Itoizko ahots berriak: fantasia, artea eta memoria

Uharteko Arte Garaikideko Zentroko arte plastiko eta ikus-entzunezkoen laguntza-programari esker ‘Grama’ proiektu artistikoan murgildua dabil Nagore Chivite. Itoizko urtegia abiapuntu, naturarekin dugun gatazkaz mintzo da. Fantasia lanabes, organikoaren eta artifizialaren mugan dabil sortzen.

Nagore Chivite artista.
Nagore Chivite artista. (NAIZ)

Aos eta Bilbo artean bizi da Nagore Chivite Lizarraga (Aos, 1999). Arte Ederrak ikastera joan zen hiriburu bizikaitarrera eta joan-etorrian ibili da herritik hirira eta hiritik herrira. Masterra amaitu berri du. Nagorerentzat mundu artistikorako eta plastikorako ateak ez dira ikasketak izan. Txikitatik marrazten du Chivitek eta 2021ean, ikasketak tarteko, Cluj-Napocan, Transilvania inguruan (Errumanian), izan zenean hasi zen figurak egiten: «Pandemia dela-eta ezin ginen klasera edo tailerrera joan. Irakasle batek figurak egiteko esan zigun eta engantxatu egin nintzen. Pila bat egiten hasi nintzen». 

Figurak, marrazkiak eta animazioa egiten ditu, batik bat. Figurak egiten sentitzen da erosoen, baina sortzen duen gauza guztietan marrazkiaren pisua agerikoa dela uste du. «Arlo guztietan ateratzen den teknika marrazkia da. Figurak egiten ditudanean ere agertzen da nire marrazteko modua». Animazioa ere marrazkietatik abiatuta egiten du, baina lan nekezagoa egiten zaiola aitortu du.

Nagoreren lana urruti dago edertasunaren kanon ertsietatik. Edo akaso, bere lanaren edertasuna sorrarazten duen sentsazioetan kabitzen da. Hori besterik ez, eta hori guztia. Iluna, nahasia, elektrikoa eta fantasiosoa. Eta oso organikoa aldi berean. Animalia eta izaki bizidunak ikus ditzakegu bere marrazki eta figuretan: oreinak, landareak, labexomorro antza duten formak, sustraiak… «Aosetik nator eta oso herri txikia da. Nire testuinguruan dauden paisaia txikitxoetan oinarritzen naiz askotan».

«Nik behar dudana fantaseatzea da. Ezagutzeko zergatik izan duen Itoizek inpaktu bat guregan eta gure burua gatazkaren ondoan jartzeko»

Kontrastearekin jolastea maite du eta hain justu, horregatik, askotan txuri-beltzean marrazten du. Ilunak eta kolore hotzekoak dira bere lan gehientsuenak. Horrelakoa baita bere ingurua: «Aos oso leku iluna da neguan. Eta Bilbo ere. Modu ezberdinetan, baina biak badira». Errumaniak ere eragina izan du beragan: «uste dut han iluntasunarekin edo naturaren alde ilunarekin konexio handiagoa dutela».

Iluntasuna ezerezarekin lotu ohi dugu. Chiviterentzat, ordea, aukeraz beterik dago. Fantasiaren eta animismoaren erabilera berezia darabil. Txikitatik marrazki fantastikoak egiten dituen arren, ez du Disney-ren filmekin zerikusirik. Badira zaldunak, izaki fantastikoak eta gizatiar sumatzen diren animaliak. Baina ez dago liraintasunik. Estilo narrats, ilun eta indartsuan dago Chiviteren magia.

Itoizeko itzala eta errelato berriak

Aos Longida ibarreko kontzeju bat da; Aiantz, Zuza, Murillo eta beste herri txikiek inguratutakoa. Bost kilometrotara dago Agoitz eta beste bost egin behar dira aurrera, gutxi-gora behera, Itoizko urtegira iristeko. 1993an hasi ziren urtegia eraikitzeko lanak; protesta ugari piztu ziren inguruko eskualdeetan sarraskia salatzeko asmoz. Guztira zazpi herri eta hiru natur-gune gelditu ziren urpean. Inguruko belaunaldi batentzat borrokaldi garrantzitsua izan zen. Euskal Herri osoko begiak izan ziren Itoizera begira garai hartan.

Chiviteren zeramikak.

Chivite beranduago jaio zen. Baina borroka horren arrastoa gertutik jaso du. «Nire iruditegian oso finkaturik dago. Eskolan simulakroak egiten genituen, nire gurasoek protestetan parte hartu zuten…». Belaunaldi berri batek kontakizun berriak sortzeko beharra du orain: «Behar duguna da errelato hori beste modu batera kontatzea. Nik behar dudana fantaseatzea da. Ezagutzeko zergatik izan duen horrek inpaktu bat guregan eta gure burua gatazkaren ondoan jartzeko».

135 metroko garaieran, horietako 122 agerian, eta zabaleran 525 metro duen azpiegitura, sorkuntza lan bat baino gehiagorentzat inspirazio iturri izan da. Maddi Barber zinemagile lakabearrak ‘592 metroz goiti’ dokumentala filmatu zuen 2018an. Izenburuak urtegiaren kotari egiten dio erreferentzia. Barberren lana ezagutzen du Chivitek, eta berak ere urtegiaren ur lohitsuetan murgildu nahi izan du.

Organikoaren eta artifizialaren arteko muga

Uharteko Arte Garaikideko Zentroko arte plastiko eta ikus-entzunezkoen laguntza-programari esker ontzen ari da ‘Grama’. Guztira 30 figura, forjan egindako egitura bat, hamarnaka marrazki eta 5 bideo-ipuinek osatzen dute bilduma. Izena anekdota batetik dator. Amak baratzetik grama kentzeko belar artifiziala jarri zuen. Bitxia egin zitzaion belar bat kentzeko belar artifiziala gainetik jartzea, eta dikotomia hori baliatu du bere sorkuntzaren zentzua topatzeko: «Nire lanean ikusten dudan gauza bat da organikotik artifizialera joan ohi naizela».

Gizakiak naturan duen inpaktuaz hausnartzen du ‘Grama’-k. Lanaren abiapuntua ‘Dammed If You Don’t’ dokumentalean entzundako esaldi bat izan zen: EITB-ko kazetari bat Itoizko urtegiaren sarreran zegoen zuzeneko konexioa egiten eta, obrak hasiak zirela eta, honakoa esan zuen: «Hemendik aurrera jada ez da Itoizen gertatzen ari denaren testigurik egongo». Baieztapen horri bueltaka galdera berriak agertu ziren: ia ezezaguna den zerbaiten lekuko izaterik ba al da? Posible al da ia ezezaguna den paisaia bat faltan sumatzea?

Nagore Chivite lantzen ari den ilustrazioen serietako bat.

Sorkuntza lan honekin animismo-prozesu batean murgilduta egon dela azaldu digu Chivitek, «toki horietako errealitatearekin konektatzeko». Fantasiaz baliatu da horretarako, hain justu, «leku bat ezagutzen dugun moduan aldatzen denean, leku hori izan zenaren inguruan hitz egiteko. Leku horrek izan zitzakeen aukera guztiak lantzeko; jada posible ez direnak». Hori da ‘Grama’, organikoaren eta artifizialaren, izan zenaren eta izan zitekeenaren arteko jolasa.

Ipuinen idazketan, urtegiaren inguruan aurkitu daitezkeen txoko ezkutu eta ahaztuekin egin du lan. «Oraindik ere ezer gutxi ezagutzen ditugun ekosistema perfektuen eszenatoki» moduan definitu ditu Chivitek. Sastraken artean bilatu du, «txikia den eta ezkutuan den horren artean dagoena tresna bilakatu dut, gureak ere badiren gatazkei ahotsa emateko». Klimatikoki bizi dugun «garai ilunaz» eta «naturarekin ditugun gatazkei» buruz mintzo da ‘Grama’.

«Txikia den eta ezkutuan den horren artean dagoena tresna bilakatu dut, gureak ere badiren gatazkei ahotsa emateko»

Ipuinak dira prozesuaren lehen partea, horietatik abiatuta sortzen ari da figurak eta marrazkiak. Bideo-ipuinak sorkuntza lan osoaren nahasketa bat izango dira. Chivitek azaldutakoaren arabera, ez dira istorio oso linealak izango, «marrazki edo argazki mugikorren antzeko zerbait izango dira eta off ahots bat izango dute gainetik». Bi pertsonaien arteko elkarrizketa izango da oinarria.

Pertsonaietako bat ipuinetan agertzen den zalduna izango da. Bigarrena, Itoizen ezustean agertu da. Aostarrarekin hitz egiteko aukera izan dugunean, figura eta eskulturak bukatzen eta bideoak grabatzen hastekotan zen, Ander Amuriza lagunarekin. Zeinek daki, baina, ‘Grama’-ren zirkulu lohitsua noiz itxiko den.