Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Hondarribia garaile izan da Santurtzin eta Urdaibai liderrak sarraskia saihestu du

«Ama guadalupekoa»k irabazi du eta Urdaibai, atzetik aurrera eginda, bigarren izan da. Sailkapen nagusian puntu batera daude orain. Zierbenak hirugarren amaitu du eta Lekittarrak, lehen txandatik, laugarren. Etxeko traineruak ezustekoa izan du aurrekalaria uretara erori baita lehen ziabogan.

Ioseba Amunarriz Hondarribiko patroia, Santurtziko bandera eskuan duela.
Ioseba Amunarriz Hondarribiko patroia, Santurtziko bandera eskuan duela. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Eusko Label Liga emozioz beterik dagoela argi eta garbi utzi digu asteburu honek. Larunbatean, Getxoko uretan, Urdaibaik lidertza sendotu bazuen ere, igande honetan, Santurtzin, Hondarribiak denboraldiko bigarren garaipena eskuratu du, sailkapen nagusiko goiko postuak are gehiago estutuz. Hori bai, bermeotarrek sarraskia saihestu ahal izan dute, atzetik aurrera egin baitute 2 luze, oso luze, eta bi labur izan dituen estropadan zehar.

Izan ere, Gorka Aranberrirenak hamargarren postuan ziren estropadan zehar, bana bigarren erdialdean beste erritmo bat sartu eta azkenean bigarren izan dira, Zierbenaren eta lehen txandatik aritu den Lekittarraren aurretik. Donostiarrak bosgarren postuarekin konformatu behar izan du.

"Ama guadalupekoa" ontziak ondo neurtu ditu indarrak. Lehenengo ziaboga eman ostean, Donostiarrarekin oso pegatuta aritu da laugarren kalean. Epaileak bandera zuria atera die donostiarrei eta Zierbenak lehenengo jartzeko aprobetxatu du. Ioseba Amunarriz patroiaren Hondarribiak segituan aurre hartu dio berriro ere.

Bigarren biraketa ostean, epaileak bi abisu eman dizkio Hondarribiari. Orduan, Zierbena lider jarri da eta hirugarren biraketan azkarrena izan da. Baina azken luze motzean berdeek indar guztiekin arraun egin eta bandera irabazi dute. Urdaibaik, bestalde, atzetik aurrera egin du, sarraskia saihestuz.

Lekittarra, Santurtziren ezustekoan bikain

Zierbena eta Donostiarraren artean Lekittarra ipini da. Bizkaitarrek denbora onena markatu dute lehen txandan eta bigarrengoek ezin zian dute hobetu. Estropada hasiera horretan ezusteko nabarmen bat aipatzekoa da. Izan ere, Santurtziko Endika Moran aurrekalaria uretara erori da lehen ziabogan arraunak pertigarena egin ostean. Etxeko taldeak arraunlari bat gutxiagorekin aritu behar izan du ordutik aurrera astean zehar barne istiluak gainditu ostean, eta azkena izan da.

Lehen txandaren amaieran Cristian Garma patroiak bere arraunlariei animatu die, talde barruan zeuden iskanbilak betiko amaitutzat emanda. Gainera, hirugarren ziaboga ostean, Kaikuk Santurtzi ukitu du eta sestaotarrek 3 segundoko zigorra jaso dute, estropada hamargarren amaitzeko. Samertolameu, sailkapen nagusiko azkena, zazpigarren izan da gaurkoan.

Bigarren txandakoek ezin izan dute Lekittarraren denbora hobetu. Ondarroak oso ondo hasi du txanda, baina minutuak joan ahala, erritmoa galdu du eta Oriok, seigarren estropadan, txanda irabazteko aprobetxatu du.

Santurtziko XLIV. Bandera:

1. Hondarribia 19:23.20
2. Urdaibai 19:27.36
3. Zierbena 19:27.68
4. Lekittarra 19:33.16
5. Donostiarra 19:35.80
6. Orio 19:37.64
7. Samertolameu 19:41.68
8. Cabo 19:43.18
9. Ondarroa 19:43.34
10. Kaiku 19:51.54
11. Getaria 20:03.60
12. Santurtzi 20:14.22

Sailkapen nagusia:

1. Urdaibai 99 puntu
2. Hondarribia 98
3. Zierbena 91
4. Donostiarra 74
5. Orio 62
6. Cabo 53
7. Getaria 53
8. Lekittarra 51
9. Kaiku 39
10. Ondarroa 35
11. Santurtzi 27
12. Samertolameu 20