Jon Ormazabal

Zarautz eta Lekeitioko feriak fagozitatuko ditu udako ardatz izango den Mastersak

Elordi-Albisu, Ezkurdia-Mariezkurrena, Peña-rezusta, Altuna-Imaz, Jaka-Martija eta Larrazabal-Zabaleta izango dira uztailaren 21ean hasi eta urriaren 1ean amaituko den txapelketan arituko diren pilotariak.

Bilbon aurkeztuko dute udaren ardatz izango den Caixabank Mastersa.
Bilbon aurkeztuko dute udaren ardatz izango den Caixabank Mastersa. (Oskar MATXIN_EDESA/FOKU)

Pandemiak sortutako beharrei erantzuteko sortu zen Caixabank Mastersak bere lekua egin du uda pilotazalean eta bere laugarren edizio honetan, betirako fagozitatuko ditu orain arte klasikoak ziren Lekeitio eta Zarauzko feriak. Herri hauetan eta baita Azkoitian ere, Masterseko partidak jokatuko dira, baina feriak hiriburuetara mugatuko dira hemendik aurrera.

EPEL-eko enpresek uda honetarako prestatu duten bide-orria aurkeztu dute Bilbon eta Sanferminetako torneoa izango da lehen lehiaketa, uztailaren 7tik 14ra. Gaur aurkeztu duten Caixabank Mastersak hartuko dio lekukoa uztailaren 21ean Urrestillan hasita eta hortik aurrera hiriburuetako torneoak eta Mastersa uztartuko dira. Abuztuaren 4-tik 8ra Gasteizko Andra Mari Zuriaren feria jokatuko da, 22tik 27ra Bilboko Aste Nagusia –22an Bizkaia torneoko finala izango delarik–, Donostia Hiria abuztuaren 29tik irailaren 1era eta sanmateoek, irailaren 15etik 24ra, emango diote amaiera.

Larrazabalentzat aukera

Udako ardatza Mastersak osatuko du eta torneo honetarako enpresa bakoitzak seina pilotari aurkeztuko ditu. Ohi bezala, bikote mistoak izango dira parte hartuko dutenak eta aukeratutako bikoak honako hauek izango dira: Elordi-Albisu, Ezkurdia-Mariezkurrena, Peña-rezusta, Altuna-Imaz, Jaka-Martija eta Larrazabal-Zabaleta.

Iker Larrazabal izango da, ezbairik gabe, aurtengo berrikuntza nagusia eta deigarria da Baikok, dituen gabeziekin, Urrutikoetxea edo Artola bezalako pilotariak kanpoan utzi izana.

Lehiaketa sistemari dagokionez, denek denen aurkako ligaxka bat jokatuko dute eta ligaxka horretako lehen sailkatuak zuzenean lortuko du finalerdietarako txartela. Bikote bat kanpoan geratuko da eta beste laurek play-offa jokatuko dute, bigarrenek bosgarrenen aurka eta hirugarrenek laugarrenen aurka. Kanporaketa hauetako bi irabazleek eta galtzaileen artean tantorik gehien egiten duen bikoteak finalerdietarako txartela eskuratuko dute.

Bi finalerdiak irailaren 29an, ostiralez, jokatuko dira Iruñeko Nafarroa Arenan eta finala urriaren 1ean jokatuko da, leku berean.

Mariezkurrena, osatuta

Aurkezpenean Jon Mariezkurrena izan da eta ostiralean hartutako kolpetik erabat errekuperatu dela baieztatu du eta ostiral honetan Barañainen jokatzeko moduan dela. Xabi Tolosak, ordea, beste aste bat itxaron beharko du berragertzeko. Berez, igandean zen Logroñon jokatzekoa, baina ez du bere burua erabat osatuta ikusi eta denbora gehiago hartzea erabaki du.