
Pilar Kaltzada donostiarra da Save the Children erakundearen espainiar Estatukoko presidente berria, larunbat honetan erakundearen gobernu organoak berritzeko prozesua egin ondoren.
Zuzendaritza talde berria honako presidenteorde hauekin osatu da: Gorka Arechabaleta (Boston Consulting Groupeko Global Finance Senior Director) eta Gema Reig (Abanca Seguros erakundeko Espainia eta Portugalerako Eraldaketa eta Negozio Garapeneko zuzendaria); Isabel Lazarok egingo ditu idazkari lanak (Universidad Pontificia Comillas unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko katedraduna).
Espainiar Estatuko Save the Childreneko Patronatuko kide izan da 2016tik Pilar Kaltzada, eta azken hiru urteetan presidenteorde gisa jardun du. Kazetaria eta komunikazio estrategikoko aholkularia da Linking Ideas erakundean, eta erakunde horretako zuzendaria eta bazkide sortzailea da.
Erakundeak gogora ekarri duen moduan, «20 urte baino gehiagoko eskarmentua du komunikazioaren arloko aholkularitzan eta kudeaketan, berrikuntzarekin, kulturarekin eta generoarekin lotutako arloetan». Era berean, bere ibilbidean zehar, «enpresa pribatuetan eta erakunde publikoetan lan egin du exekutibo eta aholkulari gisa, eta hainbat think tank taldetan parte hartzen du, dagozkion eskumen eremuetan».
Kaltzadak, erakundeak zabaldutako oharrean, egiteko «lan asko» dagoela nabarmendu du. «Haurren pobreziak, haurren aurkako indarkeriak edo haurrek beren bizitza eta etorkizuna baldintzatzen duten erabakietan parte hartzeko aukerarik ez izateak argi erakusten dute asko dagoela oraindik egiteko haurren eskubideak bermatzeko bidean. Mundu osoko krisi humanitarioek, gerrek eta desorekek eragin handia dute milioika haurren bizitzan, eta ezin gara besoak gurutzaturik gelditu, egoera horiek ez baitira halabeharrezkoak, baizik eta konpondu ahal ditugun eta konpondu behar ditugun oinarrizko eskubideen urraketak».
Ilusioz eta konpromiso handiz hartu dut»
Pilar Kaltzada NAIZ Irratiko analisi mahaietan izan ohi da Iñaki Soto GARAko zuzendariarekin batera eta bertan zela jakinarazi du Save The Childrenek bere izendapena, «erronka berri bat da, gustoz, ilusioz eta konpromiso handiz hartzen dudana», adierazi du Kaltzadak. Gogoratu du aspalditik duela harremana erakunde honekin eta «giza eskubideen defentsarekin, bereziki haurren giza eskubideen defentsarekin».

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años

Multa de 400 euros por protestar en la inauguración del Culinary Center de Gros

El equipo de gobierno de Iruñea pide la dimisión de Ibarrola y Adanero por «difundir bulos»
