Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto
Elkarrizketa
Mikel Motos
Guuk Gipuzkoa Basketeko jokalaria

«Gure nortasuna mantentzen dugun heinean, hor gara lehiakorrak»

Gipuzkoa Basketek berriz ere ACB Ligara itzultzeko aukera dauka asteburu honetan, baina Mikel Motos (Donostia, 1993) eskoltarentzat, «igotzea lorpen polita izanda ere, ez luke klubaren lehentasuna izan behar, klubak aurretik lantzeko eginbeharrak baitauzka».

Mikel Motos, lasai Lauko Finbala jokatu bezperetan.
Mikel Motos, lasai Lauko Finbala jokatu bezperetan. (Jon URBE | FOKU)

Oraindik 30 urte baino ez ditu Mikel Motosek, baina Easotik atera zen eskoltak ibilbide luzea dauka. ACB Ligan eta Urrezko LEB Ligan jokatzea zer den ondo daki eta, beraz, asteburu honetan Gipuzkoa Basketek Burgosen finalerdia etxeko taldearen aurka –larunbatean 20.30ean– jokatu bezperetan, lasai dago.

«Astean zehar ez dut Lauko Finalean asko pentsatu. Taldea ere oraintxe hasi da pentsatzen. Nik uste horrek lasaitasuna eman digula partidarik gabeko egun hauetan», iritzi dio; «baina justu orain, Lauko Finalari behar bezala ekiteko urduritasun puntu beharrezko bat eman digu».

Hasteko, nahitaez Justin Jaworski aipatu behar da. LEB Ligako saskiratzaile onena joan zaizue Lauko Finalaren bezperan. Nola aurre egin horri?

Bagenekien Justin hilaren 17an ezkontzekoa zela. Baina momentua benetan iristen den arte, nik uste bat ez dela guztiz ohartzen. Beraz, ezustean harrapatu gaitu. Baina beste alde batetik, uste dut Justin gabe ere taldea borrokarako prest dagoela. Bera gabe egon garenetan ere partzialak ez dira txarrak izan, taldeak baduelako lehiarako izaera.

Astebete da Jaworskiren bajaren kontu hau dakizuena. Beraz, entrenamenduak ere aldatu egin behar izan dira. Zer transmititu dizue entrenatzaileak egoera berri honen aurrean?

Ez entrenatzailearena bakarrik, nik uste talde guztiaren pentsamendua lasaitasunezkoa dela. Justin gabe ere, taldea sendo sentitzen da eta bera falta izanda ere, taldeak bere aukerak baditu. Alde horretatik, lasai, disfrutatzeko gogoz eta irabazteko ere gogotsu gaude.

Zure kasuan bigarren Lauko Finala da, La Palmarekin Miribillan 2019an jokatu zen hartan izan zinelako. Baina orduko hartan ez zenuen jokatu lesio baten erruz. Arantza hori kenduko duzu?

Nire ibilbidean lesio asko izan ditut, eta Palman jokatu nuen urte hartan lesio luze bat jasan nuen: azken lau hilabeteetan ezin izan nuen kantxa zapaldu; tartean Lauko Finala. Baina orain hemen nago. Aurten ere bost bat hilabete txarrak pasatu ditut –oin zolako faszia edo «fascia plantar» deritzonarekin–. Bi hilabete geldirik egon nintzen; hiru partida jokatu eta gero, hirugarrenean berriz ere ireki zitzaidan orbaina; eta beste bi hilabete jokatu gabe egon ondoren, azken partidetara iritsi nintzen. Baina, tira... orain ondo nago! (Irribarrea) Jokatzen ari naizela, ondo sentitzen naiz eta, zorionez, taldekideen konfiantza ere badaukat.

Batez ere lasai eta aske sentitzen naiz, gauza batzuen ikuspuntua aldatu dudalako.

Zein zentzutan?

Lasai nago eta aske sentitzen naiz, batez ere. Agian ikusi dut urteak betetzen ari naizela. Lehen lesioek energia gehiegi kentzen zidaten eta kantxan ez nuen guztiz disfrutatzen. Orain ikusi dut gero eta urte gutxiago geratzen zaizkidala saskibaloi jokalari bezala eta, nahiz eta lesionatuta egon momenturen baten, bestela ere, kirolariaren denbora murritza dela eta nire burua gustura sentitu behar dudala.

Ez du taldeak berak filosofia hori baliatu Lauko Finalera sailkatzeko? Azken baten Andorra –Fase Erregularreko buru amaitu du eta zuzenean igo da ACB Ligara–, Burgos, Estudiantes... bai dira «nahitaez» mailaz igo behar duten taldeak, eta zuek ez, berez.

Gure helburua, hasiera batean, play-offetara sailkatzea zen. Jakin bagenekien talde ona daukagula, sendo sentitzen ginela eta, behin play-offetarako sailkatuta, borroka egin genezakeela edozeinen aurka. Egia da Lauko Finalera sailkatzea ez zela gure hasierako helburua, baina buruan generabilen bueltaka.

Iaz ez zineten play-offetarako sailkatu. Beraz, aurten behin helburu hori lortuta, «aske» sentitu ahal izan zarete?

Helburuak beti behar dira lehiatzeko, baina obsesionatzea, «bai edo bai» bete beharreko zerbait jartzea... halako «psikosi» bat sartzen zaizu azkenerako. Baina, guk play-offetara sailkatzeko helburu garbia eduki arren, klubak lasaitasun handia transmititu digu zentzu horretan urte osoan. Eta nik uste, gainera, taldea osatzen dugun jokalariak ere pentsamolde berekoak garela. Horregatik askatasunez eta lasai jokatzen dugu, taldean, eta batez ere anbizio handiarekin.

Beti esan izan ohi da arrakasta lortzeko taldeak hazi egin behar duela denboraldia martxan jartzen denetik. Zuk ere zure taldea aurten «hazten» joan dela ikusi duzu?

Talde bezala, bai, zalantzarik gabe. Jokalariak banaka hartuta ere bai, nik uste, baina taldearen hazkuntza hori nabarmena izan da urtean zehar. Bidean oztopoak aurkituta ere, lesioak direla, jokalari aldaketak direla, orain Justinen kontu hau... beti izan gara kapaz oztopo horiek gainditzeko eta nik uste oraingoan ere horrela izango dela.

Leyma Coruñaren aurka jokatu zenituzten lau partidetan, ia beti zuek erabaki zenuten zein erritmotan jokatu. Burgosek aurka ere lortu dezakezue hori?

Hain justu Leyma Coruñaren aurka Fase Erregularrean ere lortu genuen hori, nahiz eta Illunben luzapenean irabazi ziguten. Nortasun handiko taldea gara. Eta horregatik, berdin dio zeinen kontra, gure erara jokatzen saiatzen gara beti. Ikusiko dugu zer gertatzen den Burgosen aurka, baina saiatuko gara behintzat.

Burgosek eskarmentu handiko jokalari mordua dauzka –Rodrigo San Miguel, Carlos Suarez, Mahalbasic, Rupknik, Kacinas...– eta Coliseoa –San Pablo Burgosen kantxa– alde izango du. Nola irabazi dakioke horri?

Ba, ez dakit. Labur esatearren, gure nortasunean zentratu behar dugu, horrek asko ematen baitigu partidarik garrantzitsuenetan. Gainera, esango nuke Burgos dela Lauko Final honetan nortasun gutxien duen taldea. Jokalari oso onak ditu, baina bere publikoak bai, bere publikoak badu nortasun hori eta bultza egingo die. Guk gureari begiratu behar diogu aukerak izateko. Azken batean, hau saskibaloia da eta ez dio inporta aurkariak zein jokalari dituen. Kantxan erakutsi behar da. Eta kantxan dago gure lekua.

Bestalde, ez dut Coliseoa Burgosen edo beste bi taldeen alde –Valladolid eta Palentzia– beteko duten zaleetan zentratu nahi, baizik eta Donostiatik eta ingurutik joanda gu animatzen ariko diren 400 edo 500 zale horietan.

Klabe bat... lehiakortasun eta askatasun horrekin jokatzea izango litzateke.

Egun dexente pasa dira zuen azken partidatik Lauko Finalera. Zertan pensatzen eman duzu denbora hau guztia?

Ba begira, oraintxe bertan Lauko Finalean, gutxi. Saskibaloi profesionaletik kanpo, Axular Ikastolako saskibaloi atala koordinatzen hasi naiz eta murgilketa prozesu betean nago. Beraz, lagundu dit nire burua edozein obsesiotik aske sentitzen, saskibaloian gehiegi pentsatu gabe.

Eta taldekideek?

Ez dakit ba. Ez diet galdetu! (Barrez) Egia da pasa den astea arraroa izan zela, etena beragatik hartuta genuen martxa pixka bat moztu egin digulako. Nik uste orain hasi dela Lauko Finalera begirako urduritasun puntu horrekin, Lauko Finala gauza garrantzitsua dela esan nahi duelako.

Esan ohi den bezala, irabazteko lehenengo pausoa garaipenean sinistea da.

Argi dago. Leyma Coruñaren aurka jokatu genuenean, gure pentsamendua Coruñara joatea zen, eta «ea zer gertatzen den». Baina ez emaitza berdin zitzaigulako. Lasai jokatzen dugunean, taldea aske sentitzen da; eta aske sentitzen garenean, oso lehiakorrak bihurtzen gara. Beraz, Burgosen «ea zer gertatzen den» pentsatuz joatea ez da gauza txarra. Taldearengan konfiantza daukat.

Bestetik, nola entrenatu, horrela jokatzen da. Alde horretatik zorionekoak gara. Hau da, hasteko, etxeko jendea: Beraza, Zubizarreta, Oroz edo neu... Maila ona izateaz gain, oso langileak gara, baina baita kanpotik etorri diren jokalariak ere. Iazko urtearekin, alde nabaria dago.

Mike Carlson bezalako jokalari bat izatea –estatubatuarra, baina bertakotua, emaztea ere donostiarra baitu–, «zubi» lanak egiteko, garrantzitsua izango da.

Mike etxekoa da! (Barrez) Hori da, bai, «zubi» lan horiek egiten ditu, baina baita Aitorrek –Zubizarretak– ere, unibertsitate ikasketan AEBetan egin zituelako, ingelesez bikain moldatzen delako, konexio puntu bat baino gehiago daude.

Etxeko jokalariek, kantxan eta aldagelan, zenbat pisu duzue taldean?

Guztia. Kluba eta taldea hemengo jokalariek beste modu batean sentitzen dugu eta besteei horrela transmititzen diegu. Ez nahita edo inposatuta, baizik eta modu naturalean. Saskibaloia faktore ezberdinek osatzen duten joko bat da eta, beraz, jokalari bakoitzak bere erara eragiten du. Egun batean puntu gehiago sar ditzakezu, edo gutxiago, baina nolanahi ere etxeko jendeak eragin handia du gure jokoan.

Aurten lortu dugu ez soilik nabarmenak diren jokalariak izatea, baizik eta atzetik taldeari oinarri sendoa ematen diogun jokalariak izatea ere.

Gipuzkoa Basketek ACB Ligara itzultzeko prest ikusten du bere burua ala Lauko Final hau «sari» bat da?

Hobe klubari galdetzen badiozu.

Eta zure iritziz?

Nire ustez... lorpen polita izango litzateke ACB Ligara iristea, baina uste dut klubak beste bide bat hartu behar duela. Alegia, oraindik gauza asko ditu hobetzeko, klubaren barruan lantzeko eta hor jarri behar dituela bere ahaleginak.

ACB Ligara igotzen garela? Ederki, baina horrek ez du klubaren lehentasuna izan behar. Klubean bederatzi urte daramatzat eta ikusten dut, klubean ez ezik, lurraldearen egoera politikoan ere gauza asko aldatzen ari direla. Lan handia legoke aurretik.