NAIZ

‘Kalimotxo’ izena jarri dio Tacorontek (Tenerife) upategia eta Coca-Cola batzen dituen kaleari

Tacoronteko (Tenerife) upeltegia.
Tacoronteko (Tenerife) upeltegia. (GOOGLE STREET VIEW)

Tacoronte udalerriak (Tenerife) ‘Kalimotxo’ izena jarri dio herriko Coca-Cola fabrika eta eskualdeko upeltegia lotzen dituen bideari.

Tacoronteko Udalak azaldu duenez, «norbaitek, behin, bi ekoizpen-zentroak lotzen dituen kaletik umorezko iruzkin bat bota zuen», eta, ondoren, udal-espediente bat sortu da, kalearen izen berriarekin amaitu dena.

Bizilagunak, kontakizun honen arabera, honakoa esan zien berarekin zihoazenei: «Aizue, konturatu zarete ezkerrean Coca-Cola dagoela eta eskuinean eskualdeko upeltegia?». Eta barre artean bukatu zuen lagunekin: «Oso argi dago oso garrantzitsua den zerbaiten erdian gaudela, zeren Coca-Cola eta ardoa nahasten baditugu, emaitza oso ona da».

Txantxa ez zen bertan amaitu eta ibilide bitxia egin du. Upeltegiko eta freskagarri-fabrikako zuzendarien belarrietara iritsi zen, eta denek atsegin handiz hartu zuten kaleari ‘kalimotxo’ izena jartzeko ideia.

Jose Daniel Diaz Armas alkateak abiatu zuen ekimena erakundeetan, duela zenbait hilabete. Diazek azken egunak ditu karguan, asteazkenera arte jardunean baitago, orduan osatuko baita korporazio berria eta oposizioko buru izatera pasako da.

‘Kalimotxo’ kaleko errotulua gaztelaniazko zein euskarazko grafiak jasotzen ditu.

Ardoak tradizio luzea du Tenerifeko herri honetan, eta bertan ekoitzitako ardoak Tacoronte-Acentejo Jatorrizko Deituraren parte dira. Coca-Cola, aldiz, berriagoa da, 1996an ezarri baitzuten herrian.

Alkateak sinbiosi hau ospatu du: «Tacoronte ardoaren, abeltzainen eta nekazarien lurraldea da, baina ekintzaileak eta ameslariak hartzeko tokia ere bada».