NAIZ

Melwin Pantzar antolatzaile gaztea fitxatu du Bilbao Basketek 2023/24 denboraldiari begira

Melwin Pantzar jokalari suediarrak 23 urte ditu eta 1,91 metro neurtzen ditu. Real Madrilen harrobian hazia, azken urteetan Urrezko Leb Ligako Valladolid taldean aritu da. Amaitu berri den sasoian batez beste 15 puntu, 4 asistentzia eta 3,7 errebote pilatu ditu. Beltzezko gizonen lehen fitxaketa da.

Melwin Pantzar antolatzailearen ongietorri irudia.
Melwin Pantzar antolatzailearen ongietorri irudia. (@BILBAO BASKET)

Surne Bilbao Basketek aurreneko fitxaketa gauzatu du 2023/24 denboraldiari begira: Melwin Pantzar 23 urteko eta 1,91 metro neurtzen dituen antolatzailea, hain zuzen. Talde bilbotarrak hurrengo bi denboraldietarako lotu du Real Madrilen harrobian hazi eta azken denboraldietan Urrezko LEB Ligako Valladolid taldean aritu den jokalari gaztea.

Amaitu berri den denboraldian 15 puntu, 4 asistentzia, 3,7 errebote eta 20,1eko balorazioa lortu ditu batez beste Valladoliden. Dena den azpimarratu behar da Caceres taldearen aurka lortu zuen 53ko balorazioa, 38 puntu, 7 asistentzia eta 5 errebote pilatu ostean.

Alabaina, ACB Ligara igotzeko play-offetan ez du zorterik izan, bere taldeak joan zen asteburuan Burgosen jokatu zen Lauko Finaleko dema, finalerdiei zegokiena, Palentziaren aurka 90-60 galdu baitzuen. Ez zuen orduko hartan bere egunik onena izan Pantzarrek: punturik ez zuen saskiratu bere sei jaurtiketetan kale egin ostean eta -6ko balorazio negatiboarekin amaitu zuen gainera.

Esan bezala, Pantzar antolatzaile gaztea da datorren denboraldiari begira beltzezko gizonek egin duten aurreneko fitxaketa, orain arteko guztiak kontratu berritzeak izan baitira. Gogoan izan behar da Tomeu Rigo eta Adam Smith eskoltak, Xavi Rabaseda eta Alex Reyes hegalekoak eta Denzel Andersson hegal-pibotak izenpetu dutela aurreko egunetan hurrengo sasoian ere Bilbon jarraituko dutela; baita Jaume Ponsarnau entrenatzaileak berak ere.

Real Madrilen harrobira iritsi aurretik, Pantzar bere herrialdeko Solna Vikingsen taldean trebatu zen, 2016an Real Madrilek fitxatu zuen arte. Bi urte geroago, 18 urte baino ez zituela, ACB Ligan debuta egin zuen Pablo Lasoren aginduetara eta hamar partidatan jokatzeko tartetxoa aurkitu zion entrenatzaile gasteiztarrak.

Real Madrilen lekurik ez zuela-eta, Monakon jokatu zuen 2020ko udan Valladolidek fitxatu aurretik, eta ACB Ligan ere beste partida bat jokatu zuen BAXI Manresa taldearekin 2021eko maiatzean.

Jokolari bizia

Rafa Pueyo kirol zuzendariaren iritziz, «Melwin Pantzar Valladolidekin denboraldi bikaina egitetik dator, eta Bilbon bere jokoan aurrera egiten jarraitzea espero dugu, bere bertuteak finkatuz eta gabeziak leunduz».

«Defentsan oso bizia izaten eta erasoan jokalari oldarkorra izaten laguntzen dioten baldintza fisiko handiak dituen antolatzailea da. Trantsizioan jokatzen du, eta bertikala da uztaiari begira, bat baten kontrako eta ‘blokeo eta jarraipen’ egoeretan. Kanpoko jaurtiketa hobetu du eta asko laguntzen du defentsako errebotean. Pozik gaude fitxatu dugulako, badakigulako bere kalitateari energia eta handinahia gehituko zaizkiola», gaineratu du Pueyok.