NAIZ

EH Bilduk Abotsanitzen alkategaia babestuko du Hondarribian

EH Bilduren Hondarribiko bi zinegotziek Abotsanitzen alkategai Igor Enparani emango diote babesa larunbat honetan, inbestidura saioan. Hala, gehiengo absolutua izango du.

Igor Enparan Abotsanitzen alkategaia.
Igor Enparan Abotsanitzen alkategaia. (Abotsanitz)

Hondarribiko EH Bilduk jakinarazi duenez, larunbatean egingo den Udal korporazio berria osatzeko inbestidura saioan Igor Enparan Araneta Abotsanitzen alkategaiari emango diote botoa, «gehiengo osoa eskura dezan».

Koalizio subiranistak sare sozialen bidez nabarmendu duenez, maiatzaren 28ko udal hauteskundeek «aldaketa» ekarri zuten Hondarribira: Abotsanitzek zazpi zinegotzi lortu zituen, EAJ seira jaitsi zen eta EH Bilduk eta PSE bina zinegotzi eskuratu zituzten. «EAJk zeukan erabateko gehiengoa galtzeaz gain, gehiengo soila ere galdu du».

Orain, «hogeita zortzi urte ezkero EAJk gobernatutako Udala eskuz aldatzeko aukera dago, eta norabidez ere, Hondarribiak ezkerrera jo baitu».

Egoera berri honen aurrean, Hondarribiko EH Bilduk «aldaketa gauzatzeko» prest dagoela adierazi du. «Herriak aldaketa eskatu du, eta guk ere nahi horrekin bat egiten dugu».

Hala, ekainaren 8an egindako Herri Batzarrak erabaki du EH Bilduk maiatzaren 28ko hauteskundeetan lortu dituen bi zinegotziek «aldaketaren alde bozkatzea».

Beraz, datorren larunbateko inbestidura saioan, «aldaketaren alde bozkatuko dugu, gure bi zinegotziak giltzarri izanik Abotsanitzeko Igor Enparan Araneta alkategaiak gehiengo osoa eskura dezan».

«Hondarribian, 2023-2027 legegintzaldia aldaketaren legegintzaldia izango da» eta EH Bilduk «aldaketaren aldeko jarrera eraikitzailea izango du, ilusiotik», nabarmendu dute.