Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Zierbenak eutsi die hoberen Coruñako olatuei Eusko Label Ligako lehen liderra izateko

Bigarren txandan aritu dira bizkaitarrak eta bertan lortu dute denborarik onena. Bigarren Hondarribia izan da, lehen txandatik, hirugarren Getaria eta laugarren Orio. Egungo txapeldun Urdaibaik bosgarren amaitu du estropada.

Zierbenako patroi eta arraunlariak bandera gogoz astintzen Coruñan.
Zierbenako patroi eta arraunlariak bandera gogoz astintzen Coruñan. (AGENCIA LOF)

Zierbenak sekulako ezustekoa eman du Coruñako ur zailetan eta olatuen artean, bigarren txandatik ateraz, denboraldiko lehen estropada eta bandera irabaziz. Taldea eraberrituta iritsi da Coruñara, 2023 denboraldiko hasierara. Hala, Dani Perez entrenatzaile berriarekin, Borja Gomez patroiaren gizonak dira Eusko Label Ligako lehen liderrak, larunbatean proba bertan behera geratu baitzen itsaso zakarragatik.

Bigarren sailkatua Hondarribia izan da, bigarren txandatik, hirugarren ezustekoa eman duen beste ontzi bat izan da, Getaria alegia, eta laugarren Orio izan da. Egungo txapeldun Urdaibaik itsasoaren egoera kaxkarrak sumatu ditu hirugarren txandan eta, Donostiarrarekin lehia bizia mantendu ostean, estropadako bosgarren denborarik onena lortu du, Ondarroaren aurretik.

Telebistako irudietan antzeman zitekeen bigarren txandatik hirugarrenera asko aldatu dela itsasoaren egoera, okerrerantz joan dela. Hala, Zierbenak bere lanak bikain eginda utzi ditu bigarren txandan. Bertan, aurreko txandan Hondarribiak egindako denborarik onena hobetzea zuten helburu bizkaitarrek.

Lau traineru hauen hasierak tentsio puntu bat izan du. Izan ere, estatxarekin arazo bat egon da eta askatu behar izan dute. Gero, gainera, arazo teknikoren bat egon omen da semaforoa berde jartzeko garaian eta hasiera pixka bat atzeratu da.

Behin irteera emanda, Orio izan da aurrea hartu duena. Pentsa, lehen ziabogan aurrekoan Hondarribiak egindako denbora berdindu dute (5:30). Zierbena momentu horretan lau segundora zegoen, Getaria bederatzira eta Lekittarra hamaikara.

Baina bigarren luzean Getaria 0 kalera joan da eta borrokan sartu da, Zierbenaren parean jarriz. Hori bai, bizkaitarrek Oriori pasa diote olatu on bat hartuz eta hegan joan da bigarren ziabogaraino. Biraketa honetan Borja Gomezen arraunlariek Hondarribiaren denbora hobetu dute dagoeneko eta hurrengo luzean bosgarren kalera joan dira babes bila.

Hirugarren biraketan denborarik onena markatuz jarraitu du Zierbenak, Oriori eta Getariari 11 segundoko aldea ateraz. Unax Eizagirre patroiak gidatzen duen Getaria oso ondo ari zen atzetik aurrera eta Oriori pasa egin dio azken luzean, txandako eta estropadako bigarren postu bikaina lortuz. Hala ere, gaurkoan beste ontzi bat izan da azkarragoa, eta hori Zierbena izan da.

Coruñako estropada eremuko irudi bat, atzean Hercules dorrea ageri dela. (AGENCIA LOF)

Hondarribia saiatu egin da lehen txandan ahalik eta denbora onena egiten, baina 25 kilometro orduko abiadura zuen haize boladek ez diote nahi zuen marka egiten utzi. Hori bai, Ioseba Amunarriz patroiaren taldekideek txanda lideratu dute hasieratik amaiera arte.

Iñigo Larrinagak gidatzen duen Ondarroak oso ondo aguantatu du "Ama Guadalupekoa" ontziaren erritmoa, sei segundora momentu askotan, baina azkenean 11 segundora helmugaratu da. Bestalde, Kaikuk, aurredenboraldi ahula egin ostean, denbora asko galdu du lehen maniobran eta azken postura jaitsi da eta Samertolameuren atzetik amaitu du.

Jose Luis Kortaren mutilek azken-aurreko postuan amaitu dute Coruñako estropada, Santurtziren aurretik, eta lan asko egin beharko dute aurrerantzean.

Urdaibairen estualdia

Azken txandak erabakiko zuen estropada. Eta bertan aritu dira lanean Donostiarra, lehendabizi, eta Urdaibai, geroxeago. "Torrekua II.a" traineruak lidertza hartu du estropada hasieran, baina lehen ziabogan ez dute Zierbenaren denbora hobetzea lortu. Bigarren maniobran ere ezinezkoa egin zaie marka gainditzea, eta orduan etorri da egungo txapeldun Urdaibairen berpiztea. Bermeoko traineruak luze bikaina egin du, eta biraketan pasa egin dio arazoak izan dituen Donostiarrari –trainerua boteak ematen zebilen–.

Hala ere, hirugarren ziabogako denbora ez da Zierbenarena baino hobeagoa izan. Azken luzean, argi zegoen garaipena eta bandera Zierbenara joango zela, eta beste helburu batzuetan pentsatu dute Urdaibaik eta Donostiarrak, faboritoen artean dauden bi traineruek. Ahalik eta puntu gehien lortzea izan dute erronka, baina azkenean Hondarribia, Getaria eta Orio sartu zaizkie tartean.

Hurrengo jardunaldia larunbatean izango da, Donostian, eta bertan arituko dira ohorezko txandan Zierbena, Hondarribia, Getaria eta Orio. Urdaibai eta Donostiarra Ondarroa eta Lekittarrarekin lehiatuko dira bigarren txandan; eta lehenengoan arituko dira Samertolameu, Cabo, Kaiku eta Santurtzi.

VII Bandeira Cidade da Coruna:

1. Zierbena 21:45.82
2. Hondarribia 21:56.50
3. Getaria 22:02.62
4. Orio 22:05.64
5. Urdaibai 22:06.20
6. Ondarroa 22:07.52
7. Donostiarra 22.16.46
8. Lekittarra 22:23.98
9. Samertolameu 22:33.90
10. Cabo 22:40.98
11. Kaiku 22:46.68
12. Santurtzi 23:08.20

Sailkapen nagusia:

1. Zierbena 12 puntu
2. Hondarribia 11
3. Getaria 10
4. Orio 29
5. Urdaibai 8
6. Ondarroa 7
7. Donostiarra 6
8. Lekittarra 5
9. Samertolameu 4
10. Cabo 3
11. Kaiku 2
12. Santurtzi 1