NAIZ

Jon Arretxeren eleberrietan oinarritutako ‘Detective Touré’ telesailaren lehenengo irudiak

Ekainetik irailera bitartean, Bilbo eta inguruetan ari dira filmatzen Jon Arretxeren eleberrietan oinarritutako ‘Detective Touré’ telesaila. Malcolm Treviño-Sitte protagonistaz gainera, Itziar Ituño, Unax Ugalde eta puntako beste hainbat antzezlek hartuko du parte. Lehen irudiak erakutsi dituzte.

Malcolm Treviño-Sitte, Arriaga antzokian.
Malcolm Treviño-Sitte, Arriaga antzokian. (David HERRANZ)

Interes handia pizten ari da ekainetik Bilbon eta inguruko gune esanguratsuetan filmatzen ari den ‘Detective Touré’ telesaila. Jon Arretxe idazle basauriarraren eleberri arrakastatsuetan oinarritako telesailak Malcolm Treviño-Sitte aktorea du protagonista nagusi, berak hezurmamituko baitu Mahamoud Touré pertsonaia nagusia, eta antzezle honen alboan ikusiko ditugu puntako beste hainbat antzezle, tartean Unax Ugalde, Itziar Ituño, Loreto Mauleon, Itsaso Arana, Urko Olazabal, Gorsy Edu, Ayoub El Hilali eta Ane Gabarain, filmaketaren lehen irudietan ikus daitekeen bezala.

Telesaila David Perez Sañudo (‘Ane’) 2021ean egokitutako gidoi onenaren Goya Sariaren irabazleak eta Carlos Vila Sexta (‘Los misterios de Laura’) detektibe telesailetan eskarmentu handia duen gidoilariak sortu dute, Flora Gonzalez Villanueva (‘Nacho’) gidoilariaren parte-hartzearekin. Tornasol Media, DeAPlaneta, Detective Touré AIE, RTVE eta EITBren koprodukzioa da lana, eta Europa Creativa Media programaren babesa jaso du.

Itziar Ituño eta Unax Ugalde, ‘Detective Touré’ telesailean.

Esan bezala, Malcolm Treviño-Sitte aktoreak (‘Lo nunca visto’) antzezten du Mahamoud Toure, «ikusleen bihotzak bere umore eta abileziarekin konkistatuko dituen detektibe karismatiko eta ohiz kanpokoa». Aurrerratu dutenez, Arretxeren eleberrietan bezala, telesailean ere mota askotako erronka eta misterioei egin beharko die aurre Tourek, eta adimena eta bere «nortasun magnetikoa» erabiliko ditu aurkezten zaion kasu bakoitza ahalik eta modu ustekabekoenean argitzeko.

Jakitera eman dutenez, atal bakoitzean misterio berri baten aurrean aurkituko du bere burua Tourek, eta hura argitzen ahaleginduko da.

Filmaketa

Telesailaren filmaketak interesa piztu du, batez ere Bilbo eta inguruetan, bertan ari baitira burutzen filmaketa lanak. Ekainean abiatu zituzten, eta aurreikuspenen arabera iraila erdialdean amaituko dituzte. Aurreratu dutenez, ‘Detective Touré’ telesailean Bizkaiko hiriburuko Arriaga antzokia edota San Frantzisko auzoa ikusi ahalko dira, besteren artean.

Malcolm Treviño-Sitte (bizkarrez) eta Itsaso Arana, ‘Detective Touré’ telesailean.

Guztira sei atal izango dituela ere aurreratu dute, eta Esteban Crespo (‘Black Beach’) eta Violeta Salama (‘Alegria’) zinemagileek zuzenduko dituzte atalok. 2024an TVEn eta EITBn estreinatuko da telesaila eta «intriga, umorea eta pertsonaia kuttunak» uztartuko ditu.

Jon Arretxeren obraren lehen egokitzapena da telebistarako. Literatur ibilbidea 90eko hamarkadan hasi zuen Arretxek, eta, gaur egun, nobela beltzaren egile handienetako bat da Euskal Herrian zein Estatu mailan. Bere liburu gehienak, jatorriz euskaraz argitaratutakoak, bestseller bihurtu dira Euskal Herrian.