Euskariansek eta Kataluniako selekzioak gaur Anoetako estadio txikian jokatu duten partidan. (Imanol INTZIARTE)

Sei urte jokatu gabe egon ondoren, Euskariansek larunbat honetan jokatu du Anoetako estadio txikian Kataluniako selekzioaren aurka, Top 14ko ligako finalerdien olatua baliatuta. Sendo abiatu da euskal errugbi selekzioaren egitasmoa, 50-5 hartu baitu mendean Katalunia. Ipar Euskal Herriko (US Nafarroa, SA Mauleon, SJLO Donibane Lohitzune eta AORC Anglet) eta Hego Euskal Herriko (Ordizia, Gasteiz eta Getxo) jokalariak bildu dira Donostian. 2017an jokatu zuen Euskariansek azkenekoz, Donostian ere, England Counties taldearen aurka: 19-61 gailendu ziren ingelesak.

Vincent Etxetok gidatutako taldeak ez du izan aurkaririk: ahuntzaren gauerdiko eztula ez baita, SJLO-ko, Angeluko, US Nafarroako edo Mauleko jokalariak taldean izatea. Izan ere, horiek denboraldia orain dela gutxi amaitu dute beren klubekin, eta jokatzeko aukera izan dute. Fisikoki eta teknikoki hobeak izan dira Euskarians taldeko jokalariak. Partida bukaerara arte gozatu ederra hartu dute etxekoek, kataluniarrei arnasa hartzeko tarterik eman gabe. Horren erakusle izan da neurketako azken jokaldiko entsegua.

Euskariansek eta Kataluniako selekzioak jokatu duten lagunartekoa, joan den otsailean aurkeztu zuten proiektuaren lehen urratsa da. Zazpiko errugbian bilduko dituzte indarrak, bai emakumezkoetan bai gizonezkoetan. Izan ere, zazpikoan, ez dago liga ofizialik, eta torneo irekietan eta itxietan parte hartzeko aukera du Euskariansek. Ez, ordea, hamabosteko errugbian; gonbidapen bidez eta torneoetan soilik parte hartzeko aukera baitago.