NAIZ

Nahia Zudaire munduko txapeldunorde izan da Manchesterren, estilo libreko 400 metrokoan

Nahia Zudairek zilarrezko domina eskuratu du astelehen honetan Manchesterren hasi eta abuztuaren 6ra arte jokatuko den igeriketa egokituko Munduko txapelketako estilo libreko 400 metroko proban. Iñigo Llopisek, bestalde, bosgarren amaitu du gizonezkoen proba bera.

Nahia Zudaire eta Iñigo Llopis, entrenatzailearekin, Munduko txapelketan parte hartu aurretik.
Nahia Zudaire eta Iñigo Llopis, entrenatzailearekin, Munduko txapelketan parte hartu aurretik. (BASQUE TEAM)

Albiste oso onak datozkigu Manchesterretik, igeriketa egokituko Munduko txapelketatik. Izan ere, Nahia Zudaire txapeldunorde bihurtu da estilo libreko 400 metrokoan. Basque Teameko beste igerilaria, Iñigo Llopis, bosgarren izan da proba berdinean baina gizonezkoetan.

Nahia Zudairek Ingalaterrara joan aurretik esan zuen asko gozatzen ari dela denboraldi honetan bere entrenamendu onei esker, eta podiumera igotzeko itxaropena zuela, Madeiran jokatutako aurreko Munduko Txapelketetan egin zuen bezala. Goizean bikain aritu da S8 klaseko sailkapen txandan, lehen postuan amaitu du eta 5:10.90eko denbora egin du, Vendula Duskova txekiarraren (+5.58) eta Cecilia Kethlen Jeronimo de Araujo brasildarraren (+5.69) aurretik.

Arratsaldeko finalean denbora hobetu egin du eta, 5:05.91ko markarekin, podiumeko bigarren tokira igo da, Xenia Palazzo italiarraren atzetik (5:01.46) eta lehen aipatutako Cecilia Kethlenen aurretik (5:08.94).

Gaur lortutako dominak balio bikoitza du, izan ere, Munduko txapelketak ematen duen ospeaz gain, 2024ko Pariseko Joko Paralinpikoetarako plaza ematen du. Urre eta zilar bakoitzak txartel zuzena maten du hitzordu paralinpikorako, baina kontuan izan behar da plaza horiek ez dutela oraindik izen-abizenik, herrialdeari ematen zaizkiola.

Bestalde, Iñigo Llopisek bosgarren amaitu du gizonezkoen koadroko estilo libreko 400 metrokoan. 4:40.64ko denborarekin bukatu du proba, Alberto Amodeo italiarraren (4:25.63), Haijiao Xu txinatarraren (4:32.11), Noah Jaffe estatubatuarraren (4:35.04) eta Philippe Vachon kanadarraren (4: 38.95) ondoren. Astearte honetan Llopisek bere proba fetitxea jokatuko du: bizkar estiloko 100 metroak.