NAIZ

Baxoa euskaraz aldarrikatu dute Seaskako ikasleek Filosofiako proba idatzi ondoren

Baxoa azterketaren baitako Filosofiako proba frantsesez idatzi behar izan dute, asteazken goiz honetan, Ipar Euskal Herriko ikasleek. Horren bukaeran Azterketak Euskaraz kolektiboaren eskutik elkarretaratzea egin dute Bernat Etxepare lizeoaren aitzinean.

Bernat Etxepare lizeoaren aurrean egin duten elkarretaratzea.
Bernat Etxepare lizeoaren aurrean egin duten elkarretaratzea. (Guillaume FAUVEAU)

Baxoaren baitako Filosofia proba frantsesez egin behar izan duten Ipar Euskal Herriko ikasleek azterketok euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko protesta egin dute Baionan.

Ama eskola eta ikastolaren urtean amaituta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoko ikasleak kolegioan sartzen dira Bigarren Hezkuntzako lehenengo zikloa egitera.

Kolegioan lau ikasturte egiten dituzte –seigarren mailatik hirugarren mailara, ordena horretan– eta azkenekoa bururatu ostean, kolegioari agur esan aitzin «ezagutza maila neurtzea» xede duen Brevet (brebeta, euskaraz) azterketa pasatu behar dute ikasleek. 

Behin kolegioa bukatuta eginen den Brebet azterketa euskaraz idatzi ahalko dute berriz ere Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko ikasleek.

Brebeta kari, ikasleek zientzia, matematika, frantsesa eta historia-geografian dituzten ezagupen orokorrak erakutsi behar dituzte.

Ekainaren 26 eta 27an eginen den Brebeta osorik euskaraz idatzi ahalko dute Seaskak dituen lau kolegioetan jarduten duten gazteek.

Hala jakinarazi zien, iragan martxoan, frantziar Hezkuntza Ministerioak Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) arduradunei.

Erabaki horri esker, ikasturtearen azken txanpan bada ere Brebetaren auzia bideratzea lortu zuen Seaskak, ez ordea Baxoa azterketari buruzko aldarrikapena.

Brebetan aurrera, Baxoan oraindik ez

Izan ere, lizeoko azken urtean eginen den Baxoa (Hego Euskal Herriko EBAUren antzeko proba) osorik frantsesez idatzi beharko dute aurten ere haien ikasketak euskaraz burutzen dituzten ikasleek.

Dagoeneko martxoan egin zituzten berezitasunei dagozkien azterketak frantsesez egin zituzten. Beste hainbeste gertatu da, asteazken goiz honetan, Filosofiako probaren kasuan.

Gaitegia euskaraz ikasi arren, material hori frantsesera itzuli eta gero bigarren hizkuntza horretan idatzi behar izan dute azterketa Seaskan ikasten duten gazteek.

Seaskak agiria plazaratu zuen, asteartean, egoera horri buruz bere iritzia emateko eta baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatu dute behin azterketa bururatua ikaslek beraiek ere.

Orotara ikasketak osoki euskaraz egin dituzten arren, 120 ikasle horiek frantsesez osatu dute goizeko 8.00etatik eta 12.00ak arte Etxepare Lizeoan egin duten azterketa horretan.

«Hezkuntza Ministeritzaren zentsura eta mespretxua salatzeko», elkarretaratzea egin dute lizeoaren aitzinean.

Ministerioaren zirkularrari so egin gabe

Seaskak oroitarazi duenez, frantziar Hezkuntza Kodeak azterketak idazteko orduan euskara erabiltzea aurreikusten du L121-3 artikuluaren bidez.

Ildo beretik, Hezkuntza Ministerioak 2021eko abenduaren 16an plazaratu zuen zirkularrak Baxoko zenbait froga euskaraz aurkezteko aukera ere jaso zuen.

Hala eta guztiz ere, frantziar Hezkuntza ministroak, Pap Ndiayek, «ez ikusiarena» egin duela deitoratu du Seaskak, Euskal Herritik egin zaizkion eskaerak behin eta berriz erantzun gabe.

«Parisek gure hizkuntza eta hezkuntza eskubideak zapaltzen ditu eta gure gazteak zentsuratzen ditu», gaineratu du Filosofia azterketaren bezperan plazaratu zuen oharrean.