Ramon Sola

Alaitasuna, harrotasuna eta tristura, dena batera Zezen Plazako agur hunkigarrian

Jaiei maitasun adierazpen erraldoia egin diete 20.000 lagunek baino gehiagok Zezen Plazan. Agur ekitaldia da baina ez adiorik, «gutxiago falta da» aldarrikatzea gaurko sendabide bakarra delako. Euskal kantuak nagusi izan dira.

Peñetako kideak ea musikariak Zezen Plazan, agur ekitaldiaren hasieran.
Peñetako kideak ea musikariak Zezen Plazan, agur ekitaldiaren hasieran. (NAIZ)

Algara eta tristura, harrotasuna eta etsipena, parranda gogoa eta nekea, emozioa azaleratzen zuten malkoak eta pena adierazten zuten negar isilak. Hori eta gehiago bildu du 21.00ak aldera Iruñeko Zezen Plaza lepo bete duen agur ekitaldiak. Sanferminetako hitzordu hunkigarrienetakoa da, gauerdiko ‘Pobre de Mi’ ofiziala baina oraindik sentituagoa.

Aspaldiko ohitura da, azken urte hauetan indar berezia hartu duena. Horretarako ez dira bakarrik biltzen bertan zezenketa jarraitu duten 20.000 ikusleak; beste milaka batzuk Zaldien Patiotik sartzen dira eta hauen artean, harmailetan biltzen direnen artean bezala, denetarik dago (zezenketak gustuko ez dituztenak, haurrak, adineko iruindarrak, azkeneko egun honetarako bakarrik itzultzen direnak...).

Ordu erdi inguruz, hondarrera jeitsitako txarangek zenbait kantu jo dituzte, eta harmailetatik gogoz, eta tarteka ahotsa ahuldurik, abestu dituzte. Sanferminetan sarri entzuten diren euskal kantak, batetik: ‘Ikusi mendizaleak’, ‘Lepoan hartu’... Jaietan ezinbestekoak direnak, bestetik, begiak bereziki busti dituztenak: ‘Pobre de Mi’, ‘Riau-riau’... Osasunaren aldeko lelorik ez da falta izan, talde gorritxoa hasieratik bukaerara protagonista izan baita edizio honetan.

Gauak luze joko du oraindik askorentzat, are gehiago ostirala izanik, Nafarroako herri askotatik jendetza Iruñeratu baita. Larunbatean argitu ostean, 8.00etan Santo Domingotik irtengo den Villavesaren Entzierroak jarriko die bukaera pandemiaren osteko bigarren Sanfermin hauei. Hortik aurrera, hiriak urte osoan duen egunik tristeenari nola edo hala egin beharko zaio aurre.

Eta hurrengoan, bi asteburu

Balantze ofiziala etorriko da gero, Cristina Ibarrola alkate berriaren eskutik. Batzuk dagoeneko aurreratu dituzte beren balorazioak. Ostalariak, esaterako, oso pozik geratu ziren hasierako eztandarekin, ostegunetik igandera bitarte jaiak jendetza erakarri zuelako, baina gero nabarmen moteldu egin dira erritmoa eta intentsitatea.

Hurrengoa irudikatuz, pozik egoteko arrazoia dute hauek. Izan ere, egitarauak bi asteburu iragartzen ditu: larunbatarekin hasiko da festa, uztailaren 6an, eta hurrengo asteburu osoa hartuko du beraz, 14ko gauerdirarte.

Urteroko bilakaera honetan, egunez bizitzen den festa gauez egiten denari gailentzen ari zaio nabarmen. Neurri handi batean, Iruñea 7.00etatik egunero-egunero dantzan jartzen duen entzierroaren erakargarritasunari esker.