Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / redactor jefe de actualidad

Ertzaintza, Nahel eta Wagner

2016ko azaroaren 26an, duela jada sei urte eta erdi, jardunaldi oso interesgarria antolatu zuen EH Bilduk Donostian, “Euskal Herriko segurtasun publiko eredu berri baterako oinarriak” lelopean. Irlandako eta Quebeceko irakaspenak ekarri zituen hona, zinez argigarriak. Gerry Kelly Sinn Feinekoak kontatu zuenez, mugimendu errepublikanoaren etsai zuzena zen RUCek PSNI delakoari eman zion bide Ostiral Santuko Akordioa sinatu eta hiru urte geroago, baina dezente zailagoa izan zen benetan eredua aldatu eta gizartearen onespena lortzen joatea. Besteak beste, herriz herriko bilera publikoak antolatu behar izan zituen Sinn Feinek, beste ezer baino lehen galdera bati erantzuna emateko: «RUC ahaztu ezazue une batez, gizarte honetan polizia behar dela uste duzue? Bai ala ez?». Geroztik gauzak nabarmen hobetu direla aipatu zuen Kellyk. Bere aldetik, Quebeceko prozesuaren berri eman zuen Serge Menard bertako ministro izandakoak. Hango polizia eraberritu egin zuten 1999. urtean, bereziki formakuntzan eragiten, indarra erabili behar ez izateko teknikak landuz.

Gogoan dut ordu batzuk lehenago Fidel Castro hil zela. Baina, egiari zor, hori ez zen ni bertan kazetari bakarra izatearen arrazoia, ez eta EH Bilduk planteatutako eztabaida mamitsuak gizartean apenas oihartzunik ez izateko aitzakia ere. Auzi horrek ez zuen agenda politikoan inolako tokirik une hartan, eta ondorioz, lau urte lehenago Iñigo Cabacas Bilbon hil zuen Ertzaintzaren edota sei hamarkadaz 6.000 tortura kasu, gutxienez, egin dituzten polizia erakunde guztien jarrera zalantzan jartzeko zirrikiturik ez zen ageri.

Baliteke orain Kellyk eta Menardek esandakoa Urkullu eta Erkorekaren interesekoa izatea. Edo Macron eta Darmaninena, beharbada. Izan ere, Ertzaintzarekin duen arazoa estreinakoz begi bistan jarri zaio Lakuari. Nahel gaztearen hilketarekin agintari frantziarrei gertatu zaien bezalaxe.

Tiroketa bideoz zabaldu izanak frantziar gizartea astindu du, Cabacasen hilketari buruz NAIZek 2013an zabaldutako audioek euskal gizartea ikaratu zuten bezala. Antzekotasun nabaria dago bi kasu horien artean, edo AEBetan behin eta berriz errepikatzen direnekin alderatuta. George Floyd eta beste asko azal beltza izateagatik etsaitzat hartu ohi ditu poliziak, Nahel banlieue bateko seme izateagatik, eta Iñigo, Herriko Taberna baten ondoan egoteagatik. Sektarismo bera, agintariek babestua eta zenbaitetan ere bultzatua, lehenbailehen erauzi beharrekoa.

«Oreinen» aurka tiro egin izana ez da Lakuako gobernuentzat arazo izan, ehiztari horiek haien agintarien kontra (edo kazetari ezagunen aurka) mehatxuka oldartu diren arte. Eta horrek bestelako hausnarketa dakar burura, urrutixeagokoa.

Wagner mertzenario sarea Putinen aurrean ikusi dugun bezala, erakunde autonomo eta pribatu gisa jokatzen ari dira ertzain horiek, urtetan zehar neurririk gabe ahaldundutakoak izan ostean. Eta ez da harrigarria, benetan polizia erakunde hori indar pribatu gisa erabili baitu orain Urkullu buru duen gobernuak, bere helburu politiko propioetarako eta ez gizartearen interes orokorrari begira.

Oraindik ez da agian bide hori zuzentzeko beranduegi, baina bai dezente zailagoa. Irlandari eta Quebeci erreparatzen badiegu, behintzat, 25 urteko atzerapenaz dator hau guztia, belaunaldi oso bat. •