Horiz jantzita eman dio ongi etorria Bilbok Tourrari

Heldu da eguna azkenean eta Bilbok giro izugarrian hartu ditu Tourreko lehenengo etaparen irteera eta amaiera. Zaleek goiz-goizetik bete dituzte txirrindularien ibilbideko kaleak Bizkaiko hiriburuan. Beste batzuek San Mameseko zelaigunean euskal ziklistak animatu ditzute, taldeen aurkezpenean.

San Mames zelaigunea jendez lepo Tourraren irteera ikusteko.
San Mames zelaigunea jendez lepo Tourraren irteera ikusteko. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Azken egunetan Bilbo bete duten kamiseta eta txapel horiek hiriko kale nagusietan gainezka egin dute larunbat honetan lehen ordutik. Egun batez, San Mameseko zelaiguneak beste kirol bat hartu du, eta txirrindularien maillotek Athleticen elastikoak ordezkatu dituzte 2023ko Tourraren edizioari ongi etorria emateko.

Tourra martxan hasi baino ordu batzuk lehenagotik, milaka lagun zeuden Euskal Herritik bigarrenez atera den Tourrean parte hartzen duten taldeak aurkezteko prestaturiko eszenatokiaren aurrean. Aurreko aldia 1992an izan zen, Donostiak Grande Boucle-ren hasiera hartu zuenean, Miguel Indurainek irabazitako erlojupeko batekin. Euskal txirrindularitzaren urrezko garai haietatik urrun –Indurainek 1991 eta 1995 artean jarraian bost garaipen lortu zituen–, Euskal Herriko txirrindulariek tokiko zaleen artean grina pizten jarraitzen dute.

Ion Izagirrek (Cofidis), Alex Aranburuk eta Ionen anaia Gorka Izagirrek (Movistar) edo Pello Bilbaok eta Mikel Landak (Bahrain Victorious) txalo zaparrada jaso dute euren txanda heldu denean, eta esker ona agertu dute bueltan. «Hau baino gehiago ezin da eskatu. Egun ahaztezina izango da», esan du Bilbao gernikarrak eszenatoki gainean, zaleak «Pello, Pello» oihuka ari zirela.

 

Baina ez dute euskal txirrindulariek soilik jaso ikusleen berotasuna. Atzerriko zaleek ere faborito nagusiren batzuen izenak oihukatu dituzte, hala nola Jonas Vingegaard egungo txapeldunarena, Tadej Pogacar eta Jai Hindley-renak. Luis Leon Sanchez eta Mark Cavendish beteranoek ere, Tourreko azken hamarkadako izen handienetako bik, protagonismo nabarmena izan dute. Britainiarrak esker oneko hitzak izan ditu, euskaraz, Euskal Herrian txirrindularitzak bizi duen giro ikaragarriagatik «eskerrik asko» esan baitu, era nahiko trabatuan baina bihotzez.

Australia, Bretainia, Eslovenia, Herbehereak... Dozenaka bandera mugitzen ziren zaleen eskuetan, 176 korrikalariak banan-banan aurkezten zituzten bitartean. Jona, Yonier, David eta Stefan, Team Colombia Barcelona taldeko kideak, Tourreko lehen bi etapak ikustera etorri dira Euskal Herrira. Jakina, Daniel Martinez, Egan Bernal, Esteban Chaves eta Rigoberto Uran izan dira gehien animatu dituztenak. Hala ere, euren faboritoa, batez ere Davidentzat, Harold Tejada izan da, biak Pitalito hirikoak baitira.

Txirrindularitza zaleak bezala, Tourraz eta Euskal Herriaz gozatzen ari dira katalan-kolonbiar horiek, penaz ezin dutelako luzaroago geratu Zornotza eta Baiona arteko hirugarren etapa ikusteko.

Etaparen hasiera

Taldeen aurkezpena amaitu eta hamar minutura, 12.30ean, hasi da munduko txirrindularitza itzulirik ospetsuenaren 110. edizioa. Irteera neutralizatuaren lehen metroetan jende pilaketa ikaragarria dela eta, Tourraren hasiera San Mamesen jarritako pantaila erraldoietan ikusi behar izan dute zaleek.

Behin lasterketa Bilbotik irtendakoan, jende kopuruak behera egin du, baina ez ikurrina kopuruak. Kolore horiari lekukoa hartuta, milaka ikurrinaren gorri, berde eta zuriak Bizkaiko errepideen ertzak bete dituzte etapako ibilbide osoan. Gure Esku herri mugimenduak dei egin zuen Tourreko ikusleek ikurrinak eraman zitzaten lasterketara, aldarrikatzeko «gure herria zazpi lurraldez osatuta dagoela eta geure etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea egikaritu arte pedalkadaz pedalkada bidean jarraituko dugula». Zalantzarik gabe, euskal herritarrek proposamena ondo jaso dute etapako 182 kilometroetan, «Euskal Herriak erabaki» lelodun ikurrinekin.

Etaparen amaieran, milaka pertsona zeuden berriz ere lasterkarien zain Campo Volantin pasealekutik Bilboko Etxebarria parkeraino, UAE Team Emirates taldearen Adam Yatesen garaipena ikusteko, bere anaia Simon eta Pogacarren aurretik iritsita. Britainiarra izango da maillot horia eramango duen lehen karrerista igandeko Gasteiz eta Donostia arteko etapan. Astelehen honetan hasiko da osorik Euskal Herrian egingo den azken etapa, Zornotza eta Baiona artekoa. Denbora gehiagorik gabe, bi egun geroago Pirinioen txanda iritsiko da, eta euskal zaleak Okzitaniako lurraldean nabarmenduko dira berriro.