Nerea Lauzirika
Bilbo

Zientzia herritarra hizpide, UEUren ikastaroen irekieran

Bilboko La Bolsa eraikinean abiatu dituzte gaur UEUren aurtengo Udako Ikastaroak. Olga Ibañez biologo eta doktoregaia, Leire Pinedo psikologoa eta Uxue Razquin editorea, Koldo Garcia genetikan doktore eta ikerlariak gidatuta, zientzia jendartera gerturatzearen inguruan aritu dira solasean.

Olga Ibañez, Leire Pinedo, Uxue Razquin eta Koldo Garcia, UEUren ikastaroen hasieran.
Olga Ibañez, Leire Pinedo, Uxue Razquin eta Koldo Garcia, UEUren ikastaroen hasieran. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Gaur abiatu dute UEUren Udako Ikastaroen 51. edizioa, Bilboko La Bolsa eraikinean. ‘#solastUEU: zientzia herritarra, posible al da?’ izenburupean antolatutako mahai-inguruan zientziaren dibulgazioaz aritu dira Olga Ibañez biologo eta doktoregaia, Leire Pinedo psikologoa eta Uxue Razquin editorea, Koldo Garcia genetikan doktore eta ikerlariak gidatuta. ‘Herritarrak zientzian inplikatzen’ jardunaldiak eman die hasiera aurtengo Udako Ikastaroei.

«Lagunekin egiten den zerbait bezala» ikusi izan du Garciak zientzia beti. Horregatik eta «hiru begirada desberdin» batu nahi zituelako gonbidatu ditu mahai-ingurura Ibañez, Pinedo eta Razquin. Ibañezek Biologia ikasketak egin zituen EHUn eta gero Bioinformatika eta Modelizazio Masterra Bruselan. Egun, Biodonostian doktoretza egiten ari da, Biologia Konputazional eta Ehunen Ingeniaritza taldeetan.

Pinedo psikologo egoiliarra da Osakidetzan. Esparru publikoko arreta zerbitzua hobetzearen aldekoa da eta dibulgazio arduratsuan interesatua dago. Hain zuzen ere, sare sozialetan osasun mentalarekin lotutako gogoetak eta aholkuak partekatzeagatik da ezaguna.

Razquinek Kazetaritza ikasketak egin zituen eta ondoren literatura kazetaritzako graduondokoa ikasi zuen Bartzelonan. ‘Deia’ egunkarian egin zuen lan bi urtez Kultura sailean, baita ‘Ortzadar’ gehigarri kulturalean ere. Horretaz gain, EHUko Kultura Zientifikoko Katedran ibili zen, emakume zientzialariei buruzko artikuluak idazten ‘Mujeres con Ciencia’ eta ‘Zientzia Kaiera’ blogetan. ‘Berria’n irrati kritikak idatzi ditu eta 2021etik Erein Argitaletxeko editorea da.

Ibañezek onartu du sarritan, esaterako Bioinformatikan, ikerlariek ahaztu egiten dutela datuen atzean pertsonak daudela: «Ez dira datu hotzak». Bere ustez, norbanakoaren ingurua aztertu beharra dago datuei soilik erreparatu beharrean.

Ikerlariek Pinedo bezalako psikologoez zer ikasirik badaukatela adierazi du Garciak, «kontuan hartzeko subjektuekin ari garela eta ez objektuekin». Pinedoren ustez denbora behar da dinamikak aldatzeko, inertziaz jokatzean behar direnak baino aholku gehiago ematen baititugu. Bere iritziz, psikologoarenera jotzen duten pertsonekiko kolaborazioan oinarritu behar da terapia, benetan eraginkorra izan dadin.

Razquinek ez dauka bere burua zientzian aditutzat, baina, hala ere, zientziaz idatzi izan du eta horrek «bertigoa» ematen duela aitortu du. Horregatik, azaldu du beretzat lan bikoitza izan dela, lehenik eta behin berak ikasi behar izan duelako gaiaren inguruan, ondoren gainontzekoei edonork ulertzeko eran azaltzeko. Era berean, «kaskarkeria» aldarrikatu nahi izan du, emakumeen artean gizonen artean ez bezala zigortzen baita.

Garciak nabarmendu du hautatzen diren erreferenteek gerora norberaren ibilbidea markatzen dutela hein handi batean. Horregatik, Ibañezek Alexandra Elbakyan aukeratu zuen ‘Emakumeak zientzian’ ekimenean parte hartzeko gonbita egin ziotenean. Elbakyan programatzaile informatikoa da, milioika ikerketa artikulu eta liburu dohainik eta egile eskubideei men egin gabe guztien eskura jartzen dituen Sci-Hub gunearen sortzailea. Ibañezek programazioaren alorra gizonentzat soilik dela gezurtatu nahi izan zuen adibide horrekin, eta erakutsi «emakumeek ere egiten dutela, gizartearen beharrei erantzuteko, gainera».

Ikertzaileek erabiltzen dituzten metodologien inguruan ere hausnartu du Garciak. Sarritan, aztertzen ari diren pertsonei esan nahi duten guztia adierazteko modurik ematen ez dietela uste du: «Pertsonak gure behar eta metodoetara moldatzen ditugu, eta alderantziz izan beharko luke».

Era berean, ‘Zientzia herritarra’ deritzona bultzatzeko bidean era guztietako norbanakoen parte-hartzea sustatzeak duen garrantzia azpimarratu du. Izan ere, Garciaren iritziz, nork bere buruari hitza hartzeko zilegitasuna eman behar dio eta normalean «gizon zuri, heterosexual eta klase jakin batekoek» izaten dute horrelako jarrera.

Ildo berean, Ibañezek gogora ekarri du unibertsitatean ikastea ez dagoela edonoren eskura eta, beraz, hortik hasita arrakala dagoela dagoeneko. Hori horrela, ez zaio harrigarria iruditu askok «inpostorearen sindromea» pairatzea.

Mende erdiko historia

Duela mende erdi Donibane Lohizunen egin ziren UEUren lehen ikastaroak, hainbat euskaltzalek eta erakundek bultzatuta, euskaratik unibertsitatera zubiak eraiki eta jakintzarako topagunea sortzeko asmoz. Orduz geroztik, urtero-urtero, UEUren ikastaroek ez dute hutsik egin udako hitzordura, eta jakin izan dute urte hauetan guztietan gizartearen beharretara egokitzen.