NAIZ

Jonas Vingegaard jaun eta jabe Croix de Ferren; Mikel Landa, kezkatzeko moduan

Dauphine Kriteriumeko zazpigarren etapa ere Jumbo Visma taldeko daniarrak eraman du, helmugatik bost kilometroren faltan erasoa jo eta bakarrik helmugaratu eta gero. Yates, O'Connor eta Haigen artean banatuko dituzte podiumeko beste bi postuak. Mikel Landak ia sei minutu laga ditu bidean.

Aurtengo Dauphine Kriteriumean ez dago Vingegaardi itzalik egingo dionik.
Aurtengo Dauphine Kriteriumean ez dago Vingegaardi itzalik egingo dionik. (Anne-Christine POUJOULAT | AFP PHOTO)

«Oraindik asko daukat hobetzeko. Ez nago topera», esan du Jonas Vingegaardek Croix de Fer erraldoian jaun eta jabe izan eta gero Dauphine Kriteriumeko zazpigarren etapan, itzuliko etaparik nagusienean. Oraindik ere hobera egiteko itxaropena du, nonbait, daniarrak, Tourrera begira. Erruki gainontzeko aurkariak, hala bada!

Duela bi egun eman zuen erakustaldiaren parekoa izan ez bada ere, ez dago Dauphine homnetan Jumbo Visma taldeko liderrari kilimarik egingo dionik. Aurrez Madeleine edo Mollard lako mendatetzarrak igo eta gero, helmuga 2.067 metrora izan duen Croix de Fer erraldoian izan dute zain. Aipatu aurreneko bi mendietan Lotto taldeko Victor Campenaerts pasa da buruan, baina bere ihesaldiak ez zuen etorkizunik, Jumbo Vismak tiraka jarri eta bere errenta 20 segunduraino murriztu baitu Mollard gainean. Erdi desesperaturik, Campenaertsek besoak jaso ditu, garailea b ailitzan, Mollardeko gaina harrapatu duenean.

Handik aurrerakoa Vingegaarden menpeko eremua izan da. Berak erabaki du noiz jo erasoa. Bost kilometroren faltan hanka egitea erabaki du eta baita egin ere. «Lidertza daukadanez eta aldea irekitzea lortu dudalako, defentsara begira jarri beharko dut», esan zuen duela pare bat egun, liderraren elastikoa jantzi zuenean. Bada, defentsarik onena erasoa jotzea dela dioen tesi horri helduta, ez du begira egoteko astirik hartu 2022ko Tourreko garaileak. erasoa jo du, hanka egin die aurkari guztiei eta besoak goian pasa du Croix de Fer handiko helmuga marra.

Atzetik Adam Yates nabarmendu da eta bera de sailkapen nagusian bigarren. Vingegaardengandik 41 segundura helmugaratu da UAEko liderra, Jack Haig eta Ben O'Conorren aurretik, hurrenez hurren. Sailkapen nagusian ere Yates da bigarrena, liderrarengandik 2:11ra. aldiz, O'Conorrek hirugarren postuari eusten dio, nahiz eta Haig 12 segundura baino ez dagoen.

Arduratzeko modukoa

Mikel Landaren aurtengo helburua Tourra da. Datorren abenduan 34 urte beteko ditu Bahrain taldeko txirrindulari arabarrak eta baliteke bere gainbehera apurka hasten izatea. Egia da Euskal Herriko Itzulian bigarren amaitu zuela eta maila bikaina eman duela bai Itzulian bertan eta baita Flecha-Valona lako lasterketa zail baten ere. Egia da, halaber, Tourra hasteko hiru aste falta direla oraindik eta ezer badu Murgiako igotzaileak, talentua etas karisma dela. Alabaina, Dauphine Kriterium honetan ez dabil bere mailan.

Ia sei minutu, 5:46 laga ditu helmu¡gan Vingegaardekiko, Croix de Fergo helmugan. Alpeetako mendate luzeak eta ez horren pikoak edeki datozkio bere arnasa luzeko ezaugarri fisikoei, baina martxa azkartu denerako, atzean geratu da murgiarra eta azkenean, ez du alperrik bere burua erabat zukutu. Sailkapen nagusian hogeita seigarren doa Landa uneotan, liderrarengandik ia 10 minutura.

Igande honetan amaituko da Dauphine Kriteriuma, beste etapa gogor baten ostean. Hasiera Le Pont de Claixen emango zaio eta helmuga, 152,8 kilometroren ostean, La Bastille gain pikoan: bi kilometro baino gutxiago dituen aldapa da, baina batez beste ia %15eko malda ikaragarria dauka. Tartean, bigarren mailako hiru mendate, lehen mailako beste bat eta Maila Bereziko Granierreko Gaina pasa beharko dituzte txirrindulariek. Beste inork kontrakorik esan ezean, Vingegaardek sailkapen nagusia ez ezik, etapakoa ere ez luke aparte behar.

Dauphine Kriteriuma. Zazpigarren etapa:

1- Jonas Vingegaard (Jumbo) 4h15:47

2- Adam Yates (UAE) 41era

3- Jai Hindley (Bora) 53ra

4- Ben O'Connor (Ag2r) a 1:04ra

5- Max Poole (DSM) 1:10era

6- Jack Haig (Bahrain) d.b.

7- Guillaume Martin (Cofidis) d.b.

8- Torstein Traeen (Uno-X) d.b.

9- Daniel Felipe Martinez (Ineos) d.b.

10- Louis Meintjes (Intermarche) d.b.

Sailkapemn nagusia:

1- Jonas Vingegaard (Jumbo) 25h22:18

2- Adam Yates (UAE) 2:11ra

3- Ben O'Connor (Ag2r) a 2:24ra

4- Jai Hindley (Bora) 2:36ra

5- Jack Haig (Bahrain) 3:04ra

6- Daniel Felipe Martinez (Ineos) 3:27ra

7- Julian Alaphilippe (Soudal) 3:48ra

8- Guillaume Martin (Cofidis) 4:14ra

9- Louis Meintjes (Intermarche) 4:19ra

10- Torstein Traeen (Uno-X) 4:21era