Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Ezkurdia-Zabaletaren garaipenak Altuna III.a-Rezusta sartu ditu San Fermin torneoko finalean

Ezkurdia-Zabaletak 22-9 irabazi behar zuten Larrazabal-Mariezkurrenaren aurkako ostiraleko finala jokatu ahal izateko, eta 9-1 eta 11-3 joan dira aurretik, baina Zabaletaren beherakadak esperantza eman die Jaka-Arangureni, hauek ere kale egin duten arte (22-19).

Ezkurdia ez da oso fin ibili, baina lana eta profesionaltasuna eskaini ditu azken unera arte.
Ezkurdia ez da oso fin ibili, baina lana eta profesionaltasuna eskaini ditu azken unera arte. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Pilota munduan beti esan izan ohi da pilotariak, orokorrean, oso ondo eramaten direla beraien artean eta lagun onak direla. Hau behin baino gehiagotan ikusi izan da, baina profesionalak izanda, profesionaltasuna ere agerian uzten dute ahal duten guztietan. Gaur gauean hori gertatu da Labrit pilotalekuan. Izan ere, Ezkurdia-Zabaletak 22-9 irabazi behar zuten San Fermin torneoko finala jokatu ahal izateko, baina aukera galdu ostean (15-10ekoan), ostiraleko finalean egoteko partida irabazi behar zuten Jaka-Arangurenen gorakadari aurre egin eta lehia irabaztea lortu dute, bere enpresa bereko Altuna-Rezustari txartela emanez.

Jendez gainezka zegoen Labritek aukera ugari zituen ikuskizunaz gozatzeko. Bi bikote aritu dira nor baino nor finala jokatzeko helburua lortzeko, baina hiru bikote ziren finala jokatzeko aukera zutenek. Ezkurdiak-Zabaletak 22-9 irabazi behar zuten, eta bikain hasi dute lehia, 9-1 eta 11-3 aurretik ipiniz. Aurrelari nafarra ez da oso fin aritu jokoa egiteko garaian, baina neurketaren lehen zatian Jose Javier Zabaleta oso nagusi izan da atzeko koadroetan eta erraz gailendu zaie Arangureni eta jokoan ezin sartu ari zen Jakari.

Baina dena aldatu da bigarren zatian. Urdinek garaipena behar zuten finala jokatu ahal izateko. Hala, Erik Jaka asko asmatzen hasi da eta partidako tanto onenak bereak izan dira. Tentsioa gero eta gehiago nabaritzen hasi da kantxa barruan. Horren adibide izan da 12-7koa, tantoa errepikatu behar izan dutela beherakada izan duen Zabaletak Arangureni oztopo egiteagatik.

Momentu horretan gorriek 10-2ko partzial bat behar zuten finalera sailkatzeko. Baina urdinek 15-10ekoa egin dute eta aurkarien esperantzak hor amaitu dira. Ez, ordea, gauzak ondo egiteko asmoak. Izan ere, burua makurtu beharrean, lanean jarraitu dute. Hori bai, Arangurenek 17-18 aurretik jarri ditu urdinak zabalean egindako dejada eder batekin. Eta Jakak, sakez, 17-19koa ipini du.

Partidako momentu klabea zen. Gorriek lanean jarraitu dute, eta saria lortu ere. 21-19koa partidako onena izan dela aipatu behar da. Gogorra benetan, eta urdinez jantzitako bi pilotariek lurrean amaitu dute leher eginda. 22-19koa errebotean amaitu da, San Fermin torneoko finalerako txartela Altuna-Rezustari emanez.

Hori bai, orain ikusi beharko da ea Altunak partida jokatu dezakeen edo ez. Izan ere, asteazkenean bertan Aspek jakitera eman duenez, gainkarga du eskuineko dortsal zabalaren lotura miotendinosoan eta Elordiren aurkako Buruz Buruko finalaren errebantxa bertan behera utzi du. Datozen orduetan baloratu beharko du amezketarrak jokatu edo ez.

PARTIDAKO FITXA:

Ezkurdia-Zabaleta: 22

Jaka-Aranguren: 19

Pilotakadak: 628. Iraupena: 74:32. Markagailua: 0-1, 9-1, 9-3, 11-3, 11-7, 13-7, 13-8, 15-8, 15-12, 16-12, 16-15, 17-15, 17-19 eta 22-19. Sakez egindako tantoak: 1 Ezkurdiak eta 3 Jakak. Jokoan egindako tantoak: 5 Ezkurdiak, 3 Zabaletak, 11 Jakak eta 1 Arangurenek. Galdutakoak: 2 Ezkurdiak, 2 Zabaletak, 7 Jakak eta 6 Arangurenek. Gertakariak: Giro bikaina Iruñeko Labriten San Fermin torneoko partida jarraitzeko. Lehen sakea urdin.